Kafe kapsulak bereizita biltzeko edukiontziak jarri ditu Urola Erdiko Mankomunitateak eskualdeko zenbait herritan; tartean, Azkoitian. Hain zuzen ere, Trenbidearen Zumardian nahiz Altzibar etorbidean jarri dituzte horiek, olioa biltzeko edukiontzien ondoan.
Kafe kapsulak soilik bota ahal izango dira edukiontzi horietara, eta horrek ahalbidetuko du kapsulak eta kafe hondarrak bereiztea eta behar bezala birziklatzea. Izan ere, kapsulak birziklatuta plastikoz eta aluminioz osatutako materiala ateratzen dute, eta kafe hondarretatik substraktua.
Mankomunitateak ohartarazi duenez, kapsulen erabilera "oso ohikoa" da egunerokoan, baina "oso zaila" da horiek sortzen dituzten hondakinak modu egokian kudeatzea. "Kapsulak plastikozkoak eta aluminiozkoak izaten dira, eta kafe hondarrak izaten dituztenez, ezin izaten dira birziklatu. Gainera, beste ontzien birziklatze prozesua eragozten dute", adierazi du erakundeak.