Martxoaren 8a

Musika eta oholtzak ere badira emakumeenak

Maialen Etxaniz 2026ko martxoaren 13a

(Lorea Diaz)

Gauzak asko aldatu dira euskal kulturgintzan 1960ko hamarkadatik gaur arte. Aldatu da eszena, aldatu da parte hartzea eta aldatu dira zuzenekoak. Horiek nola bizi dituzten kontatu dute hamarkada desberdinetan oholtzaratu diren emakume musikariek. Gukak Martxoaren 8aren harira argitaratutako artikulu sortaren azkena da hau. 

Gaur egungo produkzio musikala oso anitza da zentzu askotan. Musika estilo hainbat eta era guztietako ahotsak aurki daitezke plataforma digitalen itsaso erraldoian. Euskal Herrian ere askotarikoa da musika sorkuntza zein eskaintza, eta proposamen berri ugari jaio dira. Azken urteetan nagusiki emakumez osatutako musika talde berri asko sortu dira. Horrek ez du esan nahi oholtzetara igotzen diren taldeen gehiengoa emakumez osatutakoa denik, ezta emakumeek gizonek beste kontzertu ematen dituztenik ere. Eusko Jaurlaritzaren Kulturaren Euskal Behatokiak 2023an emandako datuen arabera –ez dago datu berriagorik–, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2022an oholtzara igo ziren hamar artistetatik bi izan ziren emakumeak, 400 inguru emanalditako lagina kontuan hartuta. Hau da, agertokira igo ziren pertsonen %81,4 gizonak eta %18,6 emakumeak izan ziren. Baina belaunaldi berriekin batera indartsu datoz eszenatokietara emakumeen ahotsak eta doinuak. Sasoi eta garai desberdinetan ezagutu dute oholtza Arantxa Frantzesena (Azpeitia, 1947) eta Elba Azpillaga (Zestoa, 1994) musikariek. Bata 60ko hamarkadan murgildu zen kantagintzara; bestea, berriz, 90eko hamarkadan hazi eta 2000. urteen bueltan loratutakoa da, DJa eta musikaria. Biek ala biek, bizipen onak izan dituzte musikan, eta mezu hori eman nahi diete datozenei.

Kantagintza herrikoitik

Euskal kantagintza berriaren garaia izan zen 1960ko hamarkada. Frankismoak eragindako testuinguru politiko nahasian, euskal kultura berpizteko ahaleginean aritu ziren sasoi hartako musikari gazteak. Ordukoak dira Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Xabier Lete, baita Lurdes Iriondo ere. Ez Dok Amairu kultur mugimenduan parte hartu zutelako edo haien lanek eta adierazpenek hartutako oihartzunagatik, iltzatuta gelditu dira izen horiek euskal gizartearen memoria kolektiboan, nahiz eta Iriondori beranduago iritsi zitzaizkion aitortzak eta laudorioak. Hainbat izan ziren, ordea, sasoi hartan oholtzaratu eta hain ezagun egin ez ziren musikariak eta taldeak; tartean, Azpeitiko Unai Irukoa. Garai hartan emakumez osatutako aurreneko musika taldeetakoa izan zen, Olatz Saldiasek, Maria Jesus Arregik eta Arantxa Frantzesenak sortutakoa. Gaur egun gutxik oroituko dituzten arren, hiru azpeitiarrek bidea urratu zuten nagusiki maskulinoa zen esparruan. Nostalgiaz baina harrotasunez begiratzen dio iraganari Frantzesenak. 

"Ez genuen jarrera txarrik jasan emakumeak ginelako; euskaldunak ginelako bai"

Arantxa Frantzesena

Juan de Antxieta abesbatzako kide ziren hiru lagunak, eta Joxe Mari Altuna zuzendariarekin aritzen ziren, "ezin gusturago". Beti zebiltzan kantuan, eta horrek eraman zituen taldea sortzera. Frantzesenak kontatu duenez, sasoi hartan asko ziren herrietako abesbatzetan parte hartzen zuten emakumeak, eta "oso ohikoa zen" emakumeak abesten entzutea. "Kanturako ohitura handia zegoen", dio. Hark etxetik jaso zuen heziketa musikala, frantzesenatarren etxean musika instrumentu artean hezi baitziren, eta anai-arreba gehienak iritsi ziren musikari izatera. Frantzesenak, Saldiasek eta Arregik zeukaten "gaitasuna eta belarria" ikusita, taldea sortzeko proposamena egin zien Joxe Mari Altunak. Haiek zalantzarik gabe onartu zuten, eta horrela hasi zen haien abentura, "naturaltasun osoz". 

Azpeitiarrak gogoratzen duenez, harrera oso ona izan zuen haien taldeak, eta inork ez zien iruzkin zatarrik egin emakume izateagatik. Kontrara, jende askok laguntzeko prestutasuna eskaini eta babesa agertu zizkiela adierazi du. Azpeitian eskaini zuten lehen emanaldia 1966an, eta orduko hartan ere "harrera beroa" egin zietela du gogoan. "Jendeak asko gozatu zuen gure emanaldiaz, eta guk ere ikaragarri", dio. Orduan abesti herrikoiak-eta kantatzen zituzten, baina hirukoak gaitasun berezia zuen. Kantaldi haren ondoren, Mari Karmen Otaegik hartu zuen Olatz Saldiasen lekua taldean, eta denborarekin indarra hartzen joan ziren, hamaika dantzaleku eta jaialdi zapaltzeraino. 1971. urtean Gabon Kanta Berrien V. Txapelketa irabazi zuten Gau erdian soinua izeneko abestiarekin. Ez zen balentria txikia izan: hiru emakumek irabazi zuten txapelketa aurrenekoz, euskarazko abesti batekin. Garaipen hark ate asko ireki zizkien, baina euskaraz egiteak beste horrenbeste bide itxi. Horrekin gogoratzen da Frantzesena emakume izateagatik jasandako tratuaz baino gehiago. Izan ere, azpeitiarraren hitzetan, haien ibilbidean "zoragarri" sentitu ziren, eta oholtzetan gizonak gehiago ziren arren, andrazko ugari ikusten zirela azpimarratu du. Abentura hark ez zuen asko iraun, haurrak izan zituztenean utzi baitzuten taldea. Amatasunak eta horrek dakartzan ardurek bultzatuta utzi zuten taldea. Horrek ere esaten du zerbait.  

Beste bizipen batzuk

Belaunaldi berriagoko musikaria da Anari Alberdi azkoitiarra, 90eko hamarkadakoa. Haien belaunaldian ikuspegi feminista errotzen hasi zen pixkanaka, olatu feministak bete-betean harrapatu baitzituen. Anarirentzat garrantzi handia izan du feminismoak bere ibilbide pertsonal, politiko eta artistikoan, eta hainbatetan aipatu du eremu horiek elkar lotzen direla berarentzat, "pertsonala politikoa" ere badela iritzita. Emakume musikariak egon egon diren arren, horiei nahikoa plaza ez zaiela eman iritzi dio azkoitiarrak, baina azken urteetan aldaketa nabaritu du, onerako. Izan ere, aipatu izan du pozgarria dela ikustea zenbat emakume talde osatu diren denbora gutxian. Anari izan zen Adarra saria jaso zuen aurreneko emakumea, eta sari hura jasotzean eman zuen mezuak aldarritik ere badauka: "Emakumea eta sortzailea naiz; sinetsi beharra daukat sortzaile naizen aldetik eman didatela saria". Gaur egun, uste du badaudela emakumeen eragina duten musikari gizonak, eta ikuspegi hori ere aktibatu beharra dagoela adierazi izan du: "Gizonen eragina duten gizonak badirela argi dago, gizonen eragina duten emakumeak badirela ere bai, baina ez dakit aski nabarmentzen ote ditugun emakumeen eragina jaso duten gizonak. Eta, beraz, utzi genealogia faltsu hori alde batera, ez baita erreala". 

(Lorea Diaz)

Bakarka eta taldean

Gaur egungo euskal eszena musikala gertutik ezagutzeko aukera izan du Elba Azpillagak. Bulego musika taldeko partaide da, eta azken urteotan gero eta ohikoago bilakatu diren formatu handiko kontzertuak lehen pertsonan bizitzeko parada izan du. Azpillaga, ordea, Bulegoko musikaria baino gehiago da, eta horren isla da haren ibilbide pertsonal eta artistikoa. Ikasketaz arkitektoa da, ofizioz irakaslea, eta modan, diseinuan, artearen historian, makillajean eta musika elektronikoan aritutakoa, besteak beste. Horrenbestez, oholtzara igotzen den emakumea eta haren bizipenak ezagutzeko eta ulertzeko, teloi atzeko ibilerei erreparatzea ezinbestekoa da, horiek ere gorpuzten baitute oholtzaratzen den Elba. Zestoako musikariak oso eroso bizi du oholtza gaur egun

Azpillagaren hitzetan, bera beti izan da "xelebre samarra", baina horrek ez du sekula kezkatu izan. "Arlo askotan ohiko kanonak betetzen ez dituen pertsona" dela dio, "desberdina, arraroa, akaso", eta une oro gauza berriak jakin eta ikasi nahi dituen pertsona: "Nire pasioa gauzak jakitea da. Kuriositate handia daukat askotariko gaien inguruko gauzak jakiteko, eta horrek eraman nau proiektu askotan sartzera, batez ere kultur arloan". Barre bihurriarekin gogoratzen ditu nerabezaro garaiak, berak sortutako arropa janzten hasi zenekoak: "Jaka distiratsuak, oihal mota desberdinez osatutako jertseak, brillantinak, orduan ezezagunak ziren vintage dendetako arropak... janzten nituen". Musika elektronikoa eta musika jaialdi handiak gustatzen zitzaizkion, "sasoi hartan horren ezagunak ez zirenak".

