Korapiloa

100 urte betetzeko sekretua

Ihintza Elustondo 2026ko ekainaren 2a

Urtebetetze kandelak. (Pixabay)

Ihintza Elustondo kazetariak apirileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: '100 urte betetzeko sekretua'.

Gizartea zahartzen ari da, haur gutxi jaiotzen da, eta badirudi inork ez duela zaharra izan nahi. Adin batetik gora, ematen du dena dela mina, bakardadea eta tristura. Norbaitek zaindu beharra etortzen da, eta askotan hor sortzen da gatazka, haurrak ginenean eta beste hainbat egoeratan ere zainduak izan garela ahaztuta.

Bada, niri, adinean aurrera joandako jende ugari elkarrizketatzea tokatu zait azkenaldian, lana tarteko. Urolako trenaren bueltan ibilitako jendea, 100 urte bete dituzten bizpahiru emakume, baserrian bizi den beste bat...

100 urte bete dituzten pertsonekin elkartzean, jaioberri bat ikustean bezala jartzen naiz, bizitzako mirari bat begien aurrean izango banu bezala. Nahi gabe ere, beren bizitzako gorabeherei buruzko galderen artean, beti egiten diet galdera bera: zein da adin horretara iristeko sekretua?

Batek esan zidan pentsatzen dena esatea dela gakoa, barruan ezer ez gordetzea. Beste batek esan zidan jende onez inguratzea dela gakoa; honezkero badakigu harreman toxikoak lehenbailehen moztea dela egokiena. Errezilgo baserri batean bizi den Goizuetako (Nafarroa) emakume batek, berriz, esan zidan gauza txikiekin poztea dela gakoa, eta daukazunarekin konformatzea, etengabe behar berriak sortzera bultzatzen gaituen gizarte honetan. Inor dibortziatzen ez zen garaian dibortziatutako emakume bat ere elkarrizketatu nuen, eta haurrik izan ez zuenez, familiako ilobak, haien seme-alabak, denak, gonbidatzen ditu bere etxera bazkaltzera, bakardadeari aurre egiteko lehen urratsa norberak egin behar duela ohartuta. Beste batek esan zidan parranda asko egin behar dela, beste batek egunero bi orduko siesta egitea zela haren sekretua...

Sekretu horien guztien zerrendan, bat bada aho txikian kontatu zidatena

Batzuetan sentipena izaten dut bizitzaren azken etapara iristea inork nahi ez duen zerbait dela, baina oraintxe sinatuko nuke nik horrela iristea. Zahartzaroa gizartearen bazter batean ezkutatu beharreko zerbait dela dirudi, gazteak direla etorkizuna, baina zaharrak ere badira oraina; iraganeko ikasketarik handiena bizkarrean daramatenak, alajaina.

Seguru dakit egunero bi orduko siesta egitea ezinezkoa dudala, baina beste gomendio batzuk praktikan jartzea, agian, ez da hain zaila. Hala ere, sekretu horien guztien zerrendan, bat bada aho txikian kontatu zidatena, eta nire memorian hizki larriz apuntatu nuena.

Azkoitiko tren geltokian jaio zen Ixiar Letamendi Idigoras, aita Urolako treneko langilea zelako. Estazioz estazio bizi izan zen urte askoan, Urola ibaiaren bidea eginez, Zumaiara iristeraino. Zumaiartzat du bere burua, baina Azkoitiari "kariño berezia" dio.

1928ko irailaren 29an jaio zen, eta egun, 97 urte ditu. Elkarrizketan zehar, bere bizimoduaren gorabeherak azaldu zizkidan, estazioz estazio egindako ibilbidea, gerra garaiko kontuak... Baina kamerak itzalitakoan, besotik heldu eta ahotsa gehiegi altxatu gabe, "telebistaren aurrean esateko moduko kontua ez" zela iruditzen zitzaion gauza bat esan zidan: "Bizitza honetan ba al dakizu zer den garrantzitsuena? Maitatua sentitzea. Eta maitatua sentitzeko, maitasuna eman ere egin behar da".

Horixe ba, balio baldin badizue... Ea 100 urte harrapatzen ditugun!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide