Dortsal guztiak agortu dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 10a

Eskualdeko zenbait lagun, iazko proban. (Andoni Elduaien)

1.250 lagunek parte hartuko dute hilaren 21ean jokatuko den maratoi erdian, eta 650ek lasterketa motzean. Balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek.

Dortsal guztiak agortu dira Diego Garciaren omenezko 33. nazioarteko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako; antolatzaileek jakinarazi dute probarako izena emateko leku guztiak bete direla aurten. Hori hala, 1.250 lagunek parte hartuko dute hilaren 21ean jokatuko den maratoi erdian, eta 650ek lasterketa motzean. Balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek. "1.250 korrikalarik eman duzue izena aurten, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu parte hartzera animatu izana. Eskerrik asko guztioi", adierazi dute haiek.

Parte hartzeari dagokionez, probaren antolatzaileek zenbait datu ere eman dituzte. Maratoi erdian, gipuzkoarrak dira 1.250 lagunetatik 850. Parte hartzaileen gehiengoa gizonek osatuko dute (%79). Aldiz, lasterketa motzean 650 korrikalari abiatuko dira Azkoititik Azpeitira, eta horietatik 520 dira gipuzkoarrak. Maratoi erdian ez bezala, lasterketa motzean emakumeak dira gehiengoa (%55,8).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide