Klik!

Hitzei irudia, eta alderantziz

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 22a

Bixen Irusta argazkilaria. (Maddi Txintxurreta)

Idazteko plazerak eraman zuen Bixen Irusta argazkigintzan murgiltzera. Sare sozialen bidez bere zaletasuna opari ematen du goizero, lehenengo kafearekin batera irudi, testu eta kanta bana hartu nahi dituenarentzat. Ez da argazkilari profesionala, eta horrek, bere esanetan, nahi duena egiteko askatasuna ematen dio. Askeak izan daitezke, halaber, bere lanari eskainitako begiradak. Otsaileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako Klik! argazki erreportajea da honako hau:

Kale egin gabe

Bixen Irusta (Elgoibar, 1969) betidanik da irakurzalea eta melomanoa; beranduago iritsi zitzaion afizioen triangelua osatuko zuen zaletasuna: argazkigintza. Aurretik, berak idatzitako testuak beste norbaitek egindako argazkiekin argitaratzen zituen Facebooken, harik eta ilustratzaile batek ohartarazi zion arte irudien egile eskubideekin arazoak izan zitzakeela. Testuak argazkiekin janzten segitu ahal izateko, argazkigintzan trebatu zen, eta bost urte dira jada argazki kamera leku guztietara eramaten hasi zela. Orain, argazkiak testuekin janzten ditu, eta gustuko duen kanta batekin lagunduta argitaratzen ditu Instagramen. Goizero errepikatzen du errituala: 06:00etan aste barruko egunetan eta 07:00etan asteburuetan; kasu horietan reel bat argitaratzen du, testurik gabe. Horrela, lehenengo kafea hartzen ari direnei eguna hasteko modu desberdin eta intimo bat ematen die opari. Irustak asko disfrutatzen du, eta jakin ahal izan duenez, argitalpenak goizero ikusten dituztenek ere bai. Soilik udaran hartzen du atseden, langile finen eran.

Zimurrak

Getxophoto jaialdian (Bizkaia) egin zuen argazki hau, duela lau bat urte. Aurpegidun basura poltsak dira, zimurrez tolestuta eta itxita dagoen gasolindegi batean utzita: kamerari klik egiteko eszena ezin aproposagoa. Honako esaldia aukeratu du Bixen Irustak argazki hau janzteko: "Gure mugen eremua zabaltzea larruazalean ukiera bat dugun istant bakoitzean ematen da".

Irribarrea

Xabier Etxaniz Azkoitiko soinu eta pandero joleari irribarre erdi bat lapurtu zioeneko erretratua da honakoa. Zarautzen harrapatu zuen Bixen Irustak, zapia lepora lotuta zuela, Euskal Jaietan. "Paperezko orrialde batek infinitua eduki du, irribarre baten, ordea, bere zabaltasunaren muga" testuarekin argitaratu zuen irudi hau Instagramen.

Zortea eta bista

Argazki kamera beti soinean eramateak bere abantailak ditu: une egokia suertatzen deneko irudiak ezin dezake ihes egin. Eta, adibidez, Baionako arte galeria batean dagoenari zorteak beiratean islatutako aurpegi bat oparitzen badio, eta gainera, Adur ibaiak janzten badu kristalaren bestaldeko paisaia, kameraren botoia sakatzea nahikoa izaten da argazki on bat egiteko. Hala ere, zortea soilik ez, bista ona ere behar izaten da horrelako irudi bat ehizatzeko, eta Irustak badu hori. Honako esaldia aukeratu du irudi honentzat: "Isiltasuna egin zen nagusi, eta zorion antzeko zerbait sentitu nuen bizitza honen izateaz ezer gutxi ulertzen dudala jabetzean".

Mugimendua

Argazkiak ez du, halabeharrez, estatikoa izan behar. Mugimendua irudikatzeko ahalmena izan dezake, azkoitiarrak dantza ikuskizun batean egindako argazki honetan erakusten duen moduan. Hitzok lotu dizkio irudi honi: "Munduari inkoherentzia bat aurkezteko beldur ez den guztiaren gainean edukia galdu duen larruazala; horrela hasten dira eraikuntzak".

Kea

Bilboko Guggenheim museoaren kanpoaldean harrapatu zuen une hau Irustak. Kearen artean azaltzen dira bi haur, eta haien isla erakusten du ibaiak. Testu hau hautatu du: "Hemendik urrun, lainoen iraganean. Denbora urertzeraino iristen diren olatuak bezala mugitzen da. Etorri den guztiak eta lehenago joan de orok talka eginez, pentsamendu hauek azaltzen diren bitartean amestuz. Arnasketa baten barruan dena inhalatuz eta sentitu dugun guztia hatsaz askatuz".

Surfa eta egunsentia

Surfa gustatzen zaio Bixen Irustari, eta zer esanik ez egunsentiak. Ziurtatu duenez, Zarautz "plaza indartsua" da argazkiak egiteko, kostaldeko herri horretako egunsentiek badutelako "zerbait berezia". Goiztiarra da Irusta, eta egunsentiek asko ematen diotela dio, berdin garbi esnatzen diren egunetan ala giro euritsuak apaintzen dutenean. "Egunero da desberdina", agertu du. Esaldi hau otu zitzaion surflariaren irudia hartu zuenean: "Begiratzearen ekintza garbia balitz [...], so egitea litzateke, egitea, egina izatea; argia eta airea arnastea".

Arte ederrak

Bilboko Arte Ederren Museoan Juan Muñoz eskultorearen artelana hilezkortu zuen Azkoitiko bizilagunak irudi honetan, eta honako esaldi hau esleitu dio: "Istant baten perspektiba gara, hain bitxi, hain benetako...". Arteak artea sor dezakeela erakusten du Bixen Irustak.

Amorante

Herrikide eta lagun du Iban Urizar Amorante. Donostiako Kontxako badian egin zion argazki hau, eta testu hau atera zaio: "Errutina ez da egunero egiten den zerbait, bizitzetik ahazten duguna baizik... Eta ez dugu ahaztu nahi, ibili ez genituen bideak asmatu nahi ditugu".

Ezohiko lore bat

Musika, surfa, artea, pertsonak eta haien adierazpideak... sarri azaltzen dira Bixen Irustak goizero Instagramen argitaratzen dituen argazkietan; haren profilean ezohikoagoak dira, aldiz, goiko argazkiaren itxurakoak. "Ez naiz horrenbeste honen zale", aitortu du. "Izana gabeziarantz doa, samina ahaztuz" esaldia itsatsi dio lorearen argazkiari.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide