Beste jardunaldi borobil bat Iraurgiren talde nagusientzat

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 19a

Biele ISBko kideak zaleen babesa eskertzen, atzo, Azpeitian. (Mikel Amenabar)

Biele ISBk garaipen erosoarekin itxi du Bigarren FEB ligaren fase erregularra Valladoliden kontra (100-84) eta igoerakoan murgiltzeko prest da. Domusa Teknik ISBk Paterna hartu du mendean azkenaurreko jardunaldian (84-80), eta eskura dauka sailkatzea.

Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiak sasoian iritsi dira denboraldiaren txanpa erabakigarrira. Atzo, biek jokatu zuten etxean, Azpeitiko kiroldegian, eta biak izan ziren irabazle.

Biele ISBk Espainiako Bigarren FEB ligako fase erregularraren azken partida jokatu zuen UEMC Baloncesto Valladolid taldearen kontra. Lehen FEB ligara igotzeko kanporaketetan arituko diren bi taldek neurtu zituzten indarrak atzo Azpeitian; etxekoek baino garaipen bat gehiago zuten atzora arte espainiarrek, baina azkenean, Iraurgik Valladolid berdindu du garaipenetan, eta sailkapenean gainditu ere bai: atzo 100-84 irabazita, Mendebaldeko multzoko sailkapenean hirugarren postua eskuratu du Iñigo Nuñezen taldeak, Valladolid laugarren tokian utzita.

Hasieratik izan zen nagusi Biele ISB atzo. Lehen hiru laurden. Lehen laurdenaren amaieran hamar puntuko aldea lortu zuen (29-19), eta alde hori areagotzea lortu zuen atsedenaldira joan aurretik (53-39). Kantxara itzulita, tentsioari eusten jakin zuten Iraurgikoek eta abantaila handitzeko baliatu zuten hirugarren laurdena. Azken laurdenaren atarian, 20 puntuko aldea zuten etxekoek (79-59), eta orduantxe jaitsi zuten zertxobait pistoia: 21-25 izan zen azken laurdenaren emaitza.

Domusa Teknik ISBkoak pozik, atzo, partidaren amaieran. (Mikel Amenabar)

Bakarra falta

Bigarren FEBen fase erregularra bukatu da, eta bukatzear da fase hori Espainiako LF Challenge ligan ere. Hain zuzen, atzo jokatu zuen Domusa Teknik ISBk azkenaurreko jardunaldiari zegokion partida. Sailkapenaren behekaldean baina jaitsieratik salbu ezer jokoan ez duen La Cordá de Paterna taldea hartu zuen Luis Agirre Katxi-ren taldeak atzo Azpeitiko kiroldegian, eta kostatu zitzaion garaipena bereganatzea.

Indartsu hasi ziren etxekoak, baina lehen laurdenean pilatutako hamar puntuko abantaila (21-11) ia erabat xahutu zuten atsedenaldira joan aurretik: Valentziakoak (Herrialde Katalanak) 19-27 nagusitu ziren bigarren laurdenean, aldageletara joan aurreko markagailua 40-38 estuan utzita. Atsedenaldiaren ondoren, suspertuta itzuli ziren kantxara Iraurgiren emakumeak (22-13 irabazi zuten hirugarren laurdena), azken laurdenean berriro lokartzeko (22-29). Hala ere, ez ziren erabat lokartu eta lau puntuko aldeari eustea lortu zuten (84-80).

Jardunaldi bakarra falta dela, lehen bederatzien artean sailkatuta dago Domusa Teknik ISB, igoerako kanporaketak jokatzeko aukera ematen duten postuetan, alegia, baina ez du erabat ziurtatuta postua, eta datorren asteburuan atzetik garaipen bakarrera duten Lima Hortaren etxean jokatu behar dute Iraurgiren emakumeek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide