Euskalgintzan ibilbide luzea du Joxerra Olanok (Azkoitia, 1962), 40 urte oso igaro baititu euskaltegietara lotuta, besteak beste. 1985. urtean Arabako Errioxan hasi zen lanean, eta sei urte egin zituen Bastidatik Mendabia arteko euskaltegietan euskara irakasten. Gainontzeko 34 urteak, berriz, Nafarroan igaro ditu; zehazki, IKAko Barañaingo Sahats euskaltegiko irakaslea da, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu hark lurraldeko IKAren euskaltegien zein euskararen egoerak. Irakasle lanak ez ezik, IKAren bozeramaile lanak egiten ditu Nafarroan, eta erakundeekin harremanetan egotea ere egokitzen zaio.
Zein da Iruñerriko euskaltegietako erradiografia?
Azken urteetan, ikasleen kopuruak goranzko joera hartu du Nafarroan, bai euskalduntzean, bai alfabetatzean. Motibazio aldetik, berriz, egoera ez da askorik aldatu, eta motibazio instrumentala deritzonak pisu handiagoa du Euskal Autonomia Erkidegoan Nafarroan baino; hemen, motibazio identitarioa, nortasunari lotutakoa, da nagusi. Dena den, motibazio instrumentalak bultzatuta, etortzen dira EGAko, C1eko eta C2ko taldeetara; gero eta gehiago dira halakoak, euskaraz lanean ari direnak eta laguntza berezia behar izaten dutenak. Baina batez ere hona datorren jendea euskalduntzera dator, titulua ateratzeko asmo ikaragarririk gabe. Motibazioaren alorrean, alde dezentea dagoela ikusten dugu Arabako IKAtik Nafarroakora. Azken batean, gure helburua hiztun aktiboak lortzea da. Jakin badakigu EAEn pisu handia izan duela tituluen kontuak, eta horretan, gure ustez akats estrategiko batzuk egin ziren bere garaian; esaterako, doakotasuna emaitza akademikoekin lotzea. Baina titulazioarena administrazioen arazoa izan da, eta gobernuarekin elkartzen garenean, askotan esaten diogu: zuek egiaztatu beharra daukazue langileak maila jakin bat duela hark zerbitzua eman ahal izateko. Hori administrazioaren kontua da.
Bestalde, Nafarroa oso zentralista da; Iruñerriak zehazten du Nafarroako dinamika, eta hori oso nabarmena da. 80ko hamarkadan etorri nintzen Iruñera ikastera, eta orduan, kalean bateren bat euskaraz ari zela entzuten bagenuen, harengana biratzen genuen burua. Gaur egun, uste dut jendea harrituta geratzen dela hemen zenbat euskara entzuten den konturatzean, auzotik auzora alde handia egonagatik. Garbi dago erabilera gora egiten ari dela. Eta euskaltegiei dagokienez, garai bateko irakasleak erretiroa hartzen ari gara orain; ordezkatze prozesu bete-betean gaude. Eta Nafarroan behintzat ez dugu zailtasunik ordezkorik bilatzeko; hori pozgarria da, eta izan daiteke aparteko datu bat ere.

Argazkia aldatu egiten al da zonaldez zonalde?
Euskaltegiei dagokienez, koordinakunde izaerak aukera ematen du tokiko errealitatera ahalik eta ondoen egokitzeko. Zentzu horretan, jarduerak aldatu egiten dira: Vianan, esaterako, IKAren jarduerak eragin handia izan du hango euskaldunen elkartearen sorreran, horren beharra zegoelako. Beste zonalde batzuetan, berriz, alfabetatzeak pisu handiagoa izan du: Bortzirietan, kasurako. Jarduera aldatu egiten da, beraz, eta errealitate soziolinguistikoa bera ere oso desberdina da. Errealitatea aldatzen ari da dena dela ere, egoera soziolinguistikoa aldakorra den zerbait baita. Hemen oso nabarmena izan da hori, 40-50 urteko perspektiba dugunok aldaketa handiak ikusi baititugu. Batez ere, Nafarroaren erdialdean, Lizarran, Tafallan eta baita Erribera aldean ere, oso errealitate desberdinak ditugu, eta egiten denaren araberakoa da hori. Izan ere, herri batzuetan lan handia egin da, eta egoera aldatu da hein batean. Esaterako, Viana datorkit berriz burura: hango euskaltegia duela 50 urte hasi zen lanean, eta errealitatea aldatu egin da herrian. Erriberan, ezer gutxi egin den beste hainbat herritan, berriz, egoera bestelakoa da, dudarik gabe. Nafarroa oso anitza da zentzu horretan.
Horrez gain, jendeak maiz uste du IKAren berezko egitekoa dela soilik eskolak ematea, baina jarduera zabalagoa da: Iruñerriko euskaltegietan, esaterako, euskara elkarteen zein komunikabide batzuen sorreretan parte hartu izan dugu, eta udaleko lantalde organikoan ere eskua sartzen dugu ahal dugunean.
Nafarroako euskal hiztunen egoera ezin da ulertu Euskararen Legerik gabe. Aurten 40 urte beteko dira Nafarroa hiru zatitan banatzen duen lege segregatzailea ezarri zenetik. Horrek goitik behera baldintzatzen al du lurraldeko egoera soziolinguistikoa?
Euskararen Legearena ikaragarria da. 1985ean Arabako Errioxan hasi nintzen lanean, eta garai hartan han zegoen egoera soziolinguistikoa askoz okerragoa zen gaur egun Erriberan dagoena baino. Euskara ofizial izateak ez zuen inongo kalterik eragin Arabako Errioxan; justu kontrakoa, erraztu egin zuen euskalduntze bidea.
Legeari dagokionez, askotan perspektiba galdu egiten dugu: legea, batetik, oso berezia da, ez dut uste munduan horren pareko besterik dagoenik. Eta berezia da euskara gaixotasun kutsakortzat hartzen duelako. Azken batean, eremuka banatzearen atzean dagoena horixe da, baina inoiz ez dugu jakin zein izan zen legea ezartzerako erabili zuten irizpidea. Susmoa dugu helburua ote zen euskaldunen kopurua %10ekoa izatea, baina inork ez du orain arte aitortu. Bestetik, legeak hezkuntza eta administrazioa arautzen ditu eta ez gainerako alorrak, eta hori ere guztiz zaharkituta dago. Horrez gain, ezin dugu ahaztu, herritarrak, hiztunak, bizitokiaren arabera arautzea aparteko gauza bat dela, eta ez dago jurista izan beharrik hori baieztatzeko. Jakina, horrek baldintzatu egin du, eta bestela, har dezagun Arabaren ispilua: errealitate soziolinguistikoa hobea zen Nafarroa Garaian 1986an –Euskararen Legea ordukoa da– Araban baino, eta gaur egun, datu hobeak ditugu han. Legea oztopoa da dudarik gabe, eta oztopo da, gainera, lehen aipatu dugun motibazioari dagokionez ere. Jakina, Araban administrazioa izan da akuilu motibazio instrumentalean.
Horrez gain, legea oztopoa izan da beste hainbat alorretan ere: 2017an, administrazioa saiatu zen euskararen erabilera arautzen duen foru dekretu berria egiten, eta legea traba izan zen horretarako. Alde horretatik, administrazioak herritarroi ematen digun zerbitzua erabat trabatua da. Borondate politikorik ere ez da izango seguruenik, baina legearen trabak ere hor daude.

"Euskararen legea oso berezia da, ez dut uste munduan horren pareko besterik dagoenik"
Legea indarrean den 40 urteko perspektibak zer ondorio ateratzera eramaten zaitu?
Ezinbestekoa da euskara ofiziala egitea Nafarroa Garaia osoan, nahiz eta bigarren mailako ofizialtasuna izan. Araubidean pausoak ematea ezinbestekoa da. Gure ikuspegitik, gaur egun hori da lehentasuna, eta politikariekin elkartzen garenean ere askotan aipatzen diegu hori. Haiek esaten digute diruz hobeki gabiltzala orain, eta noski baietz, 2015era arte diru laguntzarik ez baikenuen jasotzen. Baina ez goaz haiengana dirua eskatzera, neurri politikoak baizik.
Legearen eraginez, euskararen ofizialtasuna lurraldearen zati txiki batera mugatzen da, eta beste milaka pertsonari oinarrizko hizkuntz eskubideak urratzen zaizkie. Urte hauetan guztietan, Nafarroan sentsibilitate desberdinetako alderdiek osatu dituzte gobernuak, baina inork ez dio euskarari berdintasun estatusa eman Nafarroa osoan.
Lehendabiziko egiaztapena da 2015eko gobernu aldaketa demokrazia burgesetan osatuta tartean behin gertatzen den txiripa baten ondorio izan zela, eta ez parlamentuan gehiengoa lortu zutenen jardun eredugarriaren ondorio. Zenbaiti ahaztu egin zitzaien hori. Horrez gain, ofizialtasunaren alde zeudenek hanka sartze ikaragarria egin zuten gobernu akordioa negoziatzerakoan: euskararen ofizialtasuna ezinbesteko baldintzatzat jarri izan balute, besteek onartu beharra izango zuketen.
