Azkoitian zehar ibiliko da Euskal Herriko Itzulia ostiralean eta zapatuan

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 9a

Txirrindulariak Madariagan behera, 2024ko Itzulian. (Maddi Txintxurreta)

Bihar, Azurkitik eta Madariagatik behera zeharkatuko du herria bosgarren etapak. Zapatuan, berriz, birritan igaroko da probaren azken etapa Elosutik eta Azkaratetik.

Azkoitiko errepideetan sartu-irtenean ibiliko da datozen egunetan gizonen Euskal Herriko Itzulia. Bihar, ostirala, Eibarren hasi eta Eibarren bukatuko da txirrindularitza probaren bosgarren etapa, eta Azurkitik eta Madariagatik behera zeharkatuko dute herria txirrindulariek, Azpeitia aldera joateko. Etzi, berriz, Goizper-Antzuola eta Bergara arteko azken etapa birritan igaroko da Elosuko eta Azkarateko mendateetatik, eta batetik besterako bidean, herritik.

Bihar, Lasturretik gora, 13:40 eta 13:45 artean harrapatuko dute lehen txirrindulariek Azurkiko gaina. Handik behera, minutu gutxiren buruan iritsiko dira Madariagara; eta Madariagatik Azkaraten behera iritsiko da lasterketa Azkoitira. Mekoletako eta Altzibarko biribilguneetan barrena, saihesbidea hartu eta Azpeitirako bidea hartuko dute txirrindulariek. Antolatzaileek ez dute Madariaga eta Loiola arteko pasoko denborarik zehaztu ibilbide orrian.

Zapatuan, gozamena bikoitza izango da Azkoitiko txirrindularizaleentzat. Izan ere, birritan igaroko da Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etapa herriko errepideetatik. Bergaratik igota, 14:55 eta 15:00 aldean harrapatuko du lasterketa buruak Gorlako gaina lehen itzulian; Elosura jaitsiko dira handik, eta 15:10-15:15 harrapatuko dute Elosu barreneko bidegurutzea. Azkoiti aldera hartuta, Azkarate lehen aldiz igoko dute; 15:18 eta 15:25 artean espero dituzte gainean antolatzaileek. Bigarren itzulian, berriz, Gorlako gaina 16:00 eta 16:10 artean harrapatuko du lasterketa buruak, eta 16:18-16:32 artean hasiko dira Azkarate igotzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide