Urolako trenaren 100. urtemuga

Trena kendu zuten, baina ez haren arrastoa

Anitz Urkizu 2026ko otsailaren 20a

Urolako trenak egin zuen azken bidaietako bat. (Juan Joxe Agirre)

Urolako trena bailarako herritarrentzat ezinbesteko garraiobidea bilakatu bazen ere, arazo ekonomikoak tarteko, behin betiko itxi zuten duela 40 urte. Eskualdeko bizitzan ez ezik, hutsune handia utzi zuen memoria kolektiboan ere. Atzo kaleratutako erreportajearen jarraipena da hau.

Urolako trenak urte loriatsuak bizi izan bazituen ere eta herritarrentzat garraiobide maitea izatera iritsi bazen ere, 50eko hamarkadatik aurrera, diru galerak nagusitu ziren. 60ko hamarkadan, merkantzia garraioaren gainbehera nabarmena izan zen. Kamioien gorakadarekin, merkantzia trenak alferrik zeuden; bitartean, ia bagoi guztiak geltokietan usteltzen ari ziren. 70eko hamarkadan, galerak gero eta handiagoak ziren, eta 80koan, biderkatu egin ziren. 1982an, Ineco ingeniaritza enpresak azterketa sakon bat egin zuen Urola trenbideari buruz, eta arazo larriak aurkitu zituen: inauguraziotik berrikuntzarik izan gabeko azpiegituren eta materialen egoera kaxkarra; langilegoaren gehiegizko kopurua; bidaiari kopuruaren etengabeko jaitsiera; eta jarduera arruntaren galera ekonomikoa, besteak beste.

Gauzak horrela, linea mantentzea ala ixtea erabaki behar zen, arre edo so. Horretarako, hainbat aukera aztertu zituzten. Batetik, mugimendu maila bera mantentzea planteatu zuten, horrela, ez baitzen inbertsio handien beharrik izango, baina kostuek antzekoak izaten jarraituko zuketenez, defizitaren arazoa ez zatekeen konponduko. Lehen aukera, beraz, baztertuta.

Bigarrenik, linea guztia eraberritzea pentsatu zuten; esan beharrik ez dago zer-nolako abantailak eta hobekuntzak ekarriko zituzkeen erabaki horrek. Txanponaren beste aldeak, ordea, kontrako aurpegia izan ohi du, eta kasu hori ez zen salbuespena izango. Eraberritzea gauzatzeko sekulako inbertsio ekonomikoa behar zuen trenak, eta gastuak orekatzeko, diru sarrerak biderkatu behar ziren. Inecoren txostenak ezinezkotzat jotzen zuen eginkizuna zen hura. Bigarren aukera ere, pikutara.

Azkenik, aukera bakarra ikusi zuten irtenbidetzat, azken aukera: linea behin betiko ixtea. "Aldez aurretik iragarritako heriotza", horrela deskribatzen du Inazio Artetxek erabaki hura trenari eskaini zizkion azken orrietan, Urolako trena 1926-1986 liburuan. Beraz, arrazoi ekonomikoak izan ziren Urolako trenaren jaiotza ahalbidetu zutenak, eta arrazoi ekonomikoak izan ziren, halaber, haren heriotza eragin zutenak 60 urte beranduago.

Erabaki hark, ordea, min handia eragin zuen bailaran; bai kaleratuak izan ziren langile eta euren senideengan, baita trena maite zuten herritar guztiengan ere. Trenbidea itxi zutenetik 40 urte igaro badira ere, Jose Mari Bastidari, une hartan Azpeitiko alkate zenari, ez zaio garai hartako oroitzapena lausotu: "Sekulako ahaleginak egin genituen itxi ez zezaten. Jendetza bildu zen manifestazioetan; ni saiatu nintzen, baina ezin izan nuen ezer egin". Gogoan du, baita ere, Urolako trenak zeharkatzen zituen sei herrietako alkateek sinatu zuten dokumentua, zeinaren bidez Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna salatu zuten.

Hala eta guztiz ere, herritarrek ez zuten berehalakoan galdu trena mantentzeko itxaropena, ez baitzuten erabatekotzat jotzen trenaren itxiera. Manifestazio eta protestek ez zuten, ordea, ezertarako balio izan, 1988ko otsailaren 5ean Eusko Jaurlaritzak behin betiko itxi baitzuen trenbidea.

Urolako trena ez ixtea eskatzeko manifestazio bat. (Pepe Gil)

Herritarren oihuak aldarri bihurtu ziren; bailarako kale guztiak bete zituzten eta beren desadostasuna erabateko elkartasunez azaldu zuten. Urolako trenaren itxierak eragindako haserrea eta tristura ez ziren, dena den, soilik manifestazio eta aldarrikapenetan islatu; kultura ere bihurtu zen protestarako bide. 1988an, Donostiako Belodromoan egindako Euskal Herriko Trikiti Txapelketan, Imuntzok eta Epelarrek trenaren itxierari eskainitako bertsoak kantatu zituzten, oraindik ere trikitiaren munduan bizirik jarraitzen dutenak.

Ramon Azpitartek (Azkoitia, 1969) –Imuntzo ezizenez ezaguna– ezagutu zuen trena, baita erabili ere makina bat aldiz. Gogoan ditu gaztaroko uneak: "Hondartzara joateko, Azpeitira, egun-pasak egiteko... asko erabiltzen genuen trena; oso oroitzapen polita dut". Ez zen garraiobide hutsa izan Imuntzorentzat; udako joan-etorriak, lagunak eta askatasun sentsazioa ekartzen dizkio gogora trenak.

Trenaren itxierak hutsune handia utzi zuen bailarako bizitzan eta memorian

Itxieraren unea, hala ere, bestelakoa izan zen. Imuntzoren hitzetan, polemika eta sumindura nagusitu ziren: "Zalaparta handia sortu zen, protestak etengabeak ziren, trenarekiko estimuak sentimendu handia piztu zuen bailaran". Testuinguru horretan ulertu behar da 1988ko txapelketan kantatutako bertsoen sorrera, asmoa ez baitzen ausazkoa izan. Imuntzok azaldu duenez, hitzen ideia Pello Zubiriarena izan zen; beraientzako hitzak sortu ohi zituenarena. "Argi genuen gure helburua zein zen: musikak eskaintzen zuen indarra baliatuz, herrian bizi zen sentimendu partekatua oholtzara eramatea", azaldu du. Oso erantzun beroa jaso zuten publikoaren partetik: "Jendeari izugarri gustatu zitzaion, sekulakoa izan zen".

Urteekin, Urolako trena kanta disko batean jasotzeko erabakia hartu zuten; azken diskoan txertatu zuten, trikitilari ibilbidearen nolabaiteko laburpen gisa kanta esanguratsuenak bildu baitzituzten. Hitz haiek ez ziren, beraz, Belodromoan gelditu, makina bat plaza eta erromeria baitituzte orain bizileku. Honela zioen abestiaren lehen bertsoak: "Hau da tristura ta pena / hil da urolako trena / ostu digute bere / triki-traka ta sirena".

Tren zaharraren ondare

Trenaren itxierak hutsune handia utzi zuen bailarako bizitzan eta memoria kolektiboan. Baina trenaren historia ez zen hor amaitu; izan ere, 1992an Burdinbidearen Euskal Museoa ireki zuten Azpeitian, garai bateko geltoki eta tailerren eremuan, tren ondarea mantentzeko helburuarekin. Sortzaileetako bat izan zen Juanjo Olaizola, museoaren zuzendaria bera.

Proiektua trena itxi aurretik sortu zen. Olaizolak azaldu duenez, bateragarria zen trenaren jarduera eta museoa, biak, aldi berean mantentzea: "Europan ohikoa da asteburuetan tren historikoak ibiltzea; tren arruntaren osagarri gisa, bizitasun apur bat emateko". Urolan trena kendu bazuten ere, museoak gorde du haren arrastoa, guztiz galdu ez dadin. "Azken batean, materiala mantentzeko modu bat izateaz gain, ondare historikoa gordetzeko eta tren zaharrari omenaldi txiki bat eskaintzeko aukera eman digu museoak", adierazi du Olaizolak.

Gaur egun, museoak Espainiako eta Europako bilduma berezienetako bat gordetzen du; tren ibilgailuak, trenarekin lotutako objektu nahiz instalazioak, eta baita dokumentazio aberatsa ere. Esaterako, tren zaharraren tailer mekanismo originala aurki daiteke bertan, makina, tresneria eta ibilgailu ikusgarriak kontserbatzen dituena. Garaiko objektuen artean, arropa, erloju eta tren bitartekoen bilduma berezia dago ikusgai. Mundu osotik ekarritako tren barietate handia aurki daitekeela ere azpimarratu du Olaizolak: "Mundu osoari buelta eman diezaiokezu Azpeititik atera gabe", dio irribarrez. Eta nola ez, lurrunezko tren klasikoan Azpeitia eta Lasao arteko ibilbide historikoa egiteko aukera eskaintzen du museoak.

Burdinbidearen Euskal Museoa ireki zuten 1992an Azpeitian, ondarea mantentzeko

Horiek badira nahikoa arrazoi museoari bisitatxoa egiteko, eta jendeak ongi daki hori; urtero, Euskal Herriko nahiz mundu osoko bisitari ugari jasotzen ditu Burdinbidearen Euskal Museoak. Autobusak Urolako trena ordezkatu bazuen ere, elkarrekin bizi dira bi geltokiak, parez pare, Julian Elortzako etorbidean. Eta, beraz, espaloi bera zapaltzen dute museoko bisitariek eta autobus erabiltzaileek, historian zehar herriaren bihotza bizirik mantendu duten bi garraiobideen altzoan.

Trenak utzitako arrastoa

Pepita Perez (Aizpurutxo, 1942) ezinbesteko pieza izan zen Urolako trenak egiten zuen ibilbidea osatzeko garaian, Aizpurutxoko geltokiaz arduratzen baitzen. 1956an hasi zen han lanean, eta trenbidea itxi zen arte jardun zuen bertan. Geltokia ez zen soilik bere lantokia izan, han bizi izan baitzen urte luzez. Txartelak saltzea, telefonoari erantzutea eta trenaren gorabeherak kudeatzea izan ziren bere eguneroko jardunak.

Trenarekin lotutako oroitzapen oso onak ditu, bereziki hasierako urteetakoak: "Gerora zaharkituta gelditu zen, baina hasieran oso ondo ibiltzen zen". Garai hartan, auzo eta herri txikietatik atera ahal izateko, trena ezinbestekoa zuten: "Asko erabiltzen genuen, beste aukerarik ez zegoen eta". Ez zegoen autorik, ez baserrietara heltzeko pistarik; trena zen bizimoduaren ardatz.

Perez oso gazterik hasi zen lanean. Haurra zela, auzoko beste familia bat arduratzen zen Aizpurutxoko geltokiaz, baina haiek ez zuten hura lanbide bakarra, Zumarragan postari lanetan ere aritzen ziren nonbait. Askotan, bi zereginak ezin uztartuta, Perez aritzen zen geltokian auzokoei laguntzen. Pixka bat koskortu zenean, familia hura Azpeitira joan zen bizitzera, eta Perezi eskatu zioten geltokiaren ardura har zezan. "Nik 14 urte besterik ez nituen, baina 18 nituela jarri genuen dokumentazioan", oroitu du irribarrez. Lan karga handia izaten zuen zenbait goizetan: "Baziren goiz batzuk 40 txartel baino gehiago saltzen genituenak, baserrietatik jende asko jaisten baitzen".

Igandeetan Zumarragako azokara, astearteetan Azpeitikora... gaztak, esnea eta barazkiak saltzera joaten zen baserrietatik jende ugari. Astoekin jaisten ziren menditik: Aizpurutxotik, Elosutik, Martirietatik... Geltokian korta txiki bat ere bazegoen, baserritarrek astoak gorde zitzaten itzultzen zirenerako: "Askotan bete ohi zen korta, hamalau astotik gora sartzen ziren". Gelatxo bat ere bazegoen, baserritarrek abarkak kendu eta arropak alda zitzaten, azokara txukun-txukun joateko.

Gerora, orain senarra duen gizonarekin maitemindu zen Perez, eta geltokian jarri ziren bizitzen. Lanean, errutina zorrotza zuela dio: asteazkenetan bakarrik izaten zuen jai –jende gutxien espero zuten eguna–. Goizeko seietan kaleko argiak pizten zituen; lehen trena –zazpiak baino lehen– heltzen zenerako, baserritarrek argia izan zezaten. Udan tren gehiago izaten ziren, ia orduero, eta bada bereziki gogoan duen bat: "Uztailetik irailera 'plaieroa' deitzen genion tren berezia ibiltzen zen, jende asko joaten baitzen Zumaiara hondartzara. Nik lana egin behar izaten nuen; ezin nintzen hondartzara joan".

Soldata txikia zuela dio: "Hasieran 250 pezeta hilean, gerora gehixeago, baina orduan gutxi kobratzen zen leku guztietan". Hala eta guztiz ere, oso oroitzapen polita du lanaz, entretenigarria zela dio. Askatasun gutxi zuen, ezin nahi bezala joan-etorrian ibili, baina trukean, harreman handia egin zuen auzotarrekin. "Denok ezagutzen genuen elkar, beti zegoen norbait geltokian", oroitu du.

Perezen hitz egiteko moduan aski nabarmentzen da trenaz eta geltokiaz mantentzen duen oroitzapen goxoa, baita tristura kutsua ere bai, itxieraz hitz egiten duenean. Kolpe gogorra izan zela dio, pena handia urolatarrentzat. Saiakera ugari egin zituzten itxieraren aurka mobilizatuz; Bilbon egin zituzten protestak, baita Azpeitian, Loiolan eta Zumarragan ere. "Urola bailarako denok joaten ginen manifestazioetara, trena ez kentzeko", esan du. Baina berak argi ikusten zuen erabakiak ez zuela atzera bueltarik izango: "Diru asko inbertitu beharra zegoen, eta inor ez zegoen horretarako prest".

Oraindik altxor txikiak bezala gordetzen ditu trenaren itxieraz hitz egiten duten egunkari zati zaharrak. Atzera begiratuta, urte haiek bereziak izan ziren Perezentzat: "Nire bizitzako urterik politenak izan ziren; gazteak ginen, eta bizitza beste modu batera bizi genuen". Trena kendu bazieten ere, haren arrastoak bizirik dirau; Pepita Perezen memorian bezala, Urolako bailararen historian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide