Erretratua

Alazne Lizundia: "Saskibaloiak askatasun fisikoa ematen dit, eta arteak mentala"

Anitz Urkizu 2026ko martxoaren 24a

Alazne Lizundiaren erretratua. (Olatz Alkorta)

Kirola eta artea, saskibaloia eta sormena uztartzen ditu Alazne Lizundiak bere egunerokoan. Oreka sentintzeko, bi arloak zaizkio ezinbestekoak ISBko emakumeen talde nagusiko kapitain eta Arte eta Diseinu Ikastegiko irakasleari. Azpeitia Guka aldizkariaren otsaileko zenbakitik ekarritako Erretratua da honako hau.

Kantxaren indarra, arkatzaren lasaitasuna eta umeen algarak gurutzatzen dira Alazne Lizundiaren (Azpeitia, 2001) egunerokoan. Arte Ederretan graduatua eta Arte Terapian espezializatua, gaur egun Arte eta Diseinu Ikastegiko (ADI) irakaslea da, eta aldi berean, Iraurgi saskibaloi klubeko jokalaria, Domusa Teknik ISB taldeko kapitaina eta saskibaloiko entrenatzailea. Kirola eta artea, bata bestearen bidelagun, bien arteko orekan aurkitu du azpeitiarrak bere lekua.

Saskibaloiarekiko lotura txikitatik datorkio Lizundiari, eskolartekoetan hasi baitzen jokatzen, eta handik gutxira, Iraurgiko teknifikazio eskolan murgildu zen. Ordutik, urtez urte, baloiari eutsi dio etenik gabe. Kirolzalea izan da betidanik, eta bere garaian futbola edo saskibaloia zer aukeratu zalantza izan bazuen ere, kantxa estaliaren aldeko hautua egin zuen. Orduan amak ere arnasa lasaiago hartu zuela gogoratu du irribarrez; barruan jokatzen delako, eta ez euripean edo hotzetan.

Kirolak balioetan hezten duela argi du Lizundiak, eta haren ustez, funtsezkoa da komunikazioa: "Elkarrekin ondo hitz egin ezean, taldea ez da aurrera joango". Talde lana, errespetua eta ondokoa epaitu gabe ulertzeko gaitasuna ere nabarmendu ditu. Halaber, egun txarrak denek izaten dituztela gogorarazi du, eta horregatik, bestearen azalean jartzea ezinbestekoa dela uste du. Diziplina ere beharrezko osagaia da saskibaloian; izan ere, astean lau egunez entrenatzen dute, eta astebururo partida jokatu: aste batean etxean, hurrengoan kanpoan. "Gogoa eta diziplina behar dira, fisikoa nahiz mentala", esan du, nahiz eta gaztetan horri eustea kostatu egiten dela aitortu duen.

(Argazkia: Utzitakoa)

Saskibaloiko ibilbidean oroitzapen ugari pilatu ditu, eta horien artean duela gutxi bizi izandako bat etorri zaio bereziki gogora: Intza Lizarazu eta Juana Molina jokalarien erretiroa. Une gazi-gozoa izan zen hura azpeitiarrarentzat: "Zorte handiko sentitzen naiz haiekin bidea partekatu izanagatik, baina aldi berean, pena ere sentitzen du, etapa baten amaiera izan delako". Dena den, saskibaloiak asko ematen diola esan du: lagunak, osasuna, diziplina, gozamena, ihesbidea... Eta egun txarra duenean, entrenamenduak arnasa hartzeko tartea eskaintzen diola adierazi: "Kontzentrazioa eskatzen du entrenamenduak, eta horrek burua kezketatik aldentzen laguntzen dit; izan ere, asko pentsatzen duen pertsona naiz". Eta badaki saskibaloiak, asko ematearekin batera, asko kentzen duela: "Denbora asko eskatzen du, eta askotan lagunen planak edo festak alde batera utzi behar izaten ditut".

Dabilenak noizbait erortzeko arriskua ere izaten du, gainera, eta horrelakorik ere bizi izan du Lizundiak. Izan ere, duela pare bat urte lunbarreko nerbio estutzea izan zuen, eta hilabete batzuk geldirik egon behar izan zuen, eta sudurra bi aldiz hautsi du. Hala ere, lesioek ez dituzte inoiz bere jokatzeko gogoa eta grina itzaldu. "Zortea izan dut, ez dut-eta lesio larririk izan", gaineratu du.

Noizbait lehen mailan jokatzearekin egin izan du amets, baina errealitateak bestelako oreka bat eskatzen duelakoan dago, kantxatik kanpoko bizitza ere landu egin behar dela uste baitu. Lizundiaren arabera, gorengo mailara iristeak beste guztia alde batera uztea eskatzen du, eta azpimarratu du ISBn oso gustura dagoela: "Non egongo naiz etxean baino hobeto?".

