Izarraitz Lanbide Heziketako atea zabaldu du Miren Oterok (Azkoitia, 1978), eta sartu orduko lau gezi handi nabarmentzen dira bulegoaren ezkerraldean, bakoitza kolore banatakoa: marroia, arrosa, urdina eta berdea. Geziek abian duten proba pilotuari egiten die erreferentzia: Hasierako Lanbide Heziketa Malgua eta Egokitua. Hamazazpi heziketa ziklo eskaintzen dituzte eskolan, guztira, 30 taldetan banatuta eta 74 langilerekin. Ikasleak, berriz, dozenaka dira, eta aurten batu direnetako bost dira Luken Orbegozo (Azkoitia, 2008), Nora Cagigal (Azpeitia, 2002), Maitane Beloki (Azpeitia, 2003), Arturo Arellano (Azkoitia, 2006) eta Adrian Dan (Azpeitia, 2004). Izarraitz Lanbide Heziketak eta Marea Urdina elkarteak elkarlanean diseinatu duten proiektuko ikasleak dira bostak. 2023an ekin zioten diseinuari, eta dagoeneko martxan da; heziketa arautuan ez dago txertatuta, baina abiarazte fasean dagoen proba pilotua da lau ikasturtetan banaturiko zikloa. Aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleak bi irakaslerekin eta hezitzaile batekin aritzen dira eguneroko jardunean. Cagigalek aurreratu du "oso gustura" joaten dela ikastetxera.
Proba pilotu horrek aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleei eskaintzen dien aukera ez da nolanahikoa, Aritz Orbegozo (Azpeitia, 1975) Marea Urdinako lehendakari ohiaren eta Luken Orbegozo ikaslearen aitaren hitzetan: "Gure semeak autismoa dauka, eta ikastetxea da daukan sozializatzeko aukera bakarrenetakoa", esan du hark. Marea Urdinaren egoitzan elkartu dira Orbegozo eta kazetaria, eta elkarteak bere jardunaren etenaren berri eman badu ere, bulegoan ez da falta urte hauetan guztietan egindako sentsibilizazio lanaren arrastorik: pegatinak, horma-irudiak, kamisetak... denak olatu zuri-urdinez atonduak. Eta marea horretara batu zen Izarraitz ikastetxea ere. Aniztasun funtzional kognitiboa duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin ondoren zer aukera zituzten aztertu zuen elkarteak, eta ikusi zuten ziklo baten hutsunea zegoela. Izan ere, Urola Kostan, 135 pertsonak dute aniztasun funtzionala, Marea Urdinak egindako datu bilketaren arabera. Proposamena eskuen artean hartuta, Izarraitzera jo zuten zuzenean, 2023an.
Oterok 2024an hartu zuen eskolaren zuzendari kargua, aurretik hango ikasketaburu izan ostean, eta argi eta garbi ikusi zuen proiektu horren alde egin behar zutela: "Hezkuntza komunitatea ez zen behar horren jakitun, baina sistema egokitu behar dugu herritar guztiek izan dezaten ikasteko aukera, aniztasun funtzionala dutenek ere bat gehiago direla senti dezaten". Ikastetxe publikoa izanik, diru publikoa "horrelako ekimenetarako" behar dela azpimarratu du zuzendariak, "gizartearen aberastasunaren" aldeko egitasmoak direlako. Hori horrela, buru-belarri hasi ziren helburuak finkatzen eta enpresekin hitz egiten, beti ere ikasleen prestakuntza zein autonomia erdigunean jarrita. Lantegiekin egindako bilerak bideratzen, berriz, Iraurgi Berritzen agentziak lagundu zien.

2024an, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusira, Lakuara, deika hasi ziren eskuen artean zuten proiektua aurkezteko asmoz, eta Isabel Mendiguren Eusko Jaurlaritzako Ikaskuntza Berezien zuzendariarekin hitzartu ziren estreinakoz. Oterok gogoan du proiektua "sekretupean" eman behar izan zutela aurrera, eta lorpenak ere hala ospatzen zituztela, "isilpean". 2025ean onartu zuten proiektua, eta irailerako eginbeharrak finkatzen hasi ziren, proba pilotua martxan jartzeko.
