Helduei zuzendutako filmak soilik egongo dira ikusgai asteburu honetan Baztartxon; igandean, Hodei guztien gainetik haurrentzako antzezlana aurkeztuko baitute antzokian, 17:00etan. Beraz, helduentzako Lapönia filma emango dute larunbatean eta igandean 19:30ean; eta astelehenean, 20:00etan. Era berean, El agente secreto filmaren zineforum saioa eskainiko du Matadeixe Zinetogram taldeak, asteartean 20:00etan.
Lapönia filmean, Nuria Laponian bizi da, Olavi senarrarekin eta alabarekin. Urteak daramatza festak bere ahizparengandik bananduta ospatzen, beraz, Monica ahizpa, haren senarra eta bien semea gonbidatzea erabakiko du Nuriak, Romanieviko etxean Eguberri zoragarriak ospa ditzaten. Guztia primeran joango da, Nuriaren alabak lehengusu txikiari Bizarzuriren existentziaz egia kontatzen dion arte. Gabon berezienak izan behar zuenak, ahizpen, koinatuen eta lehengusuen arteko borrokan bihurtuko da bat-batean. Sekretu aitorrezinak azaleratuko dira gau horretan, eta egokiena zer den eztabaida zabalduko dute, egia kosta ahala kosta kontatu ala ilusioari eutsi, gezurretan oinarrituta bada ere.
El agente secreto filmak 1977. urtera eramango du ikuslea. Brasilgo diktaduraren garaian, iragan bortitzetik ihesi doan Marcelo irakaslea Recife hirira itzuliko da, bertan bizitza berri bat eraikitzeko eta bere semearekin elkartzeko asmoz. Ordea, azkar konturatuko da hiria ez dela berak bilatzen duen babeslekua, gobernu-indarrak atzetik izango baititu, baita heriotza-mehatxuak ere.