Martxoaren 8a

Ikusezintasunetik estadioak betetzera

Julene Sorarrain 2026ko martxoaren 4a

Emakumezkoen futbola isilpean eta aitortzarik gabe praktikatzetik, estadioak betetzera eta mundu osoan eztabaida sozialak eragitera igaro da. Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira Gukak kaleratuko duen erreportaje sortaren bigarrengoa da honakoa. 

Futbola munduko kirolik ezagunena dela esan daiteke. Izan ere, ez dago kirol horrek eraginik ez duen herrialderik. Klub enblematikoenetatik hasi eta jokalari gogoangarrienetaraino, futbolak jarraitzaileak ditu bazter guztietan, eta berdin dio hiri handi batean edo herrixka txiki batean egon, herritarrek beti aurkituko dute haurren bat futboleko kamiseta soinean kirol horretara jolasten ari dena.

Hala ere, futbolak ulertzen zailak diren alderdi askoko kirola izaten jarraitzen du, eta horietako bat gizonen eta emakumeen artean oraindik ere existitzen den ezberdintasun nabarmena da. Nola liteke, futbolak duen ikusgarritasuna izanik, emakumezkoen futbola oraindik ere ikusezina izatea?

Emakumeak, beste gizon batzuk bezala, futbolean aritu dira eskolako patioan edota kalean, baina noiz hasi ziren profesionalki kirol hori praktikatzen? 1894. urtean, Nettie Honeyball emakumeen eskubideen aldeko aktibistak British Ladies Football Club izeneko emakumezkoen lehen taldea sortzea erabaki zuen. Talde horrek 1895eko martxoaren 23an jokatu zuen bere lehen partida Londresen, eta gertakari horrek markatu zuen, hain justu, emakumezkoen futbolaren hasiera ofiziala. British Ladies Football Clubaren sorrera futbolean emakumezkoen parte hartzea sustatzeko eta garaiko gizartean errotutako genero estereotipoei aurre egiteko helburuarekin lotuta zegoen.

Espainiako Berdintasun Ministerioaren arabera, futbolean, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala %744koa da

Dena den, talde hura emakumezkoen futbolaren historian lehena izan arren, futbol partida informalak ere jokatu ziren emakumeen artean klub hori sortu aurretik.

Emakumezkoen futbolaren onarpena herrialde ezberdinetan eta denboran zehar aldatu den prozesu mailakatua izan da. Esaterako, Espainian emakumezkoen futbola ez zen onartu 1980ko urriaren 21era arte; hala ere, mende hasieran emakumezkoen partida estraofizialak ere izan ziren. 1970eko hamarkadatik aurrera, kirol horren ikusgarritasuna eta ospea areagotu egin ziren, batez ere 1984an Emakumezkoen Europako Futbol Txapelketa lehen aldiz egin zenean. Hori ez ezik, FIFAk (Nazioarteko Futbol Federazioa) Emakumezkoen Futbolaren Batzordea sortu zuen 1998. urtean, eta erabaki horrek futbola nazioartean sustatzeko nahi handiagoa erakutsi zuen.

Aitzindariak

Gipuzkoara etorriz, esaterako, Real Sociedad klubak 2004. urtean osatu zuen emakumezkoen lehen taldea. Gaur egun lehenengo mailan jokatzen du talde horrek, eta garaipen asko eskuratu ditu urteak igaro ahala, besteak beste, 2019. urtean irabazitako Erreginaren Kopa. Izen ospetsuek osatu dute emakumezkoen talde hori, nazioartean oihartzun handia izan duten jokalariek, tartean Maite Lizasok (Zarautz, 1983). 21 urte zituela batu zen Lizaso Realera, eta bertan jokatu zuen 2013-2014 denboraldira arte. Esperientzia "oso polita" izan zen talde hartan bizitakoa zarauztarrarentzat, baita "esanguratsua" ere. Baina postu horretara iritsi baino lehen, bestelako pausoak eman behar izan zituen. Historian zehar garrantzitsuak bilakatu diren futbolariak sarritan ez dira familia aberatsetatik atera, ezta izen handiko futbol eskoletatik ere. Askok, alderantziz, kalean arituz ikasi dute gehien, eta hori izan da Lizasoren kasua. Zarauztarrak bera baino zaharragoak diren lau anaia ditu, eta txikia zenetik futbola "arnastu" du etxean.

Sorkunde Garate: "Soldaten kontua azkenengo bost urteetan jarri da mahai gainean"

Sorkunde Garate (Azkoitia, 1965) jokalari ohiak ere antzeko istorioa du kontatzeko; izan ere, zazpi anaiarekin hazitako azkoitiarrak bere auzoko kaleetan ditu futbolari lotutako lehen oroitzapenak. Ane Campos (Getaria, 1999) Athleticeko jokalariak ere gogoan ditu bere anaiarekin eta aitarekin etxeko balkoian jokatutako lehen partida haiek.

Haurrak ziren bitartean, ez zion axola neska ala mutil izan. Beraien inguruak futbolean aritzeko espazio seguru bat eskaini zien, inolako aurreiritzirik gabe. Hazten joan ziren heinean, ordea, ikusi ahal izan zuten gizarteak zalantzan jartzen duela oraindik emakumeak kirol eremuan duen presentzia. British Ladies Football Club taldeak 1895ean jokatu zuen lehen partida hartatik jada urteak igaro dira, eta emakumeek dagoeneko erakutsi diote munduari futbolean aritzeko eta lorpen handiak eskuratzeko gai direla. Gizarteak, ordea, oraindik zalantzan jartzen du beraien trebetasuna. Egun batean, Garatek, Azkoitiko zelaian lehian zebilela –orduan harrizkoa zen–, min hartu zuen, eta zera esan zion epaile batek: "Brodatzen arituko bazina, ez litzaizuke horrelakorik gertatuko". Azkoitiarrak dio garai hartako Anaitasuna futbol klubeko kide batzuentzat emakumeak "traba" zirela. "Nesken futbola gezurra zela zioten. Niri, ordea, hainbeste gustatzen zitzaidan, ez zitzaidan axola esaten zutena. Askok galdetzen didate, ea zer egiten nuen egoera horien aurrean. 'Aurrerantz tira', erantzuten diet".

Erreferenteen beharra

Egoera horretan, asko lagundu du neskek gaztetatik erreferenteak izateak. Garatek gogoan du Donostian emakumeek jokatzen zituzten partiden inguruan irakurtzen zituela kronikak egunkarian, eta "sekulako inbidia" sentitzen zuela aitortu du. Lizasok, berriz, Maria Jauregi edota Laura del Rioren izenak aipatu ditu, txikitan miresten zituen jokalarietako bi. Camposek esan du betidanik mirestu duela Nahikari Garcia: "Zumaiako klubean nenbilela, erreferente bat zen niretzat. Gero, aukera izan nuen Realean nenbilela berarekin aldagela partekatzeko, nahiz eta bera Athleticeko jokalaria zen orduan. Pena da, zeren ni Bizkaiko taldera batu nintzenean utzi zuen berak taldea. Gustatuko zitzaidakeen berarekin talde berean jokatzea".

Maite Lizaso: "Emakumeen eta gizonen futbolaren arteko koska berdintzea oso zaila izango da"

Futbolean, azken urteetan eztabaida handia sortu duen beste gai bat izan da soldatarena. Cristina Hernandez Espainiako Berdintasun Ministerioko Emakumeen Institutuko zuzendariak iaz jakitera eman zuenez, futbolean, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala %744koa da. Hau da, batez beste, 190.000 euroko irabaziak izaten dituzte gizonek, eta 22.500 eurokoak, aldiz, emakumeek.

Garate, esaterako, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokatutakoa da, baina garai haietan futboletik bizitzea "ezinezkoa" zela dio. "Behin Danimarkara joan ginen partida bat jokatzera. Hamar egunez izan ginen atzerrian. Ni jada irakasle ari nintzen lanean, eta ordaintzen ziguten dietarekin, dirua galtzen atera ginen". Espainiako selekzioak azkoitiarra hirugarren aldiz deialdian sartu zuenean, hark ezezkoa eman zien. "Federazioak, ordea, ikastolara deitu zuen, esanez Espainiako Konstituzioak derrigortu egiten ninduela parte hartzera. Zuzendariarekin hitz egin nuen, eta, azkenean, ez joatea erabaki nuen. Soldaten kontua, eta oro har, emakumeen futbolaren gaia, azkenengo bost urteetan jarri dira mahai gainean. Ez pentsa duela askoko kontua denik".

Camposek lau urte daramatza futboletik bizitzen. Sei urte Eibarren egin zituen, eta iaz Bizkaiko talde txuri-gorriarekin sinatu zuen kontratua. Baldintzei dagokienez, "kexa gutxi" izan ditu Athleticen, klub horrek baldintza "oso onak" dituelako. "Beti egongo dira hobetzeko gauzak, baina Eibarren hasi nintzenean, adibidez, oso pozik sentitu nintzen soldata bat irabazteagatik. Txikitatik izan da nire ametsa futbola nire ogibidea izatea, eta poztu egiten zara behin hori lortuta".

Etorkizun berria

Camposek astebururo izaten ditu partidak, eta bi astetik behin, kanpora bidaiatu behar du, batzuetan hegazkinez, eta askotan autobusez. "Horretan ere ezberdintasuna dago emakumeen eta gizonen artean; izan ere, gizonek charterrean bidaiatzen dute, hau da, hegazkin pribatuan. Egia da gizonen taldea aurten Txapeldunen Ligan sartu dela eta diru sarrera handiagoa duela. Inbertsio handiagoak egiten dira gizonen kasuan, irabaziak ere gehiago dituztelako". Gainera, Athleticek emakumeen taldean asko inbertitzen duela kontatu du getariarrak, eta klubeko lehendakaria askotan joaten dela beren partidak ikustera. Hala ere, hedabideetan gizonezkoen futbolak "indar handiagoa" duela azpimarratu du jokalariak, eta emakumeen partidak soilik noizbehinka emititzen dituztela. Ildo horretatik mintzatu da Lizaso ere: "Jendeak ez du gizonekiko duen zaletasun hori emakumeekiko. Anoetan, Realaren eta Athleticen arteko partida jartzen baduzu, askotan bete egin izan da estadioa. Baina partida ez hain garrantzitsuetan ez genuke estadioa beteko. Komunikabideek ere zeresan handia dute alor horretan. Gizonen futbola gorantz doa, baita emakumeena ere, baina bien arteko koska hori berdintzea oso zaila izango da".

Ane Campos: "Txikitatik izan da nire ametsa futbola nire ogibidea izatea eta hortik bizitzea"

Gorabeherak eta zailtasunak alde batera utziz, futbolak hiru jokalari hauei emandakoak preziorik ez duela diote. "Futbolari esker, nire gustuko lagunak bilatu nituen, eta 40 urte daramatzat futboleko lagunekin oporretara joaten. Niri futbolak jendea ezagutzea ahalbidetu dit. Partida bat ikusten ari naizenean, ez naiz soilik pantailari begira ari, bizi egiten dut", kontatu du Garatek. Lizasok ere garai ahaztezinak bizi izan zituen Realean nahiz Athleticen. "Etapa bakoitzean gauza ezberdinak ikasi ditut, eta ezin naiz gauza bakar batekin geratu. Eta ez naiz ezertaz damutzen". Camposek ere lagun asko egiteko aukera izan du, eta orain, ibilbide berri bat hasi du: etorkizun distiratsua du aurretik, bera baino lehen bidea urratu zutenei jarraituz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide