Urtebete baino gehiago bada lantokiko bulegora bidean kubo handi bat agertu zitzaigula, behinola, hantxe egin baitzuen planto Kultur Etxeko laugarren solairuko igogailuaren aurrean, eta ordutik leku berean jarraitzen du, kieto, solairu horretara igotzen direnei ongietorria egiten dien atezaina bailitzan.
Urtebete baino gehiago daraman kuboa ez da, ordea, kasualitatez hara iritsitako zerbait. Eraikineko teilatuan agertu zen zuloari jarritako erremedio probisionala izan zen jatorrian. Pintura edo porlana gordetzeko erabilia izan zen poteari bigarren erabilera bat emanez, kubo hutsa zuloaren azpian jartzea bat-bateko konponbideetako bat izan zitekeela okurritu zitzaion norbaiti; pentsatuz, horrela behintzat, esku oso bat kabitu daitekeen zulotik sartutako urak ez zuela egurrezko zorua hondatuko. Baina jakinekoa da behin-behineko gauza asko betiereko bihurtzen direla etxe askotan, eta kubo horrek ere luzaroan hor jarraituko duela pentsatzen hasia naiz dagoeneko –ez dut uste bakarra naizenik–.
Kuboa ikusten dudan bakoitzean, ezinbestean galdetzen diot neure buruari neurri probisional horrek noiz arte iraun dezakeen horrela: behingoz teilatuzalea etorri arte, zuloa handituz teilatu osoa kaltetu arte, ala besterik gabe, norbaitek, eguneroko irudiaz nazkatuta, ostiko bat emanda potea haizea hartzera bidaltzen duen arte.
Ikusten dut kuboa urez betetzen ari dela aldiro, zer esanik ez orain, neguan
Bien bitartean, teilatua zein egoeratan egon daitekeen pentsatu baino nahiago izaten dut behera begiratzea. Ikusten dut kuboa urez betetzen dela aldiro, zer esanik ez orain, neguan. Eta zergatik ez esan, itxura pixka bat nazkagarria ere hartzen diot azkenaldian, ur geldoan nabari daitezkeen kolore argi-ilunak zer eta zerenak izan daitezkeen neure buruari galdezka, baina horretan ere asko ez pentsatu nahian. Igogailuaren zain egoten naizen bitartean, pentsatu izan dut zer baldintza eta zenbat denbora behar duten zapaburuek sortzeko, eta neure imajinazioan ikusten ditut gero han bueltaka, luzaroan; hain luze, larbak zakel bihurtzeraino. Burua beste leku batzuetara eramatea gustatzen zaidanez, gure herriko maskota maiteek eraikinean bizi diren beste zomorroekin-eta zer-nolako harremana izango duten ere zalantza egiten dut, eta neure baitan irudikatzen ditut beren lurraldea defendatuz batzuen eta besteen borrokak, garaipenak eta porrotak.
Tira, buruak asmatutakoa hain-hain irreala ere ezin daitekeela izan susmoa izanda ere, hankak berriz lurrera ekarri ditut. Kuboak hor jarraitzen du, ordea, eta ezinbestean galdetzen diot neure buruari Kultur Etxeko ekosistema osatzen dugunok nola ikusten dugun ahanzturaren errepresentazio izan daitekeen kuboa: erdi hutsik ala erdi beteta.