Hitz bitan

Maren Alberdi: "Beti seguru sentitu izan naiz Bartzelonan"

Julene Frantzesena 2026ko otsailaren 5a

Maren Alberdi. (Utzitakoa)

Badalonako (Katalunia) Germans Trias i Pujol ospitaleko emagina da Maren Alberdi (Azkoitia, 1995). Bartzelonan bizi da duela bi urtetatik, eta momentuz, ez du etxera itzultzeko asmorik. Ikaragarri gustatzen zaio bere ogibidea; hitz egiten hasi orduko nabaritzen zaio hori.

Zer dela-eta iritsi zinen Bartzelonara?

Lan kontraturik gabe geratu nintzen, eta Bartzelonan ikastaro bat egitea nahi nuen. Portugalen mediku egoiliar aritu nintzenean nirekin jardun zuen lagun bat Bartzelonakoa da, eta hari galdetu nion, ikastaroa egin bitartean, asteburuetan bere etxean geratzeko aukerarik izango al nuen. Baietz esan zidan, eta ospitaleetara curriculumak bidaltzea ere gomendatu zidan, lan asko zegoela eta. Urtebeterako amatasun baja bat eskaini zidaten, eta onartu egin nuen.

Zer moduzko hiria da Bartzelona bizitzeko?

Pentsatzen dut tokiaren araberakoa izango dela, baina beti seguru sentitu naiz Bartzelonan. Hiria izanik, hainbat plan egiteko aukera eskaintzen du: antzezlan pila bat izaten dira, kafetegi polit ugari daude, kontzertu hainbat izaten dira... Eta hondartza nahiz mendia gertu edukitzea ere ederra da.

Emagina zara. Zer moduzkoa da Kataluniako osasun sistema?

Denean bezala, Kataluniako osasun sistemak ere baditu hutsuneak, dena ez da arrosa kolorekoa. Dena den, lan egonkortasun handiagoa eskaintzen duen sistema dela iruditzen zait. Emaginok autonomia handia daukagu, eta horrek arlo desberdinetan formatzeko aukera handiak eskaini izan dizkit. 

Profesionalki zer eman dizu hor bizi izandakoak?

Hazi egin naiz. Bada asko gustatzen ez zaidan kontu bat, dena den: txandakako lan ordutegia izatea nahiko nuke. Gaur egun hamabi orduko guardiak egiten ditugu, eta beti gauez edo egunez jarduten dugu lanean, errotaziorik gabe. Hori aldatzea ezinbestekoa iruditzen zait, baina momentuz ez dut uste aldaketa handirik gauzatuko dutenik.

Nolakoa da lan egiten duzun ospitalea?

Handia da, baina emaginok autonomia handia daukagu. Horrek gauza desberdin asko ikusteko eta lantzeko aukera ematen digu: erditze zentroarekin kontaktua daukagu –Espainiako osasun sistema publikoan sartzen den bakarra da momentuz–, erditze naturalak bainera barruan egiteko aukera ere bai (bai dilatazio fasea, bai umearen jaiotza), patologia garrantzitsuak dituzten emakumeekin kontaktua...

Zer moduzko lantaldea daukazu?

Oso ondo konpontzen gara geure artean. Asko gara Bartzelonatik kanpokoak, eta horrek ere laguntzen du; enpatia handia daukagu elkarrekin, bai baitakigu ez gaudela gure konfort zonan.

Azkoitiaren falta sumatzen al duzu?

Bai, nola ez! Etxemina beti hor egoten da: familia, lagunak... Hori dena Bartzelonan edukitzea idilikoa zatekeen. Euskararen falta ere sumatzen dut. 

Zer alde dago Bartzelonaren eta Azkoitiaren artean?

Jendearen arteko gertutasuna azpimarratuko nuke. Kalean zoazenean jendea ezagutzea, elkar agurtzea... hemen hori ez da gertatzen. Ni bizi naizen lekuan ezezagunak gara gehienok, ez dugu elkar ezagutzen. Azkoititik Bartzelonara salto handia dago; izan ere, hemen ezin duzu leku batetik bestera oinez joan, distantziak handiak dira, ez zara jendearekin ordu erdiko kafe bat hartzeko geratzen...

Oro har, nolakoak dira katalanak?

Toki denetan bezala, denetarik dago Bartzelonan ere. Jende jator askorekin egin dut topo, eta nahiz eta katalanak xuhurrak direla esaten den, eskuzabalak direla esango nuke; nik hala sentitu dut gutxienik. Bestalde, euskaldunok eta katalanak ondo ulertzen dugu elkar; izan ere, denoi egokitu zaigu gurea den hori defendatzea.

Azkoitira itzultzeko asmorik ba al duzu?

Momentuz, pixka batean Bartzelonan geratuko naizela uste dut. Ez dut ezetz esango, baina nork daki noiz itzuliko naizen... Bizitzak buelta asko ematen ditu, eta jaioterriak asko erakartzen du. Izan ere, kanpoan bizi banaiz ere, behin ere ez da ahazten nondik gatozen. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide