Isilune Zirkuluak deituta, dozenaka lagunek apirileko elkarretaratzea egin zuten atzo, osteguna, herriko plazan. Munduan gerrarik ez dutela nahi aldarrikatu zuten haiek, eta adierazi "jakintza unibertsalak eta etika sakonek" erakutsi dietela bakea ezin dela indarrez inposatu.
Nabarmendu zuten bakea "adostutakoa" eta "justizian oinarritutakoa denean" dela bakarrik egiazkoa. "Agintea ez da gobernatzaile baten eskubidea, kargu baten erantzukizuna baizik: herritarrak babesteko eta haiek ez menderatzeko eginkizuna du. Agintarien betebeharra ez da beren burua aberastea, herriaren ongia zaintzea baizik". Esan horiek aintzat hartuta, adierazi zuten ez dutela onartuko inoiz indarkeria "gatazkak konpontzeko bide gisa" erabiltzea. "Gerra bakoitza gizateriaren porrot handi bat da", esan zuten.
Era berean, azpimarratu zuten mundu mailako nagusirik ez dutela nahi, ezta nazio indartsuenek "ahulenen gainean agintzerik" nahiz agintariek "herritarren bizitzak beren interesen truk" erabiltzerik ere. "Inor ez dago inoren gainetik duintasunean", azaldu zuten. Kontrara, justizia oinarri izango duen mundua nahi dute. "Justizia sozialik gabe bake iraunkorrik ez dagoela gogorarazten dugu".
Elkarretaratzea amaitu aurretik egin zituzten hitzok Azkoitiko Parrokiako ordezkariek; izan ere, erakunde horri egokitu zaio atzoko elkarretaratzea antolatzea. "Munduak ez ditu bere burua jabetzat duten nagusiak behar; munduak elkarrizketarako zubiak eraikitzen dituzten zerbitzariak behar ditu. Nazio indartsuenek ahulenak errespetatu behar dituzte, indarrak ez baitu eskubiderik ematen. Guztien artean adostutako bakea behar dugu, izan ere, bakea ez da armen isiltasuna soilik, justiziaren fruitua baizik", esan zuten.
Gatazka guztietako biktimak gogoan izan zituzten plazan bildutakoek, eta "bakearen hazia ereiteko" eskatu zuten. "Mundua zapaltzaile gutxi batzuk ari dira suntsitzen eta zutik mantentzen da gizaki solidario kopuru handi bati esker. Izan gaitezen horietakoak", adierazi zuten.