Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko elkartu dira plazan

Mailo Oiarzabal 2026ko otsailaren 21a

Sarrigurengo hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, gaur arratsaldean, plazan. (Mailo OIarzabal)

Itaiak deituta, elkarretaratzea egin dute arratsean, Indarkeria matxistari aurre egin! leloarekin. Azkoitiko Udalak ere "irmoki gaitzetsi" du aurten Euskal Herrian jazotako lehen hilketa matxista.

Gizon batek 28 urteko emaztea hil eta ama larri zauritu zituen atzo Sarrigurenen (Nafarroa), eta Itaia emakumeen antolakunde sozialistak hilketa matxista hori salatzeko protestak egin ditu gaur Euskal Herriko hainbat herritan, tartean Azkoitian. 19:00etan hasita, herritar talde bat plazan elkartu da, Indarkeria matxistari aurre egin! leloa zuen pankartaren atzean.

Sarrigurengoa izan da 2026an Euskal Herrian jazo den lehen hilketa matxista. Itaiak babesa eta elkartasuna helarazi dizkie hildako emakumeari eta haren ingurukoei. Sarrigurengo hilketa ez ezik, azkenaldian azaleratu diren beste hainbat indarkeria matxista kasu ere gogora ekarri nahi izan ditu antolakunde sozialistak: Espainiako Estatuan aste honetan bertan hil dituzten hiru emakumeak, Espainiako Poliziaren buruaren ondokoaren kontrako tratu txarrak eta eraso akusazioak, edota Epstein kasuko artxiboetan agertzen ari direnak. Itaiaren esanetan, horiek guztiek erakusten dute indarkeria matxista ez dela "salbuespenezko kontua", baizik eta "poliziaren eta instituzio oligarken barruan oso presente dagoen fenomenoa".

Faxistak eta eskuineko alderdien jarrera ere salatu du Itaiak, indarkeria matxista kasuen aurrean "fokua "desbideratu" nahian dabiltzalako: "Egun batean, indarkeria matxista ez dela existitzen esaten dute; hurrengoan, erasotzailearen jatorria aipatu egin behar dela esaten dute, etorkinak kriminalizatzeko asmo bat eta bakarrarekin". Itaiak azpimarratu du horiei "emakumeak bost axola" zaizkiela eta emakumeen zapalkuntza "interes elektoraletarako soilik" baliatu nahi dutela.

Indarkeria matxistaren inguruko egoera "kezkagarria" da Itaiarentzat, eta ardurarekin jokatzea eskatzen du: "Posizionatzeko momentua da: emakume langileen zapalkuntza betikotzen segitu edo matxismoaren kontra borrokatzeko hautua egin".

Udalaren gaitzespena

Azkoitiko Udalak ere "irmoki gaitzetsi" du Sarrigureneko hilketa. Biktimaren familiari eta hurbilekoei "babesa eta elkartasuna adierazi" dizkie erakundeak, "bat egin" du herrian deitutako protestekin, eta horietan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

"Tragedia honek berriro dakarkigu gogora erakundeok eta gizarte osoak daukagun erantzukizuna, berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraituko dugu", adierazi du udalak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide