Haurren danborradaren 61. edizioa apirilaren 11n, Pazko asteko larunbatean, iritsiko da Azkoitira. Tata elkarteak aurreko astean jarri zuen martxan umeen izen-ematea, baina, antolatzaileen arabera, oraingoz ez dira behar adina parte hartzaile apuntatu. Hori dela eta, danborradan apuntatzeko epea ostiralera, martxoaren 13ra, luzatu du taldeak.
Tata Danborrada elkarteak ez du haurren danborrada ekitaldi bat bezala soilik ikusten, "kulturaren transmisioa, herri-nortasuna eta belaunaldien arteko lotura" direla adierazi du, eta haren ustez, tradizioa bizirik mantentzeko beharrezkoa da herriko familien eta hezkuntza-komunitatearen inplikazioa. "Ilusio handiz" ari dira xehetasun guztiak prestatzen, baina "pieza garrantzitsuena" falta zaiela azpimarratu dute: han parte hartuko duten umeak.
Horregatik, eskoletako komunitateari eta herritarrei dei egin die lagun dezaten
umeak danborradan parte hartzera animatzera eta izena ematera. "Umeentzat esperientzia ahaztezina da, taldean gozatzeko eta herriko ohituretan parte
hartzeko aukera paregabea. Eta herriarentzat, danborradak duen indarra eta bizitasuna mantentzeko modurik onena", adierazi dute antolatzaileek. Era berean, gehitu dute danborradan zenbat eta ume gehiago, orduan eta "ikusgarriagoa" izango dela danborrada bera. "Ez dezagun utzi ohitura hau ahultzen; elkarrekin indartu dezagun".
Izen ematea, Internetez
Egitasmoaren antolatzaileek ikastetxeetako online plataformen bidez bidali zituzten izena emateko formularioak, eta epe luzaketaren ondorioz, ostiral honetan itxiko dira. Iaz bezala, aurten ere HH5etik DBH2ra arteko haurrek parte hartu ahal izango dute jaian.
Zuzendari eta kantinera edo banderadun atera nahi duten haurren kasuan, zozketa egingo dute, baina lehentasuna izango dute orain arte sekula atera ez direnek. Zuzendari atera ahal izateko LH4tik gorakoa izan behar da, eta entsegu guztietara joateko konpromisoa hartu beharko dute umeek.
Bestalde, aurtengo karroza Azkoiti-Azpeitiko Sahatsa dantza taldeari eskainiko diote, 50. urteurrena dela eta. Horregatik, karrozan aterako diren LH1eko haurrak dantzariz jantziko dira. Horrez gain, ibilbideari eta taldeei edo jantziei dagokionez, ez da aldaketarik edo berrikuntzarik izango, iazko ibilbide bera mantenduko dute.
Entsegu egunak hastear
Entseguak hurrengo astelehenean hasiko dira, martxoaren 16an. Ordubete iraungo dute saioek, 19:00etatik 20:00etara, eta Gurea Pilotalekuan izango dira. Hauek izango dira entsegu egunak:
- Martxoak 16, astelehena.
- Martxoak 18, asteazkena.
- Martxoak 23, astelehena.
- Martxoak 25, asteazkena.
- Martxoak 26, osteguna.
- Martxoak 30, astelehena.
- Apirilak 8, asteazkena.
- Apirilak 9, osteguna.