Lau urte horietakoa aukera galduen agintaldia izan zela iruditzen zait. Jarrera kikila izan zuten euskarari dagokionez, etengabe aritu ziren begira besteek, UPNk eta, zer esango zuten… Behin, UPNkoek galdetu zidaten ea igelarena egin behar al genuen. Nik ez nuen ulertzen zer esan nahi zuten, baina gerora jakin nuen xakela ur hotzetan sartzen dela eta gero berotu aldi bat ematen zaiola. UPNkoek beraiek ere ez zuten ulertzen gobernukoak nolatan ez ziren ari bestelako neurriak hartzen euskarari dagokionez. Agintaldi horretan, gobernukoek behin eta berriz esaten ziguten: "Hurrengo agintaldian". Baina hurrengo bi agintaldietan PSNren parte hartzea ezinbestekoa izan da gehiengoa osatzeko, eta alderdi hori ez da milimetro bat ere mugitu euskarari dagokionez.

Iruñean bizi zara zu, eremu mistoa izendapena duen zonaldean. Egoera soziolinguistikoak gazteleraz egitera bultzatzen al zaitu?
Bigarren mailako ofizialtasuna aipatu dugu lehen, baina askotan esaten dut eremu mistoan bizi garen euskaldunok hirugarren mailako herritarrak garela, eta ez euskalduntzat jotzen duten horretakoak, laugarren mailakoak. Nire egunerokotasunari dagokionez, pribilegiatu bat naizela iruditzen zait: lanean euskaraz jarduten dut, etxean ere bai, eta seguruenez, Iruñeko auzorik euskaldunenean bizi naiz. Nire ingurua zeharo euskalduna da, eta kasualitatez, medikua ere euskalduna dut, baina egia da galdezka ibili behar izaten dugula mediku euskaldunik ba al dagoen, eta bestela, borrokalari bihurtu besterik ez duzu, baina horrek ere nekatu egiten zaitu. Gainera, arlo horretan –osasun sisteman– ez dago inongo planifikaziorik. Horrez gain, argi dago administrazioaren zerbitzuak jasotzerakoan muga nabarmenak daudela.
"EAEn kikiltze nabarmena gertatzen ari da hizkuntz politikari dagokionean"
Administrazioari lotuta, baina arlo juridikoan ere oldarraldi betean da euskara, hainbat epairen ondorioz, lan eskakizunen langa jaitsi egin baita azken urteetan.
Ildo horretan, gero eta gertuago ikusten ditut Nafarroako eta EAEko errealitateak. Nafarroan ederki ezagutzen dugun prozesua da oldarraldiarena. Arlo horretan erabiltzen duten eta zabaltzen ari den diskurtsoa, funtzionario izateko eskubidearena, hemen lehenagotik ere erabili izan dutena da. Hizkuntza politiken arduradunen ahotan ere antzeko diskurtsoak, oso diskurtso nafarrak, ari naiz entzuten EAEn: "Euskaldunak limurtu eta seduzitu behar ditugu" eta halakoak. Berez erabaki politikoak hartu behar dituenak halakoak esatea kezkagarria iruditzen zait. Nafarroan gobernua eskizofreniko samarra da euskarari dagokionez, eta Geroa Bairen arduradun politiko baten ahotan entzuten duguna da esaldi hori.
Funtzionario izateko eskubidearen diskurtsoa orokortzen ari dela diozu.
Funtzionario izateko eskubiderik ez dago. Administrazioa herritarrari zerbitzu egoki bat emateko dago, eta zerbitzu egokia emateko betebeharren artean dago hizkuntzarena ere. Esaterako, nik ez dut mediku izateko lan deialdietara aurkezterik medikuntza titulurik ez dudalako, eta ez zait burutik pasatzen esatea horregatik baztertu egiten nautela. Baina hori guztia zabaldu dute, eta oso diskurtso erraza da, demagogikoa, eta arriskutsua. Eta hori ez zaio herritar bati bururatu bat-batean; bultzatutako zerbait da. Behin baino gehiagotan entzuten ari gara, eta epai batzuek ere hala diote. 8 urteko ume batek hankaz gora jartzeko moduko diskurtsoa da, baina euskara ikasi nahi ez duen herritarrarentzat, oso esker onekoa. Bestalde, oldarraldia aipatzen ari gara azkenaldian, baina ahaztu egiten zaigu indarrez okupatutako herri batean bizi garela. Gure errealitatea zein den gogorarazteko balio digu gertatzen ari denak.
Aipatu duzun funtzionario izateko eskubidearen diskurtsoa inposizioarenarekin nahasten da zenbaitetan, ezta?
Hobe bai inposatzerik bagenu [barrez]. Inposatzeko, ordea, indarra behar da, eta gauza onak ez dira inposatzen, gainera. Imajinatzen al dugu esaldi hau? "Kariben hamabost eguneko egonaldi bat inposatu didate". Inposatu hitzak badakar konnotazio negatiboa. Eta hizkuntza bat jakiteak kalterik ez duela egiten garbi dago, baita hemen inposatu diren hizkuntzak gaztelera eta frantsesa izan direla ere. Eta ingelesa ere bai. Nafarroako hezkuntza arautuan gehiago inposatzen da ingelesa euskara baino. Esan bezala, ahala behar da zerbait inposatzeko, eta horretan eskas gabiltza. Ausardia politikoa ere behar da, eta urrun gabiltza hortik ere.
Oraindik jarraitzen al du egoten euskaldunoi lotutako pentsamolde jakin batek?
UPNkoek oraindik badarabilte euskararen politizazioa beren diskurtsoan. Horretaz luze hitz egin genezake, eta Nafarroan, are eta luzeago: izan ere, historikoki Nafarroako euskaltzaletasuna ez da bat etorri izan abertzaletasunaren esparruarekin bakarrik. 1972-73 ikasturtean hasi zen Iruñeko Arturo Campion euskaltegia eskolak ematen, eta diputazio frankistak diru laguntza ematen zion euskaltegiari. Historian atzerago jota, karlismoan bazegoen adar euskaltzale bat Nafarroan. Euskararen aurkako jarrera hainbat esparrutan berria da, trantsizio garaikoa.
Gauza asko entzun izan ditugu honetan jardun dugunok: nazio eraikuntzan ari ginela, terroristak ginela, eta orain, funtzionarioen eskubideena tokatzen da. Guk, azkoitiarrok eta, ordea, ederki dakigu euskarak ez dakarrela ideologia politiko bat atzean, edozein alderditakoa izanagatik, euskaraz hitz egiten dutelako han. Hizkuntzak komunikaziorako tresnak dira, eta denek balio bera dute. Diskurtsoaren hariari tiraka hasiz gero, gainera, arrazakeriara iritsiko ginateke.

"Diskurtsoaren hariari tiraka hasiz gero, arrazakeriara iritsiko ginateke azkenean"
Zurea ez ezik, gero eta eragile gehiagoren eskaera orokortuagoa da politika ausartak behar direla.
Hizkuntza politika izan daiteke egiten dena eta egiten ez dena, eta aldekoa edo kontrakoa. Nafarroan, kontrako politika da egin dutena. EAEn, berriz, kikiltze nabarmena gertatzen ari da. Lehen, Bizkai aldeko EAJkoek soilik esaten zuten garbi euskararen alde ausartegi jokatzeagatik botoak galtzeko kezka zutela. Gaur egun, kezka hori erabat hedatu dela esango nuke, ez EAJn bakarrik, baita handik kanpo ere, ezker abertzale ortodoxoan barne. Iruditzen zait, batetik, hori ez dela horrela, eta horrela izanda ere, beste leku batera irits gintezke hari horri tira eginda. Beste esparru batzuetara ailegatzeko oztopoa al da euskara? Ezetz uste dut nik. Diskurtso koherente eta garbi gutxi dagoela uste dut indar politiko euskaltzaleen artean ere.
Bestalde, badirudi politikariek maiz herritarren onespena behar dutela euskararen inguruko neurri politikoak hartzeko, eta hori soilik euskarari gertatzen zaio. Gainerakoan, esaterako genero berdintasunaren politikan, inori ez zaio okurritzen herritarren iritziaren araberako neurriak hartzea.
Testuinguru horretan guztian, euskararen Pizkundea iragarri berri du euskalgintzak.
Euskararen aldeko mugimenduak behar du pizkundea, nolabaiteko bizkortze bat behintzat. Esango nuke, batez ere EAEn, euskararen inguruko tentsioa jaitsi egin dela. Orain pribilegiatuak omen gara horretan. Baina egia da politika ausartak behar ditugula, helburu garbikoak eta baliabidez ongi hornituak. Une honetan eta historikoki, hizkuntza politikaren helburua zera izan da: administrazioak ematen dituen zerbitzuak euskaldunek jaso ahal izatea, euskalduntzearen alorrean sortzen denari erantzutea eta hezkuntza arautuan guztiek gutxieneko ezagutza izatea. Hori kasurik onenean; txarrenean, euskara desagertzea izango litzateke. Iruditzen zait gogoeta egin beharko genukeela horren inguruan. Ausardia behar da, eta jomuga urrun samar jarri, gertu jarriz gero bai baitakigu zer gertatzen den.
Garbi dago gure artean ahaleginak egin behar ditugula. Geure artean, askotan jolas gisa planteatzen dugu honako galdera hau: azken 50-60 urteotan gure herriko politikagintza formalean egin diren ahaleginak eta horiek izan duten zentralitatea zein izan den kontuan hartuta, horren pareko guztia egin izan bagenu herria euskalduntzen, zein egoeratan egongo ginateke euskalduntzeari eta egoera politikoari dagokienez?