"Ez dut nahi dudana egiteko oztoporik izan, eta mezu hori ere eman nahi diet gazteei"

Elba Azpillaga

Hezkuntza musikala ere gaztetatik jaso zuen, aitarengandik. Aitak musika elektronikoa sortzeko erabiltzen zuen gailuarekin hasi zen trebatzen alaba, "modu erabat naturalean". Zehazki, 18 urte bete zituen egunean eskaini zuen lehen pintxada, eta ordutik hamaika saio egin ditu jendaurrean. "Lehen aldi haietan sekula ez nuen begiratzen zenbat emakume edo gizon ginen, ez nuen pentsatzen ni zer nintzen han, nekien bakarra zen ni hara nindoala; gozatzera nindoala, eta gozatu egiten nuen", dio. Lehen bezalaxe bizi du oholtza gaur egun, eta azpimarratu du ez duela trabarik eduki nahi izan duena egiteko: "Kontziente naiz bizi naizen lekuagatik, jaso dudan heziketagatik eta daukadan bizi ereduagatik zortedun naizela, baina gaur-gaurkoz ez dut trabarik aurkitu nahi dudan arloan aritzeko. Badakit beste belaunaldi batzuetako emakumeek jasan zituztela gutxiespenak eta trabak, baina nik ez dut horrelakorik sentitu, eta mezu hori ere eman nahi diet gazteei". Horrek, ordea, ez du esan nahi une deserosorik bizi izan ez duenik. Izan ere, musikari zestoarrak aitortu du DJ gisa emanaldia eskaintzea dagokion bakoitzean, urduritasunak osorik jaten duela, batzuetan gosea kentzeraino. Horren atzean "presioa eta dena ondo egiteko beharra" daudela dio: "DJ aritzean bakarrik prestatzen dut emanaldia, arlo tekniko guztia barne. Musika martxan jarri arte oso-oso urduri egoten naiz, deseroso, segurtasun faltan, baina ez emakumea naizelako bakarrik, mundu hau eta bizitza horrelakoa delako baizik". Hain zuzen, autoexijentziak eragiten duena jarri du fokuan Azpillagak. 

Taldean bestelako sentipen bat izaten du, eta babestuago sentitzen dela nabarmendu du. Oholtzan, Bulegoko emakume bakarra da Azpillaga, eta oholtzaz kanpo ere ia-ia. Kontatu duenez, taldea osatzen duten dozenatik gora kideetatik –tartean talde tekniko guztia–  bi dira emakumeak: Azpillaga bera eta komunikazioaz arduratzen den beste neska bat. Oraindik musikarena eremu maskulinoa dela uste du zestoarrak, batez ere arlo teknikoan."Ez dakit esaten zein den horren kausa zehatza, baina oso emakume gutxi aritzen dira soinuan edo argiterian", dio. Dena den, bera "oso-oso eroso" sentitzen da taldean, gainerako kide guztiak gizonak izanagatik. Gainera, azpimarratu du talde izaerak eta taldearen profesionaltasunak "oholtzan bereziki lasai egotera" bultzatzen dutela. 

Ezusteko erreferenteak

Musika elektronikoaren zalea da zestoarra, eta elkarrizketaren harira ohartu da entzuten duen musikaren sortzaile gehien-gehienak emakumeak direla. "Ohartu naiz gehien entzuten ditudan artistak emakumeak direla, eta horrek zer pentsatua eman dit. Baliteke emakumeek deep house dotoreagoa egitea eta ni horren zalea izatea. Baina nire DJ gustukoena ere emakumea da, eta benetan diot ez dela genero batekoa edo bestekoa delako, haren musika ikaragarri gustatzen zaidalako baizik", kontatu du. Horretaz jabetuta, DJ emanaldi berezia eskaintzeko asmoa du, emakumeen abesti elektronikoak ardatz hartuta. 

Azpillagari erreferenterik ba ote duen galdetuta, argi erantzun du: "Ohartu naiz nire erreferente inkontzienteena nire amona [Maritxu Errazkin] izan dela". 1960. urtean autobus enpresa jarri zuen martxan senarrarekin, eta Euskal Herrian emakume aitzindaria izan zen arlo horretan. "Enpresa senarrarekin sortu zuen arren, bera izan zen buru, eta autobus gidari aritu zen hamarkada luzez. Gaur egungo perspektibatik begiratuta, ikaragarria iruditzen zait, eta berataz oso harro nago", dio irribarre handiz.  

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide