Mendi auzoetako baserrien seinaleak berritzen jarraitzen du Azkoitiko Udalak. Iaz Urrategi auzoan egin bezala, Madariagako baserri izenen seinaleak berritu ditu azken egunetan erakundeak. Udalak emandako datuaren arabera, lanketa horrek 17.576 euroko aurrekontua izan du. Guztira, 60 gezi jarriko ditu udalak 22 seinaleztapen-puntutan baserri bidea edo norabidea erakusteko.
Euskarri gisa, zutoinak izango dituzte denek. "Baserriak aurkitzea eta baserrietara iristea errazagoa egiteko ipini dira seinaleak, baserri-bideak hobetzeko planaren barruan", adierazi du udalak. Faseka, beste auzoetan ere seinaleak berritzea aurreikusten du udalak, Urrategi eta Madariaga auzoetan egin bezala. Aurreikusitakoaren arabera, aste honetan bertan bukatuko dituzte lanak Madariagan.