LGTBI+ pertsonekiko esperientziak eta jarrerak ezagutzeko galdetegia zabaldu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 11

Pertsona bat LGTBI+ kolektiboaren aldarrikatzen. (Freepik)

Azkoitiko LGTBI+ herritarren errealitateari buruzko udal diagnostikoa egiteko ekintza planaren barruan zabaldu du udalak galdetegia. LGTBI+ kolektiboko pertsonekiko esperientziak, iritziak eta jarrerak ezagutu nahi ditu erakundeak. LGTBI+ pertsonen testigantzak ere bildu nahi ditu udalak diagnostikoa osatzeko.

LGTBI+ kolektiboko pertsonekiko esperientziak, iritziak eta jarrerak ezagutzeko asmoz, Azkoitiko Udaleko Berdintasun arloak Azkoitiko bizilagunei zuzendutako galdetegia zabaldu du –honako lotura honetan bete daiteke–. Lesbianek, gayek, transexualek, bisexualek, intersexualek eta bestelako sexualitateek bizi dituzten errealitateak ezagutzeko udala lantzen ari den diagnostikoaren barruan zabaldu dute galdetegia.

Herritarrak galdetegian parte hartzera animatu ditu Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak. "LGTBI+ pertsonak nola sentitzen diren eta nola sentiarazten ditugun kontatzera animatu nahi ditugu herritarrak, egoeraz jabetzea baita diskriminazioaren aurka eta gizarte justuago baten alde borrokatzeko modu bakarra", azaldu du zinegotziak.

Galdetegiaren bidez herritarrak sentsibilizatzea, diskriminazio oro desagerraraztea eta aniztasun afektibo-sexuala zein genero aniztasuna ikusaraztea nahi ditu udalak. Era berean, LGTBI+ pertsonak "seguru eta onartuta" sentitu daitezen, "esparru ez-baztertzaileak bultzatu" nahi ditu erakundeak.

Testigantzen bila

Galdetegia zabaltzearekin batera, Egoitz Arbiol antropologoa eta ikerlaria, Hiruki Larroxaren sortzailea eta Noiz bukatzen da armairua? liburuaren egilea LGTBI+ pertsonen testigantzak biltzen ari da Azkoitiko Udalaren diagnostikoa osatzeko. Behin testigantzak jasota, ekintza plan bat egitea da Arbiolen asmoa.

Hori hala, testigantza eman nahi duten LGTBI+ kolektiboko pertsonak lgtbidiagnostikoa@azkoitia.eus helbidera idatzita jar daitezke Arbiolekin harremanetan, eta orduan azaldu ahal izango dituzte beren esperientzia propioak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide