Udalak pantaila handia jarriko du plazan Espainiako Kopako finala ikusteko

Ane Olaizola 2026ko apirilaren 1a

Realeko zaleak. (Reala)

Realak eta Atletico Madrilek apirilaren 18an jokatuko duten Espainiako Kopako finala zuzenean jarraitzeko aukera izango dute zaleek herriko plazan, eta aurrez Sugarri txaranga arituko da kaleak girotzen. 

Gipuzkoako beste hainbat udalerritan bezala, Azkoitian ere pantaila handi baten bidez jarraitu ahal izango da Realak eta Atletico Madrilek jokatuko duten Espainiako Kopako finala. Apirilaren 18an Sevillan (Espainia) jokatuko duten finala "edonolako gertaera" ez dela argudiatuta, udalak azaldu du herritar guztiei eman nahi diela aukera norgehiagoka horretaz "gozatzeko", eta horregatik jarriko du erakundeak 6x3 metroko pantaila erraldoi bat herriko plazan, nahi duen orok "partidaren inguruko xehetasunik gal ez" dezan. 

"Sevillara joan ezin duten zaleek ahalik eta gehien gozatzea da gure nahia, eta talde txuri-urdinarekin batera Igor Zubeldia azkoitiarra animatzea, festa eta ospakizun giroan. Zuzenean eta herri gisa bizi nahi dugu egun horretan La Cartuja estadioan biziko dena ", adierazi du Igor Isuzkiza Kirol zinegotziak.

Egun horretan, 21:00etatik aurrera jarraitu ahal izango da zuzenean partida, eta finala hasi baino lehen, 18:45etik aurrera, kaleak girotzen arituko da Sugarri txaranga. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide