Duela 50 urte, 25 urte zituela izendatu zuten Felix Azurmendi (Urretxu, Gipuzkoa, 1950) apaiz. Gipuzkoako hainbat herritako parrokoa izan da, baina beste zenbait arlotan ere izan du zereginik. Besteak beste, Gizakia Helburuko zein Caritaseko arduraduna izandakoa da, eta Juan Maria Uriarte gotzain zenaren bikario nagusia ere izan zen. 13 urte daramatza Azkoitiko Parrokiako erretore, eta hain justu, herrian ospatu ditu bere apaizgoaren urrezko ezteiak. Urtemuga horren harira, gainera, lagunarteko bazkaria antolatu du Parrokiako taldeak gaurko.
Urretxun jaio zinen 1950ean. Nola oroitzen duzu zure haurtzaroa?
Oso haurtzaro zoriontsua izan nuen. Urretxuko Ipeñarrieta auzoan bizi izan ginen aurrena, eta 9 urte nituela Donostiako Ategorrieta auzora lekualdatu ginen etxekook, aitaren lanaren ondorioz. Kalean jolasean ibiltzen ginen uneak oso gogoan ditut.
Noiz jakin zenuen apaiz izan nahi zenuela?
Nire bokazioa egosten joan zen pixkanaka. Ategorrietan bizi ginen garaian, On Juan Uribesalgo zen hango erretorea, eta hark eragina izan zuen nigan. Gizon ona zen, santu bat, behartsuei laguntzen ziena eta auzoan ere maitea zena. On Juanen irudi on hori barneratu egin nuen, eta 13 urterekin joan nintzen seminariora, On Juan erreferente hartuta edo. Ordurako banuen apaiz bokazioa, baina ume batek izan dezakeen modura, beste ezer baino gehiago ilusioa zen niretzat.
Zer moduzko urteak igaro zenituen seminarioan?
Aurrena Saturrarango [Mutriku, Gipuzkoa] seminariora joan nintzen, eta gero Donostiakora. Ondoren, institutuan hasi nintzen, Donostian bertan, eta beste edozein neraberen bizimodua egin nuen. 17 edo 18 urterekin iritsi zitzaidan niri ere ikasketak aukeratu beharreko unea, eta zalantzak izan nituen. Historia atsegin nuen, baina historiagile asko eta apaiz gutxi egongo zirela eta, Teologia ikasten hasi nintzen, Donostiako seminarioan. Ikasle gutxi batzuk baino ez ginen han, ja apaizen gainbehera hasita baitzegoen.
Etxean nola hartu zuten apaiz egiteko erabakia?
Amak oso pozik, erlijiosoa zelako, eta artean bizirik ziren bi amonek ere gustura hartu zuten berria. Aitak, aldiz, ez zidan ez joatekorik esan, baina animo handirik ere ez nuen jaso haren aldetik, eszeptiko samarra zen eta. Halaxe esan zidan, harriduraz: "Hik zer egin behar duk han?".
"Gizakia helburukoa egin dudan lanik zailena izan da. [...] Halako zerbitzuetan egotea baino nahiago dut igandeetan meza ematea"
Nola oroitzen duzu apaiz izendatu zintuzten unea?
Matxinbentako erretore izendatu ninduten segituan. Garai hartako oroitzapen oso onak ditut, oso jende ona izan bainuen alboan hastapenetan. Egon naizen herri eta auzo guztietan aurkitu dut lagunduko didan norbait, eta Matxinbentan ere bazen halakorik; Endrioko Maria, Zuanetako Dolores eta haren seme Joxe oso gogoan ditut. Geroago, Beizamako eta Nuarbeko erretore ere izan nintzen. Urte haietan Urrestillan bizi izan nintzen, beste apaiz batekin batera. Gazteak ginen, eta Urrestillan gazte asko bizi zen garai hartan. Larunbat iluntzetan alde batetik bestera ibiltzen ziren haiek festan, eta gu ere han izaten ginen. Oroitzen dut behin berandu itzuli ginela etxera, eta igande goizean meza eman behar nuela Matxinbentan. Iratzargailua jarri arren lo hartu nuen, eta berandu iritsi nintzen mezara. Denak zain zeuden elizara sartu nintzenean, errosarioa errezatzen ari ziren, eta ikaragarrizko lotsa pasatu nuen. Jende oso ona zen; pentsa, denak zain egon ziren ni iritsi arte.
Matxinbentako, Beizamako eta Nuarbeko erretore karguetan izan ondoren, zer egin zenuen?
Trintxerpeko [Pasaia, Gipuzkoa] parroko izendatu ninduten. Hango egonaldian gazte jendearekin lan asko egin nuen, kanpamentuetan eta. Gero, gotzain izendatu zutenean, Jose Maria Setienek Gipuzkoan gazteekin egiten zen lanaren arduradun jarri ninduen. Baina ez nintzen denbora askoan aritu horretan; betidanik izan dut sen kontenplatiboa, eta handik hilabete batzuetara, Olibako monasteriora [Zarrakaztelu, Nafarroa] joatea erabaki nuen, harmonia aurkitzeko edo.
Atzera erretoretzari heldu al zenion gero, ezta?
Horixe zen nire nahia, baina Jose Maria Setien orduko gotzaina asko tematu zen ni Gizakia Helburuko arduradun izatearekin, eta ardura hori hartu behar izan nuen. Ordura arte arduradun izan zen Iñaki Aldabalde gaixotu eta hil egin zen, eta nik heldu nion haren lekukoari. Hasieran ez nuen garbi ikusten nik han ekarpenen bat egin nezakeenik, drogaz ez nekielako ezertxo ere. Erromara joan behar izan nuen ikastaro bat egitera, droga eta haren terapia zer ziren ikasteko. Azkenean, bederatzi bat urtez egon nintzen Gizakia Helburuko zuzendaritzan.

Gogorra egin al zitzaizun Gizakia Helburuko zeregina?
Alde batetik, poz handia ematen zidan pertsonak errekuperatzen ikusteak, horiek drogaren atzaparretatik aldendu zirela jakiteak. Baina urte zailak ere izan ziren, neketsuak, pertsona asko gaindosiarekin edota hiesarekin hiltzen ikusi nituelako. Gizakia Helburukoa egin dudan lanik zailena izan da, dudarik gabe.
Izan ere, arlo ezberdin askotan aritu zara lanean. Caritaseko arduraduna ere izandakoa zara.
Gizakia Helburuko egonaldiaren ostean berriro joan nintzen Olibako monasteriora, indarberritzea behar bainuen. Handik Itziarko [Deba, Gipuzkoa] erretore izatera pasatu nintzen, eta gero, Caritaseko ardura hartu nuen, Juan Mari Uriarte gotzain izendatu zuten arte. Uriartek bere laguntzaile zuzenak izango ziren bi bikario nagusi izendatu behar zituen, eta bozketa bidez, Patxi Azpitarte eta biok aukeratu gintuzten zeregin horretarako. 2001etik 2010era arte aritu nintzen eginkizun horretan.
"Ezin dut sinetsi 50 urte igaro direnik. Nire kristau bizitzari begiratuta, beti pentsatu izan dut oso bizimodu aberatsa izan dudala"
Nahiago al dituzu erretore lanak?
Apaiz arrunt bat naizela sentitu izan dut beti, eta apaiz arrunt batek parrokiako lana nahiago izaten du. Parrokiatik kanpo egin ditudan gainontzeko zereginak nahiko konplikatuak izan dira niretzat, eta halako zerbitzuetan egotea baino nahiago dut igandeetan meza ematea.
Zerbitzuak alde batera utzi eta erretore lanetan hasi zinen berriro. 13 urte daramatzazu Azkoitian parroko. Zer moduz?
Lehen esan bezala, leku guztietan aurkitu dut lagundu didan jende ona, baita Azkoitian ere. Azkoitiarrek oso ondo hartu naute hasieratik herrian, eta ez dut inolako arazorik izan. Oso gustura nago.
13 urtean aldaketarik nabaritu al duzu herrian?
COVID-19 pandemiaren ondorenean jaitsiera nabaritu nuen elizan, ordura arte mezara igandero joateko zuten ohitura galdu egin baitzuten batzuek. Horrez gain, hamahiru urtean herritar ugari hil dira, asko adinekoak eta mezara joaten zirenak. Hala ere, bitxia da, baina hamahiru urtetan hil diren herritarrak zenbatuta, elizak erabat hutsik egon beharko zukeen, eta ez da halakorik gertatu. Uste dut elizarako ohitura galduta zuten bakarkako batzuk atzera mezara joaten hasi direla.
50 urte igaro dira apaiz izendatu zintuztenetik. Zer esango zenuke urte horiez guztiez?
Oraindik ezin dut sinetsi 50 urte igaro direnik, ikaragarri azkar pasatu zait denbora! Nire kristau bizitzari begiratuta, beti pentsatu izan dut oso bizimodu aberatsa izan dudala. Kanpotik begiratuta aspergarria emango du agian, baina asko bete nauen bizimodua izan dut. Tartean sufritu ere egin dut, noski, baina sufrimendu gabe ez dago bizitzarik. Esperientzia gogorrek ikasteko balio izan didate.
Etorkizunerako zer aurreikuspen dituzu?
Oraindik ez naiz erretiratu, apaizok atzetik ez daukagulako jarraipen handirik. Momentuz, osasunak laguntzen didan bitartean behintzat, Azkoitian geratuko naiz.