Telmo Deun arraun elkarteko presidente berria da Eñaut Larrañaga (Azkoitia, 1995). Halabeharrez egokitu zaio presidente kargua hartzea; izan ere, Zumaiako arraun elkartea arraunlariek beraiek kudeatzen dute 2024. urteaz geroztik. Iñaki Aristiren lekukoa urriaren amaieran hartu zuen Larrañagak, eta azaldu duenez, ari dira gutxinaka-gutxinaka elkartea bere onera bueltatzen.
Zerk bultzatu zaitu presidente kargua hartzera?
Taldea kudeatzeko, duela bi urte sartu ginen arraunlariak zuzendaritzara, eta bakoitzak ardura bat hartu zuen. Iaz, berriz, erabaki genuen eginkizunak berregituratu egin behar genituela; orain arte batzordekidea izan naiz, eta orain presidentea izatea egokitu zait.
Zumaian, beharbada, jakitun izango dira zer dela-eta sartu zareten arraunlariak zuzendaritzara, baina Azkoitian, akaso, ez.
2024ko udan gatazka bat izan genuen zuzendaritzarekin; gertatu zena potoloa izan zen. Arraunlarioi iruditu zitzaigun aldaketa behar zuela klubak, eta hori hala, arraunlariok elkartea zuzentzen hastea erabaki genuen. Gainera, zuzendaritza batzordea berritzeko hauteskunde urtea izan zen hura elkartearentzat, eta jendeak gure aldeko botoa eman zuenez, geu ari gara orain Telmo Deun kudeatzen.

Dena den, urte asko daramatzazu arraun munduan murgilduta.
Hamabost urte daramatzat, bai; 15 urterekin batu nintzen klubera, eta 30 urte bete ditut. Kirol gogorra da arrauna, baina iruditzen zait kanpotik bizi duenak are gogorragoa ikusten duela. Behin errutinan sartuta oso eramangarria da arrauna; entrenamenduetara ohitu egiten da bat. Gogorrena, beharbada, etxekoentzat edo bikotekidearentzat da, beraiekin egoteko denbora tarte gutxi izaten dugu eta. Udan, jendea opor sasoian denean, denboraldian bete-betean murgilduta egoten gara gu; beti kontrako eran ibili behar izaten dugu. Eramaten asmatuz gero, arrauneko bizimodura ohitu egiten da.
Nola hasi zinen arraunean eta nola gogoratzen dituzu lehen urteak?
15 urterekin denbora-pasa joaten nintzen arraun egitera, jolas moduan hartzen nuen. Beste bi lagunekin batera joaten nintzen autobusean Zumaiara. Gero, gazteen mailan hasi nintzen, eta gauzak aldatzen hasi ziren; serioagoa bihurtu zen kontua. 18 urterekin, berriz, nagusien mailara egin nuen jauzia, eta orduan are serioago egin behar izan nion aurre erronkari.
KAE-1 mailako talderik sendoenetakoa izaten ari zarete azken urteetan.
Duela bi sasoi, igoerako play-off-etara sailkatu ginen, baina orduko zuzendaritzaren bulegoko akats baten ondorioz, ezin izan genuen igoerako kanporaketa hartan lehiatu. Gerora, hein batean, arrazoi horregatik erabaki genuen arraunlariok elkartearen zuzendaritzara sartzea. Pertsonalki, badut kanporaketa hura jokatu ez izanaren arantza. Jokatu izan bagenu, ez dakit zer gertatuko zatekeen proba hartan; akaso azkenak izango ginatekeen, edo beharbada, mailaz igotzea lortuko genukeen. Nik arraunean segitzeko dudan arrazoietako bat da igoerako kanporaketa hura jokatu ez izana; arantza hori atera beharra sentitzen dut. Jakitun naiz ez dela batere erraza izango, baina ea Telmo Deun gorengo mailara itzularazteko gai garen.
