Dozenaka lagunek bat egin dute gerrari ezetz esateko

Ane Olaizola 2026ko martxoaren 8a

Parrokiak deitutako gerraren aurkako elkarretaratzea. (Ane Olaizola)

Israel eta Ameriketako Estatu Batuak Iran bonbardatzen hasi ondoren eta munduko egoera ikusita zabaldu nahi izan du Parrokiak elkartasun deia. Meza nagusia amaitzean, dozenaka herritar elkartu dira elizaren atarian, gerraren eta munduko "gatazka guztien" aurkako aldarria lau haizetara zabaltzeko.

Igandeko meza nagusia amaitzearekin bat, elkarretaratzea egin du gaur Azkoitiko Parrokiak elizaren atarian, eta haren deialdiari erantzunez, dozenaka herritar elkartu dira gerraren eta munduko "gatazka guztien" aurkako aldarria lau haizetara zabaltzeko. "Armekin eta hildakoekin ez da egia eraikitzen. Gerra gizakiontzat beti porrota da eta izango da; gizatasunarekiko porrota erabatekoa. Gerrak ez ditu arazoak konpontzen, handitu eta zabaldu baizik, zauri horregatik gaude hemen", esan dute mobilizazio horretan.  

Israel eta Ameriketako Estatu Batuak Iran bonbardatzen hasi ondoren eta munduko egoera ikusita zabaldu nahi izan du Parrokiak elkartasun deia. Haren arabera,  isiltasunak gerraren konplize egiten du, eta beraz, azpimarratu du gizarteak ezin duela isilik egon, norberaren hitza "xumea" izanagatik. 

Parrokiak onartezintzat jo du AEBeak eta Israelek "beren kabuz" hasi duten "gerra itsu eta gaiztoa", ezta gerra bera ere, gizakiak bizitzari eta askatasunari egindako ekintzarik "absurdoena" delako. Hori horrela, gerra gelditzeko exijitu dute, eta adierazi dute agintari horiek ez direla "inor" halakorik egiteko. 

Era berean, Leon Aita Santuaren hitzak gogoratuz, "armarik gabeko bake desarmatzailea" aldarrikatu dute han elkartutakoak: "Badakigu bakea egitea norberarengandik hasten dela. Maitasunaren indar apalak bakea sortzen laguntzen du. Horregatik pentsaerak eta bihotzak desarmatu behar ditugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide