Nolakoa da zure sorlekua?
Turismotik bizi da herria, Arenal sumendia dagoelako ondoan. Ur termalak daude inguruan, eta hotel asko. Neu ere turismoaren arloan aritzen nintzen lanean Azkoitira etorri aurretik. Nazioarteko sukaldaritza eta gozogintza ikasi nituen, eta bost izardun hotel batean lan egiten nuen.
Nolatan etorri zinen Azkoitira?
Istorio luzea da, maitasun istorio bat [barreak]. 2007an, Azkoitiko mutil bat ezagutu nuen nire herrian, La Fortunan. Elkarrekin ateratzen hasi ginen. Bera han bizi zen, denbora zeraman Costa Rican, eta nekatzen hasia zen, bueltatzearekin pentsatzen. Orduan hona etortzea erabaki genuen.
Erabaki zaila izango zen, ezta?
Niretzat bai. Ni han gustura nengoen, baina erakartzen ninduen beste herrialde batean beste zerbait egiten saiatzeak ere. Erronka zen, eta nik erronkak gustuko ditudanez... Azkoitian hasiera gogorra egin zitzaidan; izan ere, dena utzi nuen han. Emigratzen duzunean, azkenean, zure parte bat hil egiten da. Zure bizimodua birsortu egin behar duzu, baina aldi berean, halako egoera batean zaudenean, aukera bat ere baduzu parez pare. Helburu batekin etorri behar duzu, fokua horretan jarri eta aurrera egin.
Zein zen zure helburua?
Donostian ostalaritzaren arloan lan egitea nahi nuen, baina oraindik ez dut probatu. Azkoitira iristean, ezkondu egin nintzen, eta berehala izan nuen lehen haurra. Orain, bi ume ditut. Urteak eman ditut Eroskin lanean, eta gaur egun, Uhaitz kafetegiaren arduraduna naiz, bazkide batekin batera. Ez dakit bizitzak zertara eramango nauen, baina une honetan pozik nago.
Integratzea kostatu egin al zaizu?
Kafetegian, ez. Jendeak ezagutzen ninduen ordurako. Agian hizkuntzagatik pixka bat, euskara ez dakidalako –hala ere, euskara ikastea bada nire helburua–, baina uste dut ostalaritzan hizkuntza baino inportanteagoa dela jendea nola tratatzen duzun. Jendeak ondo sentiaraztea nahi du, eta hori egiten saiatzen naiz egunero: irribarre egin eta jendea ondo tratatu. Leku hauetan jendea pixka bat hotzagoa da eta.
Costa Rican ez da horrela izango, ezta?
Ez, han beste modu batekoak dira gauzak [barreak]. Costa Ricako jendea bat-batekoagoa da; latinoamerikarra segituan irekitzen da. Hemen itxiagoak dira, nahiz eta denbora pixka bat emanda, berehala irekitzen diren.
Horren falta sumatzen al duzu?
Pixka bat, bai. Alaitasun horren, txispa horren, hutsunea nabari dut, kaleko informaltasunarena. Eta beste hainbat gauzarena ere bai: janariarena, inguruarena... Costa Rican naturarekin harremanetan zaude une oro, bizimodu oso soila da hangoa, oso espirituala, eta lasaitasun horrek barne bake handia ematen du. Hau kaotikoagoa da, presa gehiago nabari da...
Agian horregatik gustatzen zaizu mendia?
Bai. Gainera, baserri batean bizi naiz, Olason. Animaliak ere baditugu... 8 urtera arte finka batean bizi izan nintzen Costa Rican, animaliekin eta baratzearekin, eta baserrian bizitzen jarri ginenean, ez nintzen nire oinarritik urrun sentitu. Nire zati batek beti sentitu du etxean dagoela.
Zer gustatzen zaizu hemendik?
Urtaroak asko gustatzen zaizkit; han urte guztia txankletetan ematen dugu, eta hemen, beste planeta batean nagoela iruditzen zait. Horrez gain, janaria, paisaia, antolaketa, segurtasuna, harreman pertsonalak... gustatzen zaizkit.
Harreman pertsonalak, zergatik?
Jendeak lagunarteko harremanak oso sakon bizi ditu. Gu azalekoagoak gara. Txikitatik oso batuta dago jendea hemen, eta oso ondo zaintzen dute elkar. Betiko lagunei ematen zaien garrantzia, baldintzarik gabeko maitasun hori, asko gustatzen zait.