M-17 greba orokorra

Nerea Sainz eta Andoni Murga: "Gero eta nabarmenagoa da langileon pobretzea"

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 12a

Andoni Murga eta Nerea Sainz, grebara deitzeko kartelen aurrean. (Mailo Oiarzabal)

ELAren Urolako eskualde arduraduna da Sainz (Amurrio, Araba, 1994), eta LABen Urola Kostakoa Murga (Bilbo, 1968). Ordezkatzen dituzten sindikatuek eta Steilasek, Hiruk eta Etxaldek martxoaren 17rako deitu duten greba orokorraren xedeak aletu dituzte Gukarako.

Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata bertan erabakitzearen alde eta soldata hori 1.500 eurokoa izatea eskatzeko deitu du gehiengo sindikalak martxoaren 17rako greba orokorra. Zergatik hemen erabaki eta zergatik kopuru hori?

Nerea Sainz. Espainiako Estatuan onartu berri dute LGSa [Lanbide Arteko Guxieneko Soldata] 1.221 eurora igotzea, baina kontziente gara Hego Euskal Herrian duin bizitzeko ez duela ematen soldata horrek. Inflazioa goraka doa eta etxebizitzaren arazoa ere hor dago. Badakigu LGSa igotzeak ez duela dena konponduko, baina baita Madrildik inposatzen digutena ez dela nahikoa ere, eta hemen gaitasuna dugu eskaera horren alde borroka egiteko. 1.500 euroko LGSak eragin zuzena izango luke jende batengan, eta beste batzuei lagunduko lieke gaur egun daukaten soldata hobetzeko negoziazioetan.
Andoni Murga. Sindikatu deitzaileok babes sozialerako eta lan harremanetarako euskal esparrua defendatzen dugu. Hemen lan egin, hemen erabaki da gure lelo nagusia, gure lan baldintzak, soldatak eta langileoi eragiten diguten gauza guztiak Euskal Herrian erabaki behar ditugulako. Nereak esan bezala, inposatzen zaigun gutxieneko soldata horrek ez dio erantzuten gure errealitateari, eta baditugu indarra, borondatea eta nahia erabakitzeko eskubidea egikaritzeko.

LGS propioa lortzeko gehiengo sindikalak aurkeztutako herri ekinaldi legegileari bidea itxi zioten Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzan dauden alderdiek. Patronalak ere uko egin dio eskaera horiek negoziatzeari. Greba hau al da erantzuna?

N.S. Oso larria da gertatu dena. Eusko Jaurlaritzak eztabaidatzea ere ez du onartu; ezezkoa ez zaigu Madrildik etorri, Gasteiztik baizik. Eta Nafarroakoa are okerragoa izan da, argudio juridikoak aitzakia gisa erabilita, herri ekimen legegilea martxan jartzeko aukerarik ere ez baitziguten eman. Bestetik, bai CENek eta bai Confebaskek esan digute gutxieneko soldata hemen erabakitzea ez dela posible. Lehendabizi, arazo juridikoak jarri zituzten mahai gainean; gero, arazo juridirikorik ez zegoen, baina hala ere, ezezkoa eman digute. Uste dugu ezezko horiei erantzun irmo bat eman behar zaiela, eta horregatik deitu dugu greba orokorra.
A.M. Nik gehituko nuke egoera orokorrago bati erantzuten diola greba orokorrak. Izan ere, LGSa igotzea ez da eskatzen motiborik gabe, baizik eta desberdintasunak gero eta handiagoak direlako. Langileon pobretzea gero eta nabarmenagoa da eta, aldi berean, patronalaren mozkinak gero eta handiagoak. Eta, hala ere, bai patronalak eta bai kasu honetan patronalaren eskutik doazen gobernuek, uko egiten diote aberastasun hori banatzeari, gu saiatu garen arren. Hain zuzen, greba hau dator gure saiakera bati beraiek ezezkoa eman diotelako; bi bidetatik saiatu gara, eta biak moztu dizkigute.

Arduradun politikoei patronalaren tesien alde lerrokatzea egozten diezue. Langileak umezurtz al daude?

A.M. Badago erosahalmenaren galera bat dago, langileen pobretze bat, beste batzuk aberasten diren bitartean. Zerbitzu publikoen eraiste bat ere badago, eta babes sozialaren murrizketa bat ere bai. Horien aurrean, guk badauzkagu tresnak erantzuteko. Greba hau bada langileria antolatzeko modu bat ere, langile gisa erantzun kolektibo bat emateko modu bat, Euskal Herrian jaso ditugun ezezko horien aurrean, baina baita globala den egoera baten aurrean ere; egoera larria baita ekonomikoki, baina baita autoritarismoaren zein eskuin muturraren igoerari dagokienez ere. Aktibazio honek larrialdi horiei guztiei erantzuten die, nolabait. Umezurtz ez gaude: tresna eta indarra dauzkagu. Greba orokorrak izaten duen erantzunaren arabera, gauzak mugituko dira, greba deitzearekin bakarrik hasi dira-eta mugitzen gauzak. Grebak arrakasta badu, lantegiak hustea eta kaleak betetzea lortzen badugu, eskatzen ari garen hori lortuko dugu. Izan ere, hau ez da utopia bat, hau lor daitekeen zerbait da.

Eskualdean grebak arrakasta izango duela aurreikusten al duzue?

N.S. Egia da lantoki gehienetan egunotan hartuko dituztela grebarekin lotutako erabakiak, baina momentuz dugun eskualdeko argazkiarekin, uste dut baikorrak izateko arrazoi dezente dauzkagula. Lantoki askotan egin dituzte jada bozketak eta greba egiteari baiezkoa eman diote ia guztietan, alde handiarekin, gainera; adibidez, Bielen botoen %85 eta KSB Itur-en %70 izan dira grebaren aldekoak. Inoiz ez da erraza izaten grebak aurrera ateratzea, baina uste dugu langileriak bat egiten duela gure eskariarekin.
A.M. Astigarraga Kit Line-en eta Elmubasen ere bat egin dute grebarekin, beste bi aipatzearren. Batzarrak eta bozketak egiten ari diren lantokietan emaitzak lotesleak dira; toki guztietan ez da ohitura hori, baina eskualde honetan eta Gipuzkoan, oro har, bai.

Aberatsen eta gainerakoen arteko arrakala ekonomikoa handitzen ari dela erakusten dute datuek. Gutxieneko soldata igotzeak zertan lagun dezake arrakala hori estutzeko? Beste zer neurri beharko lirateke?

A.M. Madrildik inposatzen zaigun gutxieneko soldata 1.200 eurotan dago. Hori 1.500 eurora igotzeak, berez, distantzia hori murrizten eta aberastasunaren banaketa zuzenagoa izaten lagunduko luke. Hartu beharreko beste neurriei dagokienez, nabarmendu beharrekoak dira zerbitzu publikoen eta babes sozialaren indartzea, eta hori gure errealitatera egokituz eta nahieran egin ahal izatea. Gutxieneko soldataren langa igotzeak denoi egiten digu mesede, baita soldatak hortik gora dituzten langileei ere. Izan ere, gaur egun egon zaitezke gutxiengo soldataren gainetik nabarmen, baina ziurgabetasun egoera honetan, industrian dagoen lanpostu galerarekin, ezin da jakin bihar non egongo zaren. Jakina eragiten duela LGSa igotzeak, eta 1.500etik gora ere igo daiteke. Gure kalkuluetan, LABek eta ELAk hortik gorako zifrak erabili izan ditugu; baina patronalarekin negoziatze aldera, bion artean adostu eta biok esku artean erabili ditugun kopuruetatik behera dagoen 1.500 euroen eskaria aurkeztu dugu, hori ere dagoenarekiko dezenteko irabazia delako. Eta, hala ere, ahalegin hori eginda ere, ez dute negoziatzerik nahi izan.

Euskal Herrian 300.000 langile daude 1.500dik beherako soldatarekin, eta gaur egun sektore pribatuan negoziatzen ari diren 23 hitzarmenetan soldata horretatik behera daude langileak.
N.S. Uste dut garrantzitsua dela azpimarratzea zer jenderi eragingo liokeen, batez ere, LGSa 1.500 eurora igotzeak. Gazteak, pertsona migratuak eta emakumeak dira gehienak. Eta emakumea, migratua eta gaztea bazara, zer esanik ez; gainera, zaintza lanetan aritzen dira profil hori duten gehienak, askotan lan prekarioenak izaten diren horietan. Uste dugu gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzeak gizartearen kohesioari lagunduko liokeela, langile klasea osatzen dugun pertsonon arteko berdintasuna ekarriko lukeela eta, ez beren osotasunean, baina arrakala batzuk murriztuko lituzkeela.

Hemen erabakitzeak, gainera, esan nahi du orain 1.500era igotzea, eta hurrengo urtean beste kopuru batera, eta hurrengoan, beste batera. Langile klasea kohesionatzea nahi dugu, okerren daudenen egoera hobetzea, besteon elkartasunarekin. Badakigu bestelako prekarietate asko daudela eta horiek ere ez ditugu ahazten: laneko osasuna, kontziliazioa... Baina nonbaitetik hasi behar gara; eta eragin zuzenena duena, gustatu ala ez, dirua da.
A.M. Industria bakarrik aintzat hartuta, enpresen jabeen irabaziak %53 igo dira azken hamar urteetan. KPIa %24 igo da epe berean. Eta langileen soldatak, %17 bakarrik igo dira. Hor dago desberdintasuna.

Eta M-17a eta gero, zer?

N.S. Grebaren jarraipenak zeresana izango du, noski, informazio asko emango digu mobilizazio horren emaitzak. Guk aurrera egingo dugu gure aldarrikapenekin. Ez dugu LGSa hemen erabakitzea lortuko grebaren biharamunean bertan, hau aspaldi hasi zen prozesu baten parte da, baina guk aurrera jarraituko dugu. Beste aldean daudenek ezezkoan jarraitzen dute, baina orain nahi dute gurekin egotea eta negoziatzea.
A.M. Bai, bideak irekita daude jada, eta epe laburrera, gainera: martxoaren 24rako deitua daukagu patronala mahaian esertzera, greba ondorenerako, orain arte egin ez duena egiteko. Hori, LGSa igotzeko eskaerari dagokionez. Herri ekinaldi legegileari dagokionez, albo batera utzi duten bide horri dagokionez ere badaude harremanak, bai EAEko parlamentuan eta bai Nafarroakoan, lehen eztabaidatzera irisi ez ziren hori lege proposamenen bitartez eztabaida dezaten. Hau da, jaso genituen bi ezezkoak ez dira behin betikoak. Bideak badaude, eta guk jorratuko ditugu bide horiek ere, greba orokor honek emango digun indarrarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide