Biele ISBk garaipen handia eskuratu zuen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian. Iñigo Nuñez entrenatzaileak zuzendutako taldea Jaen Paraiso Interior CBren aurka aritu zen bere zaleen aurrean, eta 102-71 nagusitu zen. Play-off kanporaketetarako sailkatuta, taldeak itxura aparta erakutsi zuen maila ez galtzea jokoan duen Jaengo (Espainia) taldearen aurka.
Otsoek lehiaren hasieratik ezinegona sortu zioten aurkari. Aurkariak, dena jokoan izan arren, intentsitate gutxi erakutsi zuen kantxan, eta hori ezin hobeto baliatu zuen Nuñezen taldeak, lehen laurdenaren amaierarako lehia kasik bideratuta utziz. 33-18 emaitza erakusten zuen Azpeitiko kiroldegiko markagailuak lehen hamar minutuen ondoren. Atsedenaldiaren aurretik bisitariak saiatu ziren ISBren ausardia parekatzen, baina Nuñezenek maila aparta erakutsi zuten. Erasoan bikain aritu ziren otsoak, nahiz eta puntuz urrien haiek bigarren laurdenean aritu. Dena den, 49-33 emaitzarekin hartu zuten bi taldeek aldageletarako bidea.
Bigarren zatian gauza gutxi aldatu zen kantxan. Biele ISB goitik behera nagusitu zitzaion arerioari. Gainera, lehen zatian batutako puntu kopurua hobetu ahal izan zuten otsoek bigarrenean, 100 puntuko langa gainditzeko gai izan ziren eta. Kopuru horretara iritsi ahal izateko, ezinbestekoa izan zen Nazir Williamsen ekarpena, joko antolatzaile estatubatuarra izan baitzen Biele ISBko jokalari onena. 26 puntu saskiratu, lau errebote pilatu eta bost asistentzia emanda, Williamsek 28 puntuko balorazioa eskuratu zuen. Ordea, atzo ere agerian utzi zuten Biele ISBk taldea play-off kanporaketetara susperraldi betean iritsiko dela. Guztira, 38 hiruko jaurtiketa egin zituzten Azkoiti-Azpeitikoek, eta horietatik hamazazpi asmatu zituzten.
Datorren asteburuan jokatuko dute Nuñezenek denboraldi erregularreko azken neurketa, eta haren ostean hasiko dira Lehen FEB Mailara igotzeko kanporaketak jokatzen. Denboraldiko azken jardunaldian, ISBk UEMC Baloncesto Valladolid taldearen aurka neurtuko ditu indarrak etxean –Biele ISBk baino garaipen bat gehiago du Valladolideko (Espainia) taldeak–. Zapatuan 20:00etan jokatuko dute bi taldeek lehia, Azpeitiko kiroldegian. Play-off kanporaketetarako parte hartzea ziurtatuta, sailkapenean koska bat gora egiteko aukera izango du larunbatean Azkoiti-Azpeitiko taldeak.
Garaipena Kanarietan
Emakumeen Domusa Teknik ISBk ere garaipena eskuratu zuen zapatuan, Tenerifen (Espainia). Luis Agirreren taldeak 59-78 hartu zuen mendean La Laguna Toyota Adareva taldea. Lehia parekatuta hasi bazen ere, ISBk bigarren laurdenean hautsi zuen oreka, eta atsedenaldirako hamabost puntura eraman zuen bere alde zuen errenta; 30-45 zen aurretik Azkoiti-Azpeitiko taldea lehen hogei minutuak jokatu eta gero.
Abantaila handia izanagatik ere, otsoek ez zituzten besoak jaitsi, eta gogotik jarraitu zuten lanean. Agirrerenek play-off kanporaketetara sailkatzeko aukera handiak dituzte, eta azken asteetan helburu hori lortzeko ari dira lanean. Tenerifen jokatutako hirugarren laurdenean ere aurkariak baino gehiago izan zen ISB kantxaren bi aldeetan, eta hala, aldea hemeretzi punturaino eraman zuten (45-64). Azken hamar minutuak tramite hutsa izan ziren, baina otsoek aukera gutxi eman zizkioten etxeko taldeari. Hala, denboraldiko hamabigarren garaipena eskuratu zuen Agirreren taldeak.
Skylar Van pibota izan zen ISBko onena Tenerifen, 17 puntu saskiratu, bost errebote pilatu eta lau asistentzia emanda. Estatubatuarrak, guztira, 28 puntuko balorazioa eskuratu zuen hala. Denboraldi erregularra amaitzeko bi jardunaldi falta zaizkio ISBri, eta datorren asteburuan etxean, Azpeitiko kiroldegian jokatuko du taldeak. Paternako (Herrialde Katalanak) La Cordá de Paterna NB taldea izango dute arerio otsoek, zapatuko 17:00etan. Hilaren 25ean, berriz, Bartzelonan jokatuko dute Agirrerenek MCR Lima-Horta Barcelona taldearen aurka. Azken lehia horretan joka lezakete bi taldeek play-offetarako sailkapena.