Ikasturte bat, lanbide bat
Ikasleen prestakuntza bermatzeko, gurpil forman osatu dute proba pilotua: ikasturtero "familia profesional bat" landuko dute, lanbide zehatz bat, eta hurrengoan aldatu egingo dute, arlo teknikoak zein zeharkako gaitasunak landuz. Ikasturte amaieran, ikasleek praktikak egiteko aukera ere izango dute, lan mundurako ezagutzak barneratuta izanda. Aurtengo ikasturtea, esaterako, administrazio laguntzaile lanetarako baliatu dute, eta ikastetxean bada horren bermerik: merchandising banaketarekin ikasleak arduratu dira –arropen neurriak jaso, bideratu, jertseak kontatu...–.
Bost ikasle horiekin batera ari dira proba pilotua aurrera eramaten Idoia Lizarralde (Azpeitia, 1988) pedagogia terapeutikoko irakaslea, Ainhoa Manterola (Getaria, 1994) irakasle espezialista eta Jaione Uranga (Azpeitia, 1970) hezitzailea. Era berean, egokitua soilik ez, malgua ere bada ekimena, eta horrek ere berezi egiten du abiarazte fasean dagoen proba pilotua; helburua aurre diseinu sendo bat egitea da orain. Malgua izanik, gurpila "etengabe" biratzen da, eta horrek, lau urtean jarraian, talde berean ikasleak txertatzea ahalbidetzen du. Hau da, datorren urtean ikasle berriak proiektura batuz gero, ez lirateke talde berri batean hasiko, aurretik ari direnekin jardungo lukete. Izan ere, lehen urteak ez du loturarik izango bigarren ikasturtearekin.
"Hezkuntza sistema egokitu behar dugu guztiek izan dezaten aukera ikasteko, bat gehiago direla sentitzeko"
Miren Otero, zuzendaria
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baliabide horiekin lanean ari den "ikastetxe integratu bakarra" Izarraitz Lanbide Heziketa dela nabarmendu du zuzendariak, orokorrean, lanbide heziketan hezitzaileen figura ez baita ohikoa. Manterolak aipatu du berak Altsasun (Nafarroa) lan egin zuela adimen urritasun arina zuten ikasleekin, eredu berezia deiturikoan. Hala ere, Azkoitikoa bestelakoa dela dio, "aniztasuna" baita nagusi.
"Guretzat handia da Luken egunero ikastetxera oinez joaten ikustea", esan du irribarrez haren aitak. Askorentzat eguneroko errutinaren parte da unibertsitatera joateko autobusa hartzea, baina aniztasun funtzionala duen pertsona batentzat hori egitea ez da hain erraza. DBHko ikasketak Azkoitia BHIn egin zituen Orbegozoren semeak, gela arruntean, bere adinkideekin. Eta hori lorpen handia izan bazen ere, horren ostean zetorrenak "beldurra" sortu izan die gurasoei askotan. Horri lotuta, bere semearen etorkizuna aurrez idatzita zegoela ikusi izan du maiz Orbegozok: "Zereginen Ikaskuntzarako Gelan (ZIG) aritu eta handik lan munduratzerako saltoa ematen dutenean, lan babestura igarotzen dira zuzenean, hau da, Gureak enpresa taldera". Baina hark argi dauka denek ez dutela horretarako balio. Izan ere, aniztasun funtzional kognitiboa dutenek, beste denen gisan, beren zaletasunak dituzte, eta maiz denak zaku berean sartuagatik, guztiei ez zaie, esaterako, lorezaintza gustatzen. Horregatik, DBH egin ostean hezkuntza sisteman integratuta sentitzeko leku bat bermatuta izatea "handia" da gurasoentzat, "arnasgune bat", titulu profesional baliodun bat eskuratzea baino lorpen handiagoa, Orbegozoren hitzetan.
Udako Ikastaroak, erakusleiho
Ikasturtean murgildu aurretik, joan zen udan eman zuten ikastetxean bertan garatzen ari ziren proiektuaren berri. Unibertsitateekin ikastetxeak duen kanal bat medio, EHUren Udako Ikastaroen berri izan zuten Izarraitzen, eta aukera hori aprobetxatu nahi izan zuen ikastetxean bertan ikastaro bat antolatzeko eta jendeari esku artean zutenaren berri emateko. Modu horretara zuzendu zuen Oterok Desegiten ikasi: errealitate inklusiboa eraikitzeko, sar zaitez Lanbide Heziketa Egokituaren gurpilean udako ikastaroa. Izenburuarekin, hain zuzen, "reset egitea" adierazi nahi zuela esan du azkoitiarrak. Manterola irakasleak ere argi dauka bere egunerokotasunean "etengabe desikasi eta ikasi" egiten dutela: "Beti barruan eramango dut Desikasten ikasi leloa, lan honetan hori egiten baitugu egunero".
