Glutenik gabeko dieta, sendabide bakarra

Naia Arrizabalaga 2026ko apirilaren 2a

Glutendun zenbait jaki. (Freepik)

Azkoitian, guztira, 68 zeliakia kasu daude identifikatuta. Glutenik gabe jatean datza beraien dieta, jatorduak erabat baldintzatzen baititu zeliakiak. Ordea, ez da janarira soilik mugatzen aldaketa: garestiago ordaindu behar dute, eta etxetik kanpoko janarien kontaminazio gurutzatuaren beldur ere izaten dira maiz.

Izenak soilik ez, zeliakiak ere batzen ditu Alaitz Arrieta (Azkoitia, 1979) eta Alaitz Sudupe azkoitiarrak (Azkoitia, 2013). 18 eta 2 urterekin jaso zuten diagnostikoa hurrenez hurren; hau da, duela 28 eta 11 urte, eta ordutik gaitzarekin bizitzen ikasi dute bi lagunek, diagnostiko bera duten beste 60 azkoitiarrek baino gehiagok egin duten moduan. Izan ere, behin diagnostikoa jasotzen dutenek sendabide bat eta bakarra daukate bizitza osorako: glutenik gabeko dieta. Ez dago ez pilula magikorik, ez botikarik, zeliakia senda dezakeenik. Hasieran "zaila" badirudi ere, zeliakoek azaldu dute norbera zein ingurukoak pixkanaka ohitzen direla errealitate berrira.

 

"Irakurtzen ikasi nuenean, goxoki dendan goxokien osagaien zerrenda irakurtzen nuen", dio Sudupek. 2 urte betetzear zela, 2014ko abenduan, diagnostikatu zioten zeliakia, eta hain txikia izanda, bere bizimoduko oroitzapen "guztiak" glutena jan gabekoak direla azpimarratu du hark; hau da, proteina multzo hori kontsumitu gabe darama bizitza ia guztia. Bere amak, Nerea Ibargurenek (Azpeitia, 1986), ordea, ondo gogoan dauka, 2 urteko alaba "oso ahul" ikusten zuela diagnosia jaso aurretik, eta digestio arazoak zituela etengabe. Medikuarenera hainbatetan joanagatik, jasotzen zuten erantzuna beti zen bera: gastroenteritisa. Egun batean, txizako infekzio bat zela-eta Zumarragako Ospitaleko larrialdietara jo zuten, eta hango mediku batek gomendatuta glutena kendu zioten Suduperi, proba gisa. Aldaketak "berehalakoak" izan ziren bere amaren hitzetan; "beste haur bat" bilakatu zela nabarmendu du hark.

Bere aldetik, duela 28 urte jaso zuen Arrietak zeliakiaren diagnostikoa: "Gure etxean kaosa izan zen", hala gogoratzen du unea. 1997an jakinarazi zioten gaixotasuna, 18 urte zituenean. Hark ere haurra zenetik izan zituen digestio arazoak, baina anemia "gogor" bat medio diagnostikatu zioten zeliakia: "Haurra nintzenean pediatrak pisuaren eta altueraren parametroetan sartzen nintzela esaten zuen, eta zeliakia erabat baztertzen zuen". Anemiaren ondorioz eta iridiologo batek hala gomendatuta, familia medikuari zeliakia probak egiteko eskatu zion, eta urtebete probak egiten pasatu ostean lortu zuen diagnostiko ofiziala.

Alaitz Arrieta. (Naia Arrizabalaga)

Gero eta kontzientzia handiagoa

Azkoitian, guztira, 68 zeliakia kasu daude identifikatuta gaur-gaurkoz, eta horietatik hamar pediatrikoak dira. Ainhoa Uranga (Azpeitia, 1996) eta Itziar Lopez (Azkoitia, 1987) medikuek eguneroko lanean gertutik bizi dituzte osasun kontuak, eta gaur egun zeliakiaren inguruan dagoen kontzientzia "handia" dela diote. Horrez gain, emakumeen artean zeliakia kasu "askoz gehiago" daudela ere azaldu dute haiek.

Glutenak pertsonen digestio aparatuan inflamazioa eragin dezake besteak beste, eta gaixorik ez egonda ere, kalteak eragin ditzake. Zeliakia zertan datzan azaldu du Urangak: "Pertsona bati glutena digestio aparatura iristen zaionean, aparatuak kanpoko zerbait bailitzan identifikatzen du eta horrek erreakzio immune bat sortzen du". Heste meheko mukosan alterazioak eragiten ditu horrek, modu zuzenean. Erreakzio immunearen sintomak ugariak izan daitezke medikuen esanetan: hesteen erritmoan aldaketak, digestio astunak, sabela puztea, anemia edota elikagaiak ongi ez xurgatzea. Hala ere, horiek ez ezik, askotariko kasuak zein sintomak egon daitezkeela gaineratu dute; horien artean, nekea.

"Aurrez glutendun zerbait erabili bada zartaginean, hori guretzat kaltegarria da"

Alaitz Arrieta, zeliakoa

Genetikak ere garrantzia izan dezake gaixotasunaren transmisioan, eta zeliakia diagnostikatutakoan lehen graduko gertukoei, etxekoei, probak egitea gomendatzen die Lopezek. Urangak, berriz, azaldu du posible dela gurasoren edota gertukoren batek zeliakoaren genea eduki baina gaixotasuna garatuta ez izatea. Suduperen aita, esaterako, genearen eramailea da, baina hark ez du glutena kontsumitzeko inolako arazorik, genea garatu gabe baitauka. Hori, ordea, alabaren diagnosiaren ondoren jakin zuten hark. Arrietaren kasuan, hark diagnosia jaso zuenean familian ez zegoen bestelako kasurik ere, baina gerora agertu dira.

Nerea Ibarguren eta Alaitz Sudupe ama-alabak. (Naia Arrizabalaga)

Gozoa, gazi

Arrietak zein Sudupek gaitzarekin bizitzen ikasi dute, eta garaiak aldatzen joan direla ere ikusi dute. Izan ere, Arrietaren arabera, hark duela 28 urte diagnostikoa jaso zuenean, gaixotasuna "ezezaguna" zen gizartean, eta informazio falta, berriz, ugaria. Informazioa eskuratzeko ezaguna zuen zeliako batena jotzeaz gain, Euskadiko Zeliakoen Elkartera (EZE) ere jo zuen. Bertan hainbat ikastaro egin zituen, besteak beste, elikagaiak etxean prestatu ahal izateko. Ibargurenek, bere aldetik, adierazi du beste zeliako batekin jarri zela harremanetan nola moldatu jakiteko. Gaur egun, aldiz, sare sozialetan informazio ugari dagoela diote biek, eta horiek baliatzen dituzte errezeta berriak aurkitzeko edota markak ezagutzeko.

Ezagutzarena ez da izan aldaketa bakarra, ordea, Arrietaren esanetan. Izan ere, duela ia hogeita hamar urte belar dendan soilik lortu zitzakeen produktuak, eta gaur egun supermerkatuetan ere aukera badagoela azpimarratu du. Horrez gain, Azkoitian kalera irten eta glutenik gabeko ogitarteko bat jatea lehen "ezinezkoa" zela oroitzen du, eta orain, zorionez, zerbitzuz "hornituago" ikusten du herria. Suduperen arabera ere orain supermerkatuetan zeliakoentzat "aukera asko" dago, baina bere amaren hitzetan, duela hamabi soilik leku jakin batzuetan besterik ez zeuden haientzat jakiak. Era berean, etxetik kanpoko aukerak areagotu badira ere, Sudupek nabarmendu du jatetxeetara joaten denean beti galdetu behar izaten duela glutenik gabeko jakiez, eta "sorpresak" ere jaso dituela aitortu du, irribarretsu: "Lehengo batean, Donostian, tartaz beteriko denda batean, gazta tarta bat ikusi nuen. Glutenik gabea al zen galdetu nuen esperantza handirik gabe, baina erantzun zidaten dendako tarta guztiak glutenik gabeak zirela".

"Alabari dietatik glutena kendu ziotenean, beste haur bat bilakatu zen"

Nerea Ibarguren, Alaitz Suduperen ama

Tartek ez ezik, orokorrean gozoek sortzen diote tentazio handiena Suduperi. Ordea, gozoaren aukera gazia suertatu izan zaie zeliakoei behin baino gehiagotan. Supermerkatuetan jaki gozo asko aurkitu badituzte ere, sarritan "lehorrak" direla diote biek ala biek. Horretaz gain, etxetik kanpo jateko aukeren artean, Arrietaren arabera gosariak dira "murritzenak", ez baita ohikoa, esaterako, glutenik gabeko napolitanak edota croissantak aurkitzea kafetegietan eta tabernetan.

Gaixotasunak norbanakoei soilik ez, familiari ere "aldaketa" eragiten diola esatean bat datoz biak. Hasieran, etxean janaria zeliakoentzat beraientzat aparte prestatzen bazuten ere, irina eta ogi birrindua besteekin partekatzen hasi ziren gero, glutena albora lagata. Pastaren edota ogiaren kasuan, ordea, aparte erosi zein prestatzen dute familiek. Gaixotasunaren alde txarrak badirela dioen arren, Sudupek berak jan ditzakeen elikagaiekin betetako kaxoi bat izatea ikusten du alde ontzat.

Aukerak ugaritu badira ere, glutenik gabeko jakiak askoz garestiagoak dira besteak baino. Ibargurenen arabera, egunerokotasunean alde "ikaragarria" antzematen dute glutenik gabeko eta glutendun janariaren arteko prezioan: "Ohiko ogi birrindua kiloa euro bat inguru kostatzen da, eta gluten gabeko 250 gramo, bi euro". Gauza bera gertatzen da ogiaren kasuan ere: Arrietak etxean bertan egiten du beretzako ogia; Sudupek, aldiz, adierazi du probatu dituenen artean bakarra duela gustuko.

Etxetik kanpo jatean, berriz, kontaminazio gurutzatua jasatea da arriskutsuena, Arrietaren arabera. Izan ere, kontu handiz ibili behar izaten dute ahora eramaten dutenarekin: "Patata tortillaren osagaiek ez daukate glutenik, baina patatak egiteko erabiltzen den zartaginean aurretik glutena duen zerbait erabili bada, hori gure hesteentzat kaltegarria da". Hau da, zeliako batentzat glutenik gabe jatea datza glutenarekin inoiz kontaktuan egon ez den zerbait jatea. Ildo horretan, Sudupek adierazi du "beldurra" ere izaten duela etxetik at jaterakoan. Gainera, inoiz probatu izan dute biek, nahi gabe eta kontaminazio gurutzatuaren ondorioz, glutena jatea zer den, eta kaltea "azkarra eta nabarmena" izan dela diote.

Hala ere, zeliakiaren inguruko kontzientzia gizartean nabarmen areagotu dela garbi dute bi zeliakoek, eta garbi ikusten dute mediku kontsultetan Lopez eta Uranga medikuek ere. Gaur egun, "jende asko" joaten zaie digestio arazoez galdezka, eta gizartean glutena jateari uzteko joera zabaldu bada ere, azpimarratu dute zeliakoen kasuan ez dela borondatezkoa, baizik eta "beharrezkoa".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide