Gaur, astelehena, hasi dira haurren danborradan parte hartuko duten umeak apirilaren 11n, larunbatez, herriko kaleetan egingo duten danborradarako prestatzen. Iaz bezala, aurten ere HH5etik DBH2ra arteko haurrek parte hartuko danbor festan. Aurreikusi baino haur gutxiagok eman du izena, guztira, 180 bat haur bost taldetan babatuta aterako dira-eta kalera. Nolanahi ere, horiek guztiek Azkoitiko kaleak musikaz eta kolorez beteko dituzte.
Gaurko saioa zerbait luzatu da, gaur bertan egin dituzte-eta zuzendariak, banderadunak eta kantinerak zehazteko zozketak. Ordea, aurrerantzean ordubete eskaseko saioak egingo dituzte Gurea pilotalekuan, 19:00etatik 20:00etara. Aurten ere jai egunak daude tartean, eta hori horrela izanda, astero ez dute entsegu kopuru bera egingo, eta horiek ez dira beti asteko egun beretan izango.
Bestalde, datorren astean LH1eko haurren arropa banaketa eta karrozan aterako diren umeen zozketa egingo dute; martxoaren 23an, astelehenez, egingo dituzte horiek. LH2tik DBH2ra arteko haurren arropa banaketa, berriz, martxoaren 25ean, asteazkenean, egingo dute, entseguan bertan. Danborra edo barrika jotzen atera behar duten haurrei entsegu egunetan nahiz danborrada egunean gerrikoak eramateko dei egin diete antolatzaileek.
Hauek dira aurtengo entsegu egunak:
- Martxoak 18, asteazkena.
- Martxoak 23, astelehena.
- Martxoak 25, asteazkena.
- Martxoak 26, osteguna.
- Martxoak 30, astelehena.
- Apirilak 8, asteazkena.
- Apirilak 9, osteguna.