Zein da arraun elkartearen egungo egoera?
Zuzendaritza hartu genuenean, ikusi genuen kluba ez zegoela ondo; dezenteko zuloa zuen ekonomikoki. Iaz, egoera iraultzen saiatu ginen, eta hein batean, lortu genuen zorraren zati handi bati buelta ematea. Zaila da urte batetik bestera egoera guztiz konpontzea, baina urrats handiak egin genituen. Beste pare bat urtean okerra zuzenduko dugulakoan nago.
"Klubaren zuzendaritza hartu genuenean, ikusi genuen kluba ez zegoela ondo"
Erraza izaten ari al da lanketa hori egitea?
Lan asko eskatzen duen gaia da. Dirua lortzeko bide asko erabili ditugu: kamisetak nahiz banderolak saldu ditugu, zozketa bat egin dugu, Gabonetako loteria saldu dugu... Era berean, saiatu gara bazkideak lortzen, eta nola ez, ahalegindu gara arraun elkarteari laguntzeko babesleak lortzen; horretan egin dugu lanketa handiena eta hori izan da zailena. Ordea, elkarte barruan ere estutu egin behar izan dugu pixka bat. Esaterako, umeei ematen zaizkien arropak murriztu egin ditugu.
Zer hobetu nahi zenuke elkartean?
Aurreneko asmo nagusia da kluba ekonomikoki lehengo egoerara itzultzea. Kirol arloari erreparatuta, berriz, emakumeen taldeak zaila izango du maila hobea ematea. Duela bi urte igo emakumeak gorengo mailara, eta egundoko maila erakutsi zuten iaz. Hobeto aritzea egundokoa litzateke; ea lortzen duten. Gizonen helburua, bestalde, mailaz igotzea izan behar du, baina ez da erraza izango, maila handia dago eta.
Telmo Deun traineruko arraunlari ia denak etxekoak gara, eta kideak kanpotik fitxatzeko ekonomikoki mugitu egin behar da; gure mailan, Bizkaian, badaude fitxaketak egin eta egin ari diren taldeak, baina, gaur-gaurkoz, hori ezinezkoa da guretzat. Iaz, harrobiko 11 arraunlari traineru gainean ginela irabazi genuen bandera, eta aurten, 11 arraunlariok jarraituko dugu taldean. Ordea, kanpotik etorritako beste zenbait kide ere batu dira taldera, eta badugu aurten maila ona emango dugun itxaropena.
"Arraunean segitzeko dudan arrazoietako bat da igoerako kanporaketa jokatu ez izana"
Presidente izateko baliagarria izango zaizun zer ikasi duzu arraunean?
Gure asmoa da lana taldean egitea. Guztia taldean bizitzen ikasi dugu arraunlariok; azken finean, traineru gainean arraunlari batek ezin du bakarrik egin aurrera. Gauza bera gertatzen da elkartearen zuzendaritzan ere; kide batek gauza batekin ez baldin badu asmatzen, beste batek laguntzen dio. Taldeko lana funtsezkoa da aurrera egiteko. Dugun jakinduriarekin eta aurretik zuzendaritza batzordean egondako kideen laguntzarekin ari gara lanean. Lehen, hasiberriak ginen; orain, urtebeteko esperientzia dugu kudeaketa kontuetan, eta uste dut gero eta hobeto ari garela.
Zer eginkizun ditu arraun elkarteko presidente batek?
Aurpegia ematea egokitzen zait gehienetan; dokumentuak nire izenean sinatu behar izaten ditut, isunak nire izenean iristen dira klubera, deiak-eta nik kudeatu behar izaten ditut... Badago aldea batzordekide edo presidente izatearen artean; bi hilabete eskasean majo nabaritu dut aldea.
Eta zer sortzen du zure baitan presidente izateak?
Jakitun naiz nire atzean edozertan lagunduko didan talde bat dudala, baina ardura pixka bat sortzen du, egia esan.
Arraunlari zinenean pentsatuko zenuen inoiz klubarentzako gauza berrietan. Orain halako kontuetan sakontzeko aukera duzu, ezta?
Beste kiroletan bezala, arraunean ere diru gehien duenak agintzen du, diru gehien duenak du autoritate handiena edota diru gehien duenak irabazten du. Dena den, harrobiko arraunlarien gutxieneko kupoak-eta zehaztuta daude, eta hor sakonduko nuke. Gutxieneko kupo hori handituko balitz, arraun elkarte txikiok indar handiagoa hartzeko aukera izango genuke edota irabazteko aukera gehiago izango genituzke. Erakundeek ere ez dituzte bmodu berean tratatzen arraun elkarte denak: beti klub handienetara jotzen dute aurrena, gorengo mailan daudenei gero eta laguntza handiagoak ematen dizkiete. Azken finean, klub handiak are handiago egiten ari dira, eta txikiak, gero eta kaskarragoak. Zaila da kluben arteko oreka lortzea, baina saiatu beharko litzateke.
Horregatik bakarrik, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da beraz goiko mailara igotzea, ezta?
Hori da. Babesleek ere errazago jotzen dute atea goiko mailetan dabiltzan klubetan, eta laguntza horrekin bakarrik puztu egiten dira taldeak. Fitxaketak egiterakoan ere badaude kontuan hartu beharreko beste zenbait gauza. Gorengo mailako talde batek maila berean dabilen beste talde bateko arraunlari bat fitxatu nahi badu, gutxi gorabehera, 12.000 euro ordaindu behar ditu, eta horri KPIa eta BEZa gehitu. Ordea, haiek bigarren mailako arraunlari bat fitxatu nahi baldin badute, erdi prezioan eskuratzen dute arraunlaria. Gorengo mailako taldeentzat ez da dirua, guretzat bai, ordea. Desoreka hori orekatzea ere ona litzateke arraunarentzat. Ordea, gauza asko daude aldatzeko arraunaren munduan.
"Babesleen edo erakundeen laguntzarik ezean, etorkizun beltza ikusten diot arraunari"
Zer erronka ditu arraunak egun?
Arrauna gainbeheran doa. Nahikoa da arraun elkarteei begiratzea horretaz jabetzeko. Duela urte batzuk, gorengoen mailan eta bigarren mailan hamabina traineruk lehiatzen zuten, eta hirugarrenean hemezortzik. Iaz, berriz, hirugarren mailan bost traineruk baino ez zuten lehiatu. Batzuk ez ziren gai izan taldea osatzeko, besteek diru arazoak izan zituzten... Hori hala, datorren denboraldira begira bigarren eta hirugarren mailak bateratzea aztertzen ari dira. Arraunlariei dagokienez ere, gero eta arazo handiagoak daude taldeak osatzeko. Babesleen edo erakundeen laguntzarik ezean, etorkizun beltza ikusten diot arraunari.
Belaunaldi gazteak nola ikusten dituzu? Arraunarekiko interesa eta konpromisoa aldatzen ari dela diote zenbait adituk.
Zumaiako arraun elkartearen egoera ezagutzen dugu guk. Haurrek eta kadete mailako mutilek ez dute talderik osatu. Lehen, gazte mailara salto egin aurretik, osatzen zituzten haurren eta kadeteen mailetako traineruak ere; maila bakoitzean hamabi-hamahiru lagun batzen ziren. Nesken arloa, berriz, indartu egin da, umeak animatzen ari dira eta. Telmo Deunek beti harrobitik tira izan du, eta tristea da egoera.
Ba al duzue egoera iraultzeko lanketa berezirik martxan?
Ikastetxeetan kartelak-eta jartzen ditugu, sare sozialetan lata ematen dugu... Ahoz ahokoaren bitartez ere saiatu izan gara, baina gainbehera handia da.