Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria hobetzeko lanen beste fase bat hasiko du bihar, astelehena, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horrek azaldu duenez, hezetasun arazoak daude zenbait tuneletan, eta gune horietan xafla iragazgaitzak jarriko dituzte. Horretarako, "ezinbestekoa" izango da lan egin behar duten tunelak ixtea.
Zehazki, bi tarte itxiko dituzte: batetik, 24,290tik 24,830era dagoen kilometro puntua, eta bestetik, 28,880tik 28,930era dagoena. Lanak amaitu ahala irekiko dituzte tunelak bidegorriko erabiltzaileentzat, baina aldundiak egindako aurreikuspen plangintzaren arabera, lanak hilabetez, martxoaren 26ra arte, luzatuko dira.
Lanak osorik amaitu bitartean, bidegorriaren zorua ere margotuko dute. Egiteko hori egun bateko edo biko kontua izango dela aurreratu du erakundeak. Egiteko horiek gauzatzeko, ordea, nahitaezkoa izango da une jakin batzuetan pasabideak etetea. Aldundiak esan du bidegorriaren itxierari lotutako abisua emango dutela, eta bidegorrian seinale bidezko azalpenak emango dituztela.