Iraurgi SBren bi talde nagusiek garaipena lortu dute

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 30a

Atzo arratsaldean Biele ISBren eta Ponferradaren arteko neurketa Azpeitiko kiroldegian. (Mikel Amenabar)

Zilarrezko LEB mailako Biele ISBk mendean hartu du Ponferrada Azpeitiko kiroldegian, eta LF Challenge mailako Domusa Teknikek Ardoiri irabazi dio etxetik kanpo. 

Iraurgi saskibaloi klubaren bi talde nagusiek atzo, igandea, jokatu zuten eta biek garaipena lortu dute. Gizonen Zilarrezko LEB mailako Biele ISBk Ponferradaren kontra jokatu zuen atzo arraldean, 18:00etan hasita, Azpeitiko kiroldegian. Partidaren hasieran bi taldeei asko kostatu zitzaien saskiratzea, baina lehen laurdenaren bigarren zatian etxeko taldea abantaila lortzen hasi zen, eta hurrengo laurdenean aldea handitzen jarraitu zuen, atsedenaldira hamabi puntuko abantailarekin iritsita (36-24).

Bigarren laurdenaren hasieran Ponferradakoak suspertu egin ziren, baina alferrik, Biele ISBk Ponferradaren erasoaldiei eutsi zielako, eta azken laurdenera abantaila handiagoarekin iritsi zelako (59-45). Azken laurdenean, Biele ISBk gauzak are okerrago jarri zizkion aurkako taldeari eraso eginez. ISBkoak abantaila handitzen joan ziren, hogei puntu gehiago lortuz eta Ponferrada zulora bultzatuz, hala etxekoen alde 85-64 bukatu zen partida.

Datorren asteburuan Caja 87 taldearen kontrajokatuko du ISBren Zilarrezko taldeak, apirilaren 5ean, igandean, 12:30ean, Sevillan.

Emakumeek ere irabazi

Emakumeen Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk ere atzo jokatu zuen, baina 12:00etan, Zizur Nagusian (Nafarroa). Ardoiren kontra garaipena lortu zuen. Aurreneko laurdenean hiru puntuko abantaila atera zioten Azpeitiko taldekoek aurkariei, eta 14-17 hasi zuten bigarren laurdena. Erosoago jokatu zuen Domusa Teknik ISBk, eta abantaila hartu zion Ardoiri. Atsedenaldira 19-28 emaitzarekin iritsi ziren.

Atsedenaldiaren ostean, ISBkoek aurrerapauso bat eman, Ardoi ezustean harrapatu, eta abantaila 21 puntura igo zuten (25-46). Azken laurdena 31-46 markagailuarekin hasi zuten. Iraurgikoek jokoaren nondik norakoa ikusten jakin zuten, eta abantailari eutsita 42-61 irabazi zuten.

Datorren asteburuan etxean jokatuko du Challenge Ligako Domusa Teknik ISBk Celtaren kontra. Apirilaren 4an, larunbatean, 18:00etan, Azkoitiko kiroldegian jokatuko du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide