Duela zenbait astetatik martxan bazen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak gaur, astelehena, egin dute San Jose egoitzaren psikogeriatria unitate berriaren inaugurazio ofiziala. San Jose egoitza kudeatzen duten ordezkariekin batera, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Ana Azkoitia alkatea eta Sonia Vazquez Gizarte Ongizate zinegotzia San Jose egoitzan izan dira goizean, eta bilera egin ostean, egoitzaren gune berritua bisitatu dute.
Dementziaren bat duten adineko pertsonei "arreta espezializatua" ematea du xede espazio berriak; izan ere, "erabiltzaileen beharretara" egokitzeko eta "arreta pertsonalizatuagoa" eskaintzeko diseinatu dute gune hori. Egoitzaren gune horretan egin dituzten azken lanek 3,39 milioi euroko aurrekontua izan dute, eta guztira, banakako hamabost logela egokitu dituzte. Hori hala, hamabi plaza izatetik hamabost plaza izatera igaro da unitate hori.
Erakundeetako eta egoitzako ordezkariek egoiliarrekin hizketaldiak izateko tartea hartu dute aurrena, eta gero egin dute bisita espazio berrira, Nekane Plazaola egoitzako zuzendariaren azalpenak entzunez. Eraikinak U-aren itxura du; alegia, bi pasillo edo korridore nagusi ditu, eta haren alboetan logelak. Logela guztiak zenbakituak dira kanpotik, eta barruan, erabilera anitzeko ohe, mahai eta komun propioak dituzte. Logelak dauden bi pasillo horiek beste korridore batekin daude lotuta, eta erdian, estali gabeko terraza handi bat du. Gune komunetan, berriz, jangela eta aisialdirako egongela daude. Era berean, bulegoa, herria nahiz Izarraitz mendia ikusten diren leihatea, kontsulta gela, terapia gela, kontrolerako puntua, bainugelak, garbiketa gela eta biltegia ditu eremuak.
San Jose egoitzan egin dituzten berritze lanak Gipuzkoako egoitzetan egiten ari diren "eraldaketaren" barruan kokatu ditu Mendoza diputatu nagusiak: "Baliabide gero eta etxekoagoak dituzten egoitza zentroak ari gara sortzen, bide batez, mendekotasuna duten adinekoen intimitatea eta duintasuna zainduz. Udalerriz udalerri, zerbitzuz zerbitzu, Gipuzkoako zainketa eredu konplexua zabaltzen ari gara lurralde osora. Horrek eragin zuzena du adinekoen ongizate integralean".
San Jose egoitzako lanketen barruan, lau fase definitu zituen aldundiak, eta Mendozak azpimarratu du dagoeneko bete dituztela horietako bi: "Zaintza eredu berria lantzen ari garela diogu guk, eta Azkoitikoa da horren adibide esanguratsuenetako bat. Egoitza berrietan zaintza eredu berria dugu indarrean, pertsonalizatuagoa eta berrikuntzan oinarritua dena. Ordea, lehendik martxan zeuden egoitzetan ere gauzatu behar zen zaintza eredu berrirako trantsizioa, eta San Jose egoitza horren adibide da. Sekulako lana egin da bakarkako logelak sortzeko, eta, aldi berean, espazio zabalagoak eta argitsuagoak eratzeko. Lan hauek egoiliarrengan, haien senideengan eta bertako langileengan inpaktu positiboa izatea nahi dugu".
Azkoitiko alkateak, bestalde, gaurko eguna Azkoitiarentzat "pozgarria" dela adierazi du. Azkoitiko Udalak duela lau urte sinatu zuen aldundiarekin zaintzara bideratutako hobekuntza lanak egiteko hitzarmena, eta Azkoitiak nabarmendu du orduz geroztik egoerari "sekulako buelta" eman diotela herrian. Azken urteetan gauzatutako lanak zein izan diren laburbildu du hark: "Garai batean zaintzari lotutako zerbitzu guztiak San Jose egoitzan genituen, baina gizarteak nahiz gizartearen eraldaketak horrela eskatuta, hobekuntzak ari gara egiten zerbitzu horietan guztietan. Iaz inauguratu genuen Garbiñe Otegi eguneko zentroa 30 plazarekin, eta orain, guztiz eraberritutako psikogeriatria zentroa dugu. Zerbitzu eta baliabide aldetik ibilbide osoa garatuta dugu, herritarrek ahalik eta denbora luzeenean bizi kalitateari eutsi diezaioten eta goxo nahiz duintasunez zahar daitezen".
Nolanahi ere, alkateak zaintzaren bueltako ibilbidea ixteko falta diren apartamentu tutelatuak ere izan ditu hizpide: "Garai batean, udalak apartamentu tutelatuak egoitzaren eraikinean zituen. Orain, falta zaigu apartamentu tutelatuak edo zuzkidurazko etxeak herrigunean martxan jartzea, gaur egunera egokitutako halako eraikin bat izatea. Herriko eragile desberdinekin batera zaintzari buruzko hausnarketa sakon bat ari gara egiten, eta espero dugu laster definituko dugula eraikin horrek nolakoa izan behar duen".