Ertzak proiektuaren barruan egindako lan bat. (Alazne Lizundia)

Ardurak ere bai

Saskibaloi klubak proposatuta, martxan den denboraldian Iraurgiko emakumeen talde nagusiko, Domusa Teknik ISBko, kapitain ardura du azpeitiarrak. Hain zuzen ere, aurreko kapitaina, Intza Lizarazu, erretiratu eta gero hartu zuen postu hori. Ardura horrek hasieran "errespetua" eman ziola aitortu du, baina hartutako erabakiarekin "oso gustura" dago, esperientzia aberasgarria izaten ari delako. Saskibaloia beste ikuspegi batetik bizi du orain, lasaiago, besteei adiago. "Haserretu ere, orain gutxiago haserretzen naiz", esan du irribarrez. Momentu zailetan burua hotz eduki behar izaten duela adierazi du, eta presioa arintzen eta lasaitasuna transmititzen saiatzen dela, guztien arteko talde lana baita helburuak lortzeko gakoa.

Jokalari izateaz gain, entrenatzaile lanetan ere hasi da Lizundia aurten; kadete nesken taldearen gidaritza hartu du. Klubaren eskaerari gustura eman zion baiezkoa, eta nahiz eta beti ezin izaten duen talde horren partidetara joan, saiatzen da horietan izaten. Jokalari gazteen "bizipoza" da gehien gustatzen zaiona, eta bereziki estimatzen du taldekideek beraien artean duten harremana.

Pasioak pasio, arteak ere betidanik izan du presentzia berezia azpeitiarraren bizitzan. Ikastolako plastikako saioei segida emanez, etxean marrazteari ekin zion gaztetxotan. Zaletasun gisa bizi zuen artea, unibertsitaterako hautaproba egin zuen arte. Orduan erabaki zuen Arte Ederrak ikastea: "Beldur pixka batekin hasi nintzen Arte Ederretako gradua ikasten, inoiz ez bainuen izan pintzel bat eskuan!". Horregatik, gradua hasi orduko, Diart eskolara joaten hasi zen, teknika lantzeko eta eskua trebatzeko.

Lizundiaren Arte Ederretako GRALaren zati bat. Saskibaloia eta emakumeak hartu zituen lana egiteko gai, bost emakume erreferente oinarri hartuta. Horietako bat, Intza Lizarazu, marrazkikoa. (A. Lizundia)

Gradua bukatu ondoren, Arte Terapia masterra egin zuen, eta "erabat liluratu" zuen diziplina horrek. Artearen bidez terapia egitean datza; hitzak erabili ordez, komunikatzeko beste modu bat da, finean. Behar bereziak dituztenentzat edo hitzez komunikatzeko arazoak dituztenentzat maiz erabiltzen da terapia hori. Masterra eginda, sakontzeko gogoz gelditu zen azpeitiarra, eta aitortu du egiteko horretan jardungo lukeela gustura etorkizunean. "Nahiko nuke nirea den espazio batean haurrei eskolak ematea, arte terapia lantzea eta proiektuak garatzea".

Gaur egun Arte eta Diseinu Ikastegian aritzen da irakasle lanetan, 4 eta 14 urte bitarteko haurrekin. Askatasuna da espazio horretatik gehien gustatzen zaiona. Izan ere, haur bakoitza mundu bat dela, eta materiala eta espazioa eskainita, horiek beren sormena askatzeko aukera izaten dutela azaldu du. Teknikaren gainetik, sortzeko askatasuna jarri du lehen lerroan: "Denok dugu sormena, batez ere haurrek".

Marrazteko duen zaletasunari jarraituz, eta oparitutako erretratuak enkargu bilakatuta, Ertzak izeneko proiektua sortu zuen Lizundiak. Lagunen bultzadaz sortu zuen Instagram kontua, eta konfiantza handiegirik gabe hasi bazen ere, jendearen erantzuna oso ona izan dela azaldu du. Denborarekin ulertu du bere lanak balioa duela, ordu asko eskaintzen dizkiolako; izan ere, askotariko arkatzekin egiten ditu erretratuak. Une honetan geldialdi txiki batean murgilduta dagoen arren, denbora libre gehiago duenean itzultzeko asmoa du, eta gaur-gaurkoz, kirolari arteari baino denbora gehiago eskaintzen dion arren, arteak gero eta espazio handiagoa du azpeitiarraren bizitzan. Lehen zaletasun hutsa zena, aurrera begira lanbidetzat irudikatzen du.

(Argazkia: Utzitakoa)

Kirolak eta arteak elkarrekiko erabat ezberdinak diruditen arren, ezin hobeto uztartzen ditu bata eta bestea azpeitiarrak; biak ditu ihesbide, biak gozamen, eta batez ere, biak ditu askatasun bide. "Saskibaloiak askatasun fisikoa ematen dit, eta arteak mentala; biak behar ditut". Bizitzak nora eramango duen jakin gabe, Lizundiak argi du bidean sortzen, mugitzen eta partekatzen jarraitu nahi duela. Kantxan zein paper zuriaren aurrean, askatasunaren bila.

Motzean

Adina: 24 urte.
Ikasketak: Arte Ederren Gradua eta Arte Terapia masterra.
Lanbidea: Arte eta Diseinu ikastegiko irakaslea.
Kirolaria/margolaria ez banintz… talde baten parte den zerbait egingo nuke.
Kiroletik/artetik kanpo gogoko dut… zinema, lagunak eta jatea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide