Abian da Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak antolatutako Atano III.a buruz buruko pilota txapelketa. Aurten, 51. aldia du txapelketa, eta guztira, 81 pilotarik parte hartuko dute lehian. Atzo, astelehena, jokatu zituzten txapelketako lehen partidak Gurea pilotalekuan; aurre-benjaminen mailako zazpi neurketa ikusteko aukera izan zen herriko frontoian.
Martxoaren hondarrera bitartean, astero astero jokatuko dituzte partidak haurrek. Galtza nahiz kamiseta zuriak soinean, pilotan trebatzeko aukera izango dute haiek astelehenetik ostegunera bitartean. Buruz buruko txapelketan aurre-benjaminek, benjaminek, kimuek eta haurrek parte hartuko dute.