Inauteriek egun bakar bateko kontua diruditen arren, ez da horrela. Festan murgiltzen direnek ondo dakite jakin, hilabeteetako prestaketa, ilusioa eta elkartzea daudela festa egun horren atzean; kalean sumatzen den giroak ezin hobeto erakusten du hori. Mozorro lehiaketa festarako aitzakia baino ez da izaten askorentzat; izan ere, ondo pasatzea eta herria festa giroan murgiltzea da inauterietako egunen xedea.
Argi du hori Idoia Aginagaldek (Azkoitia, 1995), gazte kuadrilla bateko kideak. Duela hiru urte lehen aldiz lehiaketan parte hartu zutenetik, "desberdin" gozatzen dituzte inauteriak. "Ez dugu pentsatu ere egiten hurrengo urtean mozorrotu edo ez. Guretzat urteko egunik berezienetako bat da, bereziena ez esatearren; urte osoan zain egoten garen data da, jolasteko eta lotsak etxean uzteko eguna", adierazi du hark. Mozorro lehiaketan izena ematen badute ere, lehia bigarren koska batean uzten dute; izan ere, haien helburua da elkarrekin inauterien bueltako uneak partekatzea. Eta nola ez, baita eguna iritsi aurretik sortzen diren momentuak ere, mozorroa prestatzeko prozesua bera festaren parte baita haientzat.
Aurtengo mozorroa atontzeko, iazko irailean hasi ziren lanean, eta harrezkero, astero elkartu dira, horretarako ordutegia moldatzea beti erraza egin ez bazaie ere. "Errutinatik atera eta elkarrekin egiten ditugun barreak dira prozesuko momenturik politenak", dio Aginagaldek. Beste askori bezala, haiei ere lanak azken unerako pilatzen zaizkie, ordea: "Ez dago azken orduko presa bezalakorik martxan jartzeko". Dena den, taldean badute urtero karroza prestatzeaz arduratzen den kide bat, "artista hutsa" dena, eta haren esku hartzeak bidea errazten die. Mozorroaren inguruan, sekretua gordetzea ezinbestekoa da kuadrillarentzat. Hala ere, Aginagaldek aurreratu du herriari lotutako proposamena izango dela haiena: "Herria partaide egingo zuen zerbait egin nahi genuen. Musika egongo da tartean, baita izerdia ere".
Beste ikuspegi batetik, baina ez apartekotik, bizi dituzte inauteriak Nerea Arandok (Elorrio, Bizkaia, 1977) eta Edurne Amenabarrek (Azpeitia, 1982). Bi eguneko inauteriak "motz" gelditzen zaizkie haiei, baina urtero ematen dute izena mozorro lehiaketan. Iaz, esaterako, Abadiñoko (Bizkaia) San Blas jaiak irudikatu zituzten, eta sari nagusia irabazi zuten talde txikietan. Oso argi dute haiek bihar kalera zertara aterako diren. "Irabazten badugu, ondo; baina ez da hori gure asmoa. Mozorroren bat prestatzen dugulako ematen dugu izena lehiaketan, eta herriarentzat ere positiboa dela iruditzen zaigulako; zenbat eta jende gehiagok parte hartu lehiaketan, orduan eta politagoa izaten da eguna. Ondo pasatzea eta egun hauekiko oroitzapen politak gordetzea da gure helburua. Horretarako, mozorroen paperean sartzen gara bete-betean, eta pila bat disfrutatzen dugu", adierazi dute bi lagunek.
Oro har, abenduko zubian hasten dira karnabaletarako prestatzen. Aurrena, "ideien bonbardaketa" moduko bat egiten dute denen artean. Arandok eta Amenabarrek diote prozesuan, tarteka, txorakerietarako aldartea ere nagusitzen zaiela: "Kolpera, txoro haizea sartzen zaigu, eta mozorroen prestaketa alde batera utzi, eta txorakeriak esaten edo geure buruari barre egiten hasten gara", azaldu dute.
Mozorroarena sekretua da haientzat, "idatzi gabeko legea". Diotenez, inguruko lagunei ere ez diete ezer aurreratzen. "Mozorroan parte hartuko dutenek-eta badakite, nola ez, zer egingo dugun, baina geure artean idatzi gabeko lege hori dugu: mozorroarena sekretua da; ezin zaio esan inori, ezta pista bat eman ere", dio Amenabarrek. Arandok, berriz, zera gaineratu du: "Zotzak azazkalen azpian jarrita ere, mutu mantendu ohi gara eguna iritsi arte". Bai batak, bai besteak, bihar bistaratuko dituzte isilpean gordetako mozorroak.
Mozorro taldeen epaile
Festaren beste ertz batean aurkitzen da epaimahaikideen lana. Sonia Vazquez (Zestoa, 1977) eta Igor Isuskiza (Azkoitia, 1988) zinegotziak arduratzen dira, besteak beste, mozorro lehiaketan izena emandako taldeen eta tabernen lana gainbegiratzeaz. Haiek diotenez, sariketarako erabakia hartzea ez da lan makala izaten. "Lanik handiena izaten da aukera onenen artean erabakia hartzea; uste baino buruko min handiagoa sortzen du erabakia hartzeak. Nahiz eta mozorro batzuk hasieratik baztertzen diren, denak iruditu ohi zaizkit onak niri", adierazi du Isuskizak.
Aurrena tabernetara joaten dira epaimahaikideak, gunea nola apaindu duten edota bertan zer giro dagoen ikustera, eta gero, kalean ibiltzen dira, taldeen mozorro lanak ikuskatzen. Bereziki, taldeek hartutako lanari eta originaltasunari ematen diote garrantzia haiek. "Ikusten badugu talde batek jantzi guztiak erositakoak dituela, eta beste batek sekulako lana hartu duela, azken horri balio handiagoa ematen diogu", azpimarratu du Vazquezek. Dena den, taldeek kalean sortzen duten giroa ere "oso kontuan" hartzen du epaimahaiak. "Originaltasunarekin batera, arreta pizten duten mozorroak saritzen saiatzen gara".
Azkoitiko inauterien bilakaera "nabarmena" izan da udal ordezkarientzat. Lehen, "gaueko festa" zen Azkoitikoa, baina duela urte batzuk, "egunez ere indarra hartzen" hasi zen. "Guraso asko etortzen zitzaizkigun esatera lehiaketara aurkezteko arazorik ez zutela, baina sari banaketa gauerdian izanda, ordu horretan umeekin kalean egotea oztopo bihurtzen zitzaiela. Ordutegi aldaketari esker, goiz-goizetik karrozak kalean ibiltzen dira orain, eta familiek ere kalean bazkaltzen dute", adierazi du Vazquezek. Isuskizaren esanetan ere familiek "ondo mozorrotzeko ilusioa" dute egun. "Kuadrilla handiek urte guztian zehar egun gutxi izan dituzte elkartzeko, eta inauterietako zapatua izan ohi da lagunekin, bikotekidearekin edota seme-alabekin biltzeko eguna".
Azken batean, denen ahotan ideia bera errepikatzen da: inauteriak dira herriak egiten dituen festak. Lotsa etxean uzteko egunak dira, elkarrekin barre egiteko aitzakia, eta herriko kaleak kolorez, musikaz eta irudimenez janzteko uneak.