Ikastaro hartan, hainbat eragilek parte hartzea lortu zuten, eta antolaketak "lan handia" eskatu bazuen ere, elkarlanean lortu zuten aurrera ateratzea. Ildo horretan, ikastetxeko kideen zein etxekoen laguntza behar-beharrezkoak izan zirela aitortu du Oterok. Ikastetxearen eta Marea Urdina elkartearen partaidetza ez ezik, Isabel Mendiguren Ikaskuntza Berezien zuzendariaren, Mikel Sarriegi Adegiko Talentu eta Formakuntza zuzendariaren, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputaturen laguntza ere izan zuten. Gainera, Azkoitiko udal brigadako eta Kimu Bat enpresako beharginak ikastetxera joan ziren ariketa praktikoak egitera.
Ikastaro hura "oso hunkigarria" izan zen zuzendariaren hitzetan: "Partaidetzak bilatzeko aurpegia eman behar da, eta emaitzarekin oso gustura gelditu ginen". Bat dator horretan Marea Urdinako lehendakari ohia ere, jendaurrean aurkeztean, esku artean zuten proba pilotuak erantzun "oso ona" izan baitzuen. Hark azpimarratu du ikastaroko partaideen artean bailaratik kanpoko jende asko ere bazegoela eta jendeak parte hartzeko interesa agertu zuela. Marea Urdinak martxan jarritako proiektua ikastetxeak "bere" egin izana "oso positiboa" da Orbegozorentzat, elkartearen urteotako helburuetako bat proiektua izan dela nabarmendu baitu.

Keinu txikiak, eragin handiak
Behin uda sasoia igarota, iazko irailean ekin zioten proba pilotuari, "ikastetxeko gelarik onenean", Oteroren hitzetan: gela handi eta argitsua, ikastetxearen erdian, komun egokituetatik gertu eta ikasleen beharretara egokituta. Ikasgela horretara hurbildu orduko bost ikasleek eta hezitzaileek beso zabalik hartu dute kazetaria. Beren burua ere aurkeztu dute ikasleek: Belokik "alaia" dela dio; Arellanok, "langilea"; Danek, "lagun ona"; Cagigalek, "jatorra"; eta Orbegozok, "mutil ederra". Belokik, berriz, gaineratu du lau ikasturteak egiteko asmoa daukala, ikasturte bakoitzean "lanbide desberdin bat" ikasteko asmoz. Gainontzeko ikasgeletan gisan, bakoitza bere etxekoa izanagatik, ikasleen artean "errespetua eta lehiakortasun eza" gailentzen direla esan dute irakasleek.
"Fakturak karpetetan jasotzea guretzat ez da ezer, baina bai aniztasun funtzional kognitiboa duenarentzat"
Idoia Lizarralde, irakaslea
Aurrez, Zereginen Ikasketen Gelatik (ZIG) ezagutzen zuten elkar gazteek, baina ikasgelako harremanez gain, lagunak egin dituztela azpimarratu du Danek: "Atseden orduetan beste zikloetako ikasleekin futbolean aritzen gara, eta Gizarteratzeko goi mailako zikloko bigarren mailako ikasleekin ere oso ondo moldatzen gara". Horrekin bat dator Arellano, Gizarteratzeko ikasleekin batera Goxogune deituriko espazioan bi astez behin aritzen baitira bost ikaskideak gainerako ikasleentzako pintxoak prestatzen eta horiek saltzen. Hori da azkoitiarrarentzat ikastetxeko "gauzarik onena". Cagigalek, aldiz, kirola egitea gustatzen zaiola esan du, eta horretarako aukera izaten dute asteazkenero Elkargunean: kirol egokitua egiten dute, astero zerbait desberdina.
Ikasgelan, bakoitzak bere eserlekua zein mahaia dauzka, eta lanerako gune bat ere bai. Koadernoak sortzen ari dira, eta zulagailuz, orriz, kartulinaz, eraztunez edota koloretako zintaz beteta daude mahaigainak. Horrez gain, administrazioarekin loturiko bestelako lanak ere egiten dituzte; fakturekin edota albaranekin aritzen dira, besteak beste, lanean. Lizarraldek dioenez, administrazio arloan egiten dituzten "keinu txikiek" asko erraztuko lukete ikasleen lana: "Fakturak eta albaranak kolore desberdinetako karpetetan jasotzea guretzat ez da ezer, baina aniztasun funtzional kognitiboa duen batentzat bai".
Hezkuntza sisteman azken urteetan aldaketak eman direla argi daukate irakasleek, eta "sentsibilizazio hori" zentroan bertan ere ikusi dutela diote, denek onartu baitituzte bost ikasleak normaltasun osoz. Lizarraldek iraganean jarri du begirada, eta bere izeba batek Downen sindromea zeukalako "hezkuntzarako eskubiderik ez" zuela izan azaldu du. Hori horrela, gaur egun gizartean aurrerapausoak eman izanaren islatzat jo du hark Azkoitian ikasleek horrelako aukera izatea. Zentrotik at dagoen errealitateak, hala ere, kezka sortzen die, eta enpresek aniztasun funtzionala daukaten herritarren aldeko apustua egin beharko luketela aldarrikatu dute. Orbegozo ere ados dago irakasleekin, eta Marea Urdina elkarteari hainbat eta hainbat urtean enpresek babesa zein laguntza ekonomikoa eman diotela esan du pozarren. Dena den, sentsibilizazio lan hori errealitatean islatuta ikusi nahiko lukeela adierazi du, "konpromisoa" lantegietan islatzea nahiko lukeela, alegia.

Lorpenak, lanaren islada
Eguneroko lanak bere fruituak ematen ditu: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun departamentuak sustatzen duen Ekonomia zirkularra modelatzen erakusketan 2.000 euroko saria lortu du ikastetxeak, besteak beste. Luken Orbegozok ondo gogoan du egun hura: "Gure zikloak lau urte irauten dituelako, lau geruzako gurpila sortu genuen, papera birrinduta, nahastuta eta forma berria emanda". Dan pozarren joan da eskulturaren aurrera, gelan baitaukate gordeta. Gainera, Euskararen Egunerako antzerki formatuan osatu zuten bideoa ikasleen gustukoena izan zen, eta sari hori ere eskuratu zuten ikasleek. Proiektu pilotuko ikasleen artean talde lanaren esentzia gailentzen da beste guztiaren gainetik.
Etorkizunera begiratuta, Oterok azaldu du jendeak jada galdetu duela noiz bihurtuko den proba pilotua ziklo arautu. Baina azaldu du hori ez dagoela beraien esku, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin lerrokatuta lan egin behar dutelako. Horregatik, lana "poliki eta ondo" egin nahi dutela adierazi du. Gaur-gaurkoz, bost ikasleen artean "familia txiki bat" sortu izanarekin pozik dago, ordea, zuzendaria, eta argi dauka beraien artean elkar zaintzeko duten sentsibilitatea nekez ikusten dela gainontzeko ikasgeletan.

Lizarralderen esanetan, "konpentetziarik ez" egoteaz gain, eguneroko lanak fruituak ematen dituela argi ikasi dute ikasturtea hasi zenetik, eta bizi izandakoak pertsona bezala hazteko balio izan dielakoan dago. Haztea eta heztea elkarren eskutik joaten dira sarri, eta Izarraitz Lanbide Heziketan ikasteko aukera izatea "lorpen handi bat" izan da Danen arabera.
Txirrinak jo orduko zabaldu dira ikasgelako ateak, eta agurtzean, irakasleei besarkada bat ere eman diete ikasle batzuek, eskertza moduan edo. Gurpilen gisan, eguneroko lanean etenik gabe jarraituko dute ikasturtea bukatu bitartean Hasierako Lanbide Heziketa Malgu eta Egokituko bost ikasleek, zuzendaritzak, irakasleek nahiz hezitzaileek elkarlanean; gurpilak bezala, gelditu ere egin gabe biraka.