Haur Hezkuntzan hasi ondoren, Batxilergoko bigarren eta azken urtea ari zarete egiten. Urteotan esperientzia ugari bizi izan dituzte, ezta?
Lide Izagirre: Ume txikiak ginela hasi genuen gure ibilbidea Ikasberrin; beraz, gure bizitzaren une asko, eta, batik bat, bizipen eta ikasketa ugari izan ditugu bertan. Ikasberrin etxeko sentitzen gara, eta konfiantza handia daukagu ikastolako kide guztiekin. Ez dut dudarik; ikasturtea amaitutakoan urteetan izandako esperientziaren falta sumatuko dugu denok.
Hezkuntza proiektu integrala eta osatua izateak, 0 eta 18 urte arteko heziketa eskaitzeak –Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa–, eta, batik bat, prozesu guztia eraikin berean gauzatzeak eragina izan al du horretan?
Beñat Aristegi: Era bat. Gainera, ikaragarrizko garrantzia duela esango nuke; prozesu osoa eraikin berean egiteak, erosotasun handia ematez gain, ikasketarako beharrezkoa den oreka eskaintzen digu.
L.I.: Horrez gain, eta aurreko galderarekin lotuta, irakasle guztiak ezagutzen ditugu, HHtik Batxilergorako prozesu guztian zehar ikusi ditugulako. Era berean, urte asko daramatzate ikastolan, eta bidea asko errazten du irakasle guztiak oso gertukoak izateak.
Gertutasun eta ezagutza horiek ikasleei jarraipena egitea errazten dute, gainera.
B.A.: Ikasle garen prozesu osoan zehar irakasleek jarraipen zuzena egiten digute; izan ere, irakasle guztiek ezagutzen gaituzte eta asko arduratzen dira gure hezkuntzarekin eta bizitzarekin. Azken finean, ikasle bakoitza bakarra da Ikasberrin, eta bakoitzaren beharretara egokitutako metodologia du.
Halaber, ikasketa prozesua naturarekin uztartuta egiteko aukera duzue Ikasberrin.
L.I.: Ezin da ukatu ikastolaren kokapena aldeko puntua dela. Ingurune paregabean dago Ikasberri; naturarekiko harremana errazten digu, horrek dituen onurekin. Egunerokotasunean asko eskertzen dugu, atseden hartzeko orduan, batik bat, berdegunez eta parkez inguratuta egotea.
Ikasketa prozesuarekin ez ezik, Ikasberrik, Ikastolen Elkarteko kide gisa, badu euskararekiko konpromiso sendoa ere.
B.A.: Garbi dago euskarak pisu handia duela Azpeitian, eta agian, zentzu horretan, Euskal Herriko beste herriek baino behar gutxiago dugu. Baina euskarak bizirauteko, ezinbestekoak dira Ikastolak. Euskara eta euskal kultura sustatzeko erreminta dira ikastolak.
L.I.: Korrika eta Kilometroak ekimenek garbi uzten duten beste ideia komunitatearena da. Herrigintza egiteko beste modu bat da ikastola, eta Ikasberrik eta Azpeitiak hori erakusten dute.