Bizkargi musika eta dantza eskolak Kantulab kantuko klase kolektiboen proposamen berria jarri du martxan. Ekimen horren bidez gazteei kantua modu partekatuan lantzeko aukera eskaintzea du xede eskolak, ahotsaren garapena sustatuz eta musikaz gozatzeko espazio atsegina nahiz motibatzailea sortuz. Proiektua hilaren 24an, ostiralez, jarriko dute abian, orduan egingo dute-eta lehen saioa.
Kantulab proiektuko parte-hartzaileek oinarrizko teknika bokala, arnasketa, intonazioa eta interpretazioa lantzeko aukera izango dute saioetan, betiere taldeko dinamiken bidez eta giro irekian. Eskolak azaldu duenez, proposameneko partaideek ez dute aurretiazko inolako esperientziarik behar saioetan parte hartzeko. Hori bai, eskolak nabarmendu du saio horiek 14 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoak direla.
Guztira, lau saio ireki egingo dituzte Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta guztiak izango dira doakoak. Hilaren 24ko lehen hitzorduaren ondoren, maiatzaren 8an nahiz 15ean eta ekainaren 12an egingo dituzte saioak, guztiak 18:00etan hasita. Bizkargi eskolaren proposamen berri horretan parte hartu nahi dutenek bizkargi@bizkargimusikaeskola.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute izena emateko.