Jamal Gharbaouiren (Meknes, Maroko, 1973) etxean sartu orduko nabarmentzen da artearen esentzia zintzilikatutako kuadroei zein zizelkatutako hormari esker. Etxeko edozein zokotan dago artelanen bat, kolore argiak zein ilunak nabarmentzen dira, eta Irteerarik gabe deituriko artelana parean daukala ekin dio berriketaldiari. Mihiseen, oihalen eta torlojuen gainean olioz egindako pieza da hark aurrean duena, hegazti bakar baten irudiz osatua; alderantziz begiratuz gero ere, irudiak bere horretan jarraitzen du. Artelanak ez ditu hormetan zintzilikatuta soilik; horma bera ere artelan bihurtzen du marokoarrak, zizelkatzearen bidez. Horma horri begira, munduan halako bi margolan ez daudela esan du. Etxetik kanpo, berriz, leihoak jartzen egiten du lan, baina artista sena albora laga gabe.

Umetan arkatz bat eskuetan zuen haur hark zuen grina mantendu egin du urteotan. Azkoitian margolari ibilbidea berreraikitzen hasi bada ere, Marokon eman zituen lehen urratsak arkatz zein klariona artean. Dena den, inork gutxik jakingo du haren lanen berri, itzalpean aritu izan baita urte askotan. Iazko abenduan, ordea, Azpeitiko Arte Azokan parte hartu zuen beste zazpi sortzaile azkoitiarrekin zein azpeitiarrekin batera. Berak ondutako lan surrealistak jendeari erakusteko modua izan zen azoka, baina hitzordu hark artistekin harremanak eraikitzeko ere balio izan ziola azpimarratu du, irribarretsu. Lanak jendaurrean erakusgai jarri ostean, webgune bat ere jarri du martxan, eta han erakutsiko ditu bere obrak. Gaur-gaurkoz, lanak saltzea ez da Gharbaouiren helburu nagusia, baina "ilusioz" dago berriro margotzen hasteko.
Hain zuzen ere, berriz margotzeari ekiteko lokal bat erosi du duela gutxi, etxean horretan aritzea ezinezkoa baitzaio; emazteak zein alabetako batek pinturari alergia diete. Hori horrela, etxean marraztu egiten du, eta jardun horri eskainitako orduak txukun bilduta dauzka koaderno batean. Inspirazioa non aurkitzen duen galdetu orduko, txori bat margotuta duen plater bat hartu du eskuetan: "Batzuetan neuri okurritzen zait zer margotu, eta besteetan, kopiatu egiten dut; txori hau kasu". Margoen bidez ideia politikoak, mundu ikuskerak edota sentimenduak adierazten saiatzen da, ez koadro soilak marrazten. Gainera, ez du estilo bakarra jorratzen, akrilikoan, olioarekin edota txarrantxarekin aritzen baita lanean, besteak beste. Margotzerakoan, "oso bakartia" dela aitortu du artistak; isiltasunean bakarrik egotea gustatzen zaiola gaineratu du. Halaber, margotzeko musika ez duela "sekula" jarri adierazi du.
Klarionetik koadroetara
Marokoko Meknes herrian jaio zen Gharbaoui, eta gogoan dauka haurra zenean eskolako mahaietan marrazten aritzen zela: "9 urterekin, irakasleak ez zidan sinetsi mahaiko marrazki hura neuk egindakoa zela. Neukan adinerako oso ondo moldatzen nintzen". Autodidakta izan da; bere kasa ikasi zuen marrazten, margotzen zein zizelkatzen. Bere sorterrian bazen margolarientzako institutu bat, baina "ikasle txarra" zela esan du, eta beraz, ezin izan zuela han ikasi. Hori, ordea, ez zen eragozpena izan artistaren garapenerako: mahai ertzak txiki gelditzen zitzaizkion nonbait, eta eskolaren atarian klarionarekin muralak marrazten hasi zen 12 urterekin. Horrez gain, eskultore lanetan ere aritutakoa da Marokon, eta horretarako grina ere umetan piztu zitzaiola adierazi du.
Hain zuzen, lagun zituen eskultoreen bitartez ekin zion Gharbaouik ibilbide profesionalari, marrazketarako zeuzkan dohainak zizelkatzeko ere "oso baliagarriak" izango zitzaizkiola iritzita. Lanean hasi zenean ez zeukan inolako ikasketarik, ez zuen egin gradurik edota ikastarorik, baina hasi eta berehala postu ona lortu zuen, eta gerora, eskultoreen enpresa bateko nagusi izatera ere iritsi zen. Han, bezeroen "kapritxoak" asebetetzeko lan egiten zuela esan du Azkoitiko bizilagunak: "Hango artea aberatsentzat izaten da, eta artelan famatuak gustatzen zaizkie; obrak ez dituzte politak direlako erosten". Artistaren esanetan, Marokon oso ohikoak dira sabai eta horma zizelkatuak.

Lanak erakarrita etorri zen artista jaioterritik Euskal Herrira, baina Europara askatasun bila iritsi zela esan du, eta irribarrez aitortu du aurkitu duela. 2004an heldu zen Miarritzera (Lapurdi), pertsona dirudun baten etxea zizelkatzera; lau hilabetetarako lan zen, eta hark bisa zein bidaia ordaindu zizkion. Miarritzen zela hainbat margoz beteriko maleta bat erosi zuela oroitu du artistak: "Koloreak nahastea esperimentu bat izan zen niretzat, ez bainekien nondik hasi". Materialak eta aukerak ez ziren berberak Marokon eta Euskal Herrian, eta argi zeukan geratzeko etorri zela. Miarritze utzita, Bilbon lau hilabeteko egonaldia egin zuen lagun baten etxean, eta 2005ean heldu zen Azkoitira estreinakoz. Herrian lana "erraz" lortu zuela dio.
Dena den, zizelkatzaile jardunari utzi egin zion Euskal Herrian, lan falta medio. Marokon bai, baina Euskal Herrian ez da ohikoa sabaiak eta hormak zizelkatzea, eta ondorioz, lana albo batera laga behar izan zuen. Hala ere, oraindik tarteka zizelkatze lanak egiteko deitzen diotela esan du artistak. Besteak beste, Getariako Cristobal Balenciaga museoan aritutakoa da lanean.

2007an, berriz, langabezian gelditu zen, eta orduan ekin zion koadroak margotzeari. Egin zuen lehen artelanetako bat izan zen bi urtez ondutako lauburu bat. Euskal Herriari eskertze moduan egin zuen lan hura, ikurrinaren kolorez atondutako koadroa: "Oso eskertuta nago Euskal Herriarekin; izan ere, lehen unetik ateak ireki zizkidaten herritarrek, eta segurtasuna eskaini ere bai". Lanerako arazorik izan ez badu ere, jendearen aldetik "konfiantza falta" sumatu duela esan du ahoa okertuz; sarritan sumatu izan du, bere itxura medio, jendea ez dela berarekin fio.
Etxeko koadroei begiratzen dion mimo berarekin begiratzen die bi alabei ere, eta bere lanetan uzten du haien esentziarik. Izan ere, bere izen-abizenak aparte utzita, Abo MN gisa sinatzen ditu bere lan asko. Abo-k aita esan nahi du Marokon, eta M eta N bere alaben inizialak dira. •
Motzean
- Adina: 53 urte.
- Ikasketak: Oinarrizko ikasketak.
- Lanbidea: Leihoen errematatzailea.
- Artista ez banintz... ez dakit zer izango nintzatekeen.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... filmak ikustea eta sendagaiak sortzea.