Anaitasuna etxean ari da nabarmentzen aurten, baina, azken asteetan baita etxetik kanpo ere. Atzo, igandea, Eibarren (Gipuzkoa) eta Ugaon (Bizkaia) aritu ziren gizon-emakumeen taldeak, eta biek hiruna puntu batu zituzten. Gizonek 1-3 irabazi zioten Urki taldeari Eibarko Unben, eta emakumeek 0-2 Ugao taldeari Arandia zelaian.
Gizonen taldeak gogotik egin behar izan zuen lan Unben hiru puntuak eskuratzeko. Jokoaren ekimena Anaitasunak eraman zuen, eta Urkik zelaiaren hiru laurdenetan jarrita, puntu horretan hasi zuen presioa. Jokoaren bidez abagune gutxi sortu zituen Loren Barbadoren taldeak, baina dezente geldikako jokaldietan. Hiru bat korner jokalditan arriskua sortu zuten gorritxoek, baina huts eta batekoaren gola hegaleko falta erdiraketa batean lortu zuen taldeak. 32. minutuan, Beñat Garmendiak ezin hobeto erdiratu zuen baloia areara, eta atzetik aurrerako mugimendua eginda, azken asteetan gol bat bestearen atzetik egiten ari den Oihan Etxanizek lortu zuten gola egitea atezainaren gainetik.
Bigarren zatian ere bide beretik jo zuen lehiak, baina etxeko taldeak partida berdintzea lortu zuen 61 puntuan. Area ertzean falta inozo bat adierazi zuen epaileak Anaitasunaren aurka, eta etxeko jokalari batek gorritxoen hesiaren gainetik gol dotorea erdietsi zuen. Gol horrek ez zuen presiorik sortu Barbadoren taldean, eta neurketa amaitzeko hogei minutu eskasen faltan lortu zuten gorritxoek bat eta bikoaren gola. Carlos Juaristik jokoaren norabidea erabat aldatu zuen Julen Aramendirekin jokatzeko, eta ezker jokalariak, kontrol aparta eginda, atearen beste aldean zuen eskuadratik egin zuen gola. Gol zinez ikusgarria lortu zuen Anaitasunak, Aramendiren eskutik.
79. minutuan lortu zuen Anaitasunak, azkenik, bat eta hirukoaren gola. Luis Juaristik bere aurreneko gola lortu zuen lehen taldearekin. Neurketaren azken minutuetara begira, energia eta indar handia eman zioten aulkiko jokalariek taldeari, eta horren adibide izan zen Juaristik taldeari egindako ekarpena. Azkenean, eroso baina gogotik lan eginda bildu zituzten gorritxoek hiru puntuak Unbe zelaian.
Ostegunean eta atzo irabazita, aste ederra borobildu dute gorritxoek. Oiartzunen eta Urkiren aurkako partidek balio izan dute, gainera, Real Union liderrari sailkapenean aldea murrizteko. Nolanahi ere, Anaitasunak bigarren postuan jarraituko du beste aste batez; orain, 60 puntu ditu Real Unionek, eta 59 puntu Anaitasunak. Datorren zapatuan, 11:30ean, Tolosaren aurka jokatuko dute Barbadorenek, Txerloian.
Zazpi jardunaldi falta zaizkie Gipuzkoako Ohorezko Erregional Mailakoei denboraldia amaitzeko. Anaitasunak etxean jokatuko ditu Tolosa, Zumaiako, Deusto eta Mondragonen aurkako lehiak –Arrasatekoen aurkakoa, azken jardunaldian–, eta etxetik kanpo arituko da Beasain B, Bergara eta Euskalduna Andoaindarra taldeen aurka. Maiatzaren amaierara arteko bide zirraragarria dute Barbadorenek, parez pare jarri zaien erronka ez baita makala: Espainiako Hirugarren Mailara igoera lortzea.
Beste hiru puntu
Lehia gogorra aurreikusten zuen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldeak Ugaon, joko gutxikoa. Ordea, partida hasi zenean, futbolean jokatzeko espero baino espazio gehiago aurkitu zituzten gorritxoek, eta minutuek aurrera egin ahala, gol aukerak sortzen hasi zen Anaitasuna; gola egiteko azken pasea falta izan zitzaien soilik gorritxoei. Atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian izan zuten lehen zatiko garbiena Azkoitikoek; atezainaren aurrean baloia loratu zuten gorritxoek, baina zuzenean kanpora joan zen. Ugaok, berriz, ez zion arrisku handirik sortu Orueren taldeari. Ordea, izan zuten aukera bakarrean langara bidali zuten baloia.
Lehen zatian ikusitakoa ikusita, gogotsu zelairatu ziren bigarrenera Anaitasunakoak, eta laster hartu zuten aurrea markagailuan. 53. minutuan, Enara Anduezak buruz lortu zuen huts eta batekoaren gola egitea. Markagailua alde zuten gorritxoek, eta berdegunean Ugaok aurrera egin zuenez, kontraerasora irteteko egoera bikainak sortu zitzaizkion Anaitasunari. Nolanahi ere, ezin izan zuten huts eta bikoaren gola garaiz egin; aukera asko huts egin zituen Anaitasunak Arandia zelaian. Oruerenak behin eta berriz iritsi ziren aurkariaren atera, baina, huts eta bikoaren gola, azkenean, 88. minutuan lortu zuen Maria Juaristik. Taldeak jokaldi ona osatu zuen, eta, azkenean, Mariak borobildu zuen lana, baloia sareetara bidalita.
Ate aurrean gehiegi huts egin arren, garaipen ona eskuratu zuen Anaitasunak Ugaoren zelaian. Hiru puntuez gain, aipatu Amaia Elorza eta Inge Larrañaga kadeteek Euskal Ligako taldearekin minutuak izan zituztela. 43 punturekin seigarren postua sendotu dute orain Oruerenek, eta puntu gutxira jarri zaizkie laugarren eta bosgarren postuak. Datorren zapatuan, 15:45ean, Erandioko Betiko Neskak taldea izango dute arerio, Txerloian. Hain justu, postu bat goitik da Erandioko (Bizkaia) taldea, Anaitasunak baino hiru puntu gehiagorekin. Sailkapenean koska bat gora egiteko abagune aparta izango dute gorritxoek.