Plaza Ondok bailarako jubilatuekin batera egingo du irteera maiatzaren 14an Oriora eta Aginagara

Andoni Elduaien 2026ko apirilaren 22a

Orio airetik.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako jubilatuek elkarrekin egingo dute egun pasa egun horretan. Datorren asteartean irekiko du Plaza Ondo elkarteak egun pasarako izena emateko epea. Elkarteko bazkideek 45 euro ordaindu beharko dute izen ematea, 50 euro bazkide ez direnek.

Urtero legez, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako jubilatuek Oriora eta Aginagara egun pasa egingo dute maiatzaren 14an, ostegunez. Egun horretan, 10:30ean abiatuko da autobusa Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik Oriora. Orioko San Nikolas elizan meza izango dute 12:00etan, eta elizkizuna bukatu ostean, 14:00 aldean, Aginagara joango dira, hango Errasti sagardotegian bazkalduko baitute. Bazkalostean, berriz, erromeria izango dute. 

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak datorren asteartean, hilak 28, zabalduko du egun pasara joateko izen ematea. Elkarteko bazkideek 45 euro ordaindu beharko dute izen ematea, eta bazkide ez direnek, 50 euro. 

Leonera bidaia

Bestalde, Azkoitiko zenbait jubilatu Leonen (Espainia) ibili dira azken egunetan. Hain justu, elkarteak antolatutako lau eguneko bidaian izan dira 42 herritar. Eguraldi ona eta beren arteko giro bikaina uztartuta, gogotik gozatu dute guztiek. Leongo eta inguruko herrietako hainbat eraikin eta pasaia ezagutzeko aukera izan dute bidaiari guztiek. 

42 lagunek parte hartu dute bidaian. (Utzitakoa)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide