Azkoitiko Parrokiak bakearen aldeko elkarretaratzea deitu du igande eguerdirako. Martxoaren 8ko 12:00etarako jarri dute hitzordua, eta kontzentrazioa eliz atarian egingo dute, Gerrarik ez; bakearen alde lelopean. Gerraren eta munduko gatazka guztien aurkako aldarria lau haizetara zabalduko dute.
Parrokiako ordezkariek esan duenez, munduko egoera ikusita, elkartasun deia zabaldu nahi dute: "Egun hauetan Irango gerraren eta indarkeriaren hotsak hurbil ditugun honetan, Gazan, Saharan, Ukrainan, Sudanen eta gerran dauden herrialde guztiak ahaztu gabe, armen bideari ezezko borobila adieraziko diogu".
Antolatzaileen arabera, gerraren biktimei elkartasuna adierazi nahi diete, haien hitzetan, botere goseak eta indarkeriak ez dutelako sekula konponbiderik eragiten: "Elkarrizketa eta gizatasuna dira gizarte gisa behar ditugun benetako balioak".