Anaitasuna futbol taldearen gizon-emakumek hiruna puntu batu dituzte asteburuan, hiruna gol eginda. Iñigo Oruesgasti Orue entrenatzaileak zuzendutako emakumeen taldeak 3-0 irabazi zion zapatuan Añorga B taldeari Txerloian, eta Loren Barbadoren gizonak 0-3 nagusitu ziren Hernanin, hango Zubipe zelaian (Gipuzkoa).
24. Korrikari babesa erakutsi eta gero ekin zioten lehiari Anaitasunak eta Añorgak Txerloian. Bi taldeek gogor hasi zuten partida, lehiatuak izan ziren aurreneko minutuak, eta hala, zelai erdiko jokoa nagusitu zen berdegunean. Nolanahi ere, Anaitasunak ezker hegalean aurkitu zuen zelai erdiko jokotik irteteko zirrikitua, eta baloia hegal horretatik jokatuta, gol abagune ederrak sortu zituzten markagailua irekitzeko.
Atsedenaldirako hamar minuturen faltan mugitu zen kontua Txerloian, onerako eta txarrerako. Aurrena, Bidatz Etxanizek zelaia utzi behar izan zuen belaunean min hartuta. Taldeak Etxanizen hutsunea sumatuko ote zuen beldur jokatu zituen hark zelaia utzi osteko minutuak, baina laster uxatu zituzten beldurrak gorritxoek; izan ere, atsedenaldirako bost minutu eskasen faltan lortu zuen Anaitasunak gola egitea. Arteha Azkuek penalti jaurtiketa batean egin zuen bere taldearentzako lehen gola.
Aurretik iritsi zen Anaitasuna atsedenaldira. Goiz mugitu zuen Oruek aulkia aldageletatik bueltan, eta freskoen ziren jokalariei etekina atera zien entrenatzaileak. Aurkariaren atea helburu, bi hegaletatik jarraitu zuen Anaitasunak arriskua sortzen, eta laster lortu zuen bi eta hutsekoaren gola egitea. Lehen golean bezala, Azkue izan zen protagonista bigarrenean ere. 69. minutuan, area kanpotik egindako jaurtiketan lortu zuen gola hark.
Gorritxoak Añorga baino gehiago ziren zelaian, eta beste golen bat egiteko nahia erakusten jarraitzen zuen taldeak. Azkenean, 79. minutuan egin zuen Anaitasunak hiru eta hutsekoa. Area barruan izan zen aldaratzen batean, baloia June Diazen oinetara erori zen, eta hark ez zuen hutsik egin. Neurketa guztiz erabakita utzi zuen Anaitasunak lehia amaitzeko hamar minuturen faltan. Bisitariek, beren aldetik, izan zituzten gola lortzeko aukerak, baina Naira Uria gorritxoen atezainak ederki zapuztu zituen haien asmoak.
40 punturekin sailkapeneko seigarren postuan jarraituko du Anaitasunak beste aste batez; hiru eta lau puntura dituzte gorritxoek, hurrenez hurren, bosgarren eta laugarren postuak. Helburu hori lortzea xede dutela jokatuko dute datorren zapatuan gorritxoek ligako 25. jardunaldiko partida. Ugaoko (Bizkaia) Arandia zelaian arituko dira Oruerenak, Ugao etxeko taldearen aurka (18:00).
Garaipen handia Hernanin
Etxean lortutako azken garaipen handiari tiraka –6-0 irabazi zion Anaitasunak Elgoibarri–, etxetik kanpo aritu zen zapatu arratsaldean Anaitasunaren gizonen taldea. Orain gutxi arte, bereziki, etxean, Txerloian, nabarmendu da Anaitasuna, han batu baititu egun poltsikoan dituen puntuen zenbateko handiena. Aldiz, etxetik kanpo pixka bat gehiago kostatu zaio Barbadoren taldeari, baina denboraldia unerik garrantzitsuenean sartu den honetan, etxetik kanpo ere hirunaka batzen hasi dira gorritxoak, eta nola, gainera. Zapatuan, 0-3 irabazi zuen Anaitasunak beti estu hartu ohi duen Hernani futbol taldearen aurka.
Eguraldiak baldintzatutako partida jokatu behar izan zuten bi taldeek. Putzuak, euria... Bustitik jo zuen arratsaldeak Hernaniko Zubipe zelaian, batik bat, lehen zatian; ezer gutxi erakutsi ahal izan zuten Hernanik eta Anaitasunak aurreneko 45 minutuetan, zelaiaren egoerak ezinezko egiten baitzuen kasik futbolean jokatzea. Aurreneko bost edo hamar minutuetan gorritxoei kostatu egin zitzaien zelaian beren burua aurkitzea. Etxeko taldea hobeto egokitu zen partidak eskatzen zuen joko dinamikara, eta geldikako jokaldien bidez lortu zuten Anaitasuna bere zelaian sartzea.
Ordea, minutuek aurrera egin zutenean asentatu egin zen Anaitasuna eta egoerari buelta emateko moduan izan ziren gorritxoak. Atsedenaldira bitarteko minutuetan Barbadoren taldeak lortu zuen Hernani bere zelaian sartzea, finean, urrats bat aurrera egitea. Gainera, gol aukera bat baino gehiago egin zituzten; garbiena Hicham Hazim aurrelariak izan zuen, hark baloia langara bidali baitzuen errematea buruz egin zuen jokaldi batean. Korner eta falta jokaldietan ere larritu zuen Anaitasunak Hernani, baina, nolanahi ere, hutsean jo zuen partidak atsedenaldira.
Bigarren zatian, laster hartu zuen Anaitasunak neurketako aginte makila. 52. minutuan, Oihan Etxanizek egin zuen huts eta batekoaren gola. Zelai erdiko falta batean, Unai Perezek eskuin hegalera goitik jokatu zuen baloia, atzelarien bizkarra bilatuz, Hazimekin jokatzeko. Erasoko jokalariak baloia jaso eta azpi-azpitik indarrez erdiratu zuen baloia, eta Etxanizek hala egin zuen gola; area barruan atzetik aurrera eginda, lehen kolpean bidali zuen hark baloia sareetara. Gainera, handik gutxira lortu zuen Anaitasunak bigarren gola: 59. minutuan, Julen Aramendik egin zuen bi eta hutsekoa. Galder Guembek abiadura handian utzi zuen atzean Hernaniko ezker hegaleko atzelaria eta baloia area barrura erdiratu zuen. Erdiraketa horretan, ordea, baloia ate aldera bideratu zen, eta atezainak moztu behar izan zuen Hazimentzat zihoan baloia. Baloia moztu bai, baina area barruan solte utzi zuen etxekoen atepeko gizonak, eta aldaratze hori aprobetxatu zuen Aramendik gola egiteko.
Markagailuan aldea izanda ere, Anaitasunak hirugarren golaren bila jarraitu zuen azken ordu erdian ere; ez zen gehiegi itsutsu aldeari eusteko lanean. Hala, 71. minutuan borobildu zuen lehia Barbadoren taldeak. Galder Guembek lortu zuen huts eta hirukoaren gola egitea. Etxeko atzelari batek buruz urrundu nahi izan zuen Anaitasunak luze eta goitik jokatutako baloia, baina hark area ertzean utzi zuen baloia, gehiegi urrundu gabe. Baloi hura Galder Guembek jaso zuen, eta jaurtiketa prestatuta, atearen eskuin eskuadratik sartu zuen hark gola. Norgehiagoka amaitzeko hogei minutu eskasen faltan, guztiz erabakita utzi zuen partida Anaitasunak Hernanin.
Astez aste gero eta urrats handiagoak ari da egiten Anaitasunaren gizonen taldea. Duela aste batzuk urrun zuen sailkapeneko lehen postua, baina etxean bezala etxetik kanpo ere hirunaka batzen hasi dira gorritxoak. Hernanin pilatutako garaipenari esker, sailkapeneko bigarren postuan eta Real Union liderrarengandik hiru puntura jarraituko dute Barbadorenek; 56 puntu ditu Real Unionek eta 53 puntu Anaitasunak. Datorren astean, ostegunez jokatuko dute gorritxoek, jai eguna dela baliatuta. Partida garrantzitsua dute aurretik haiek, sailkapenean hirugarrena den Oiartzun hartuko baitute Txerloian (17:00).