Ezinbesteko puntuak, aurrera egiteko

Andoni Elduaien 2026ko urtarrilaren 26a

Diaz eta Zulaika, Txerloian. (Anaitasuna)

Anaitasunako emakumeek Derio hartu zuten mendean, eta gizonek puntua batu zuten Real Union liderraren etxean. Sailkapenean urratsak egiten jarraitzeko ezinbesteko puntuak batu dituzte asteburuan gorritxoek.

Anaitasuna futbol taldeko gizon-emakumeek balio handiko puntuak batu dituzte igaro berri den asteburuan. Herenegun, zapatua, emakumeen taldeak 3-1 irabazi zion Derio taldeari, eta atzo, igandea, gizonek 1-1 egin zuten Real Union sailkapeneko liderraren etxean. 

Emakumeei kostatu egin zitzaien Derioren aurkako lehiari nahi bezala ekitea, baina minutuek aurrera egin ahala erosoago sentitu ziren berdegunean, eta egoera hura golarekin berretsi zuen Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearen taldeak. Ane Zulaikak hegalean jokaldia egin, hark baloia areara erdiratu eta Maria Juaristik egin zuen gola.

Irabazten jarri eta gero, lehia kontrolpean izan zuen Anaitasunak. Gainera, gol aukera gehiago ere sortu zituen taldeak nagusitasuna golen bidez islatu ahal izateko. Ordea, 40. minutuan lortu zuten gorritxoek bi eta hutsekoaren gola. Juaristik pase bikaina egin zion Kalare Olaizolari, eta hark atezaina atzean utzita lortu zuen gola. 

Bi eta hutsekoarekin lasai hartu zuen taldeak atsedenaldian aldageletarako bidea. Ordea, aurkariek lehen zatian ez bezalako gogoa erakutsi zuten bigarrenean, eta 54. minutuan lortu zuten aldea murriztea. Zelaian eta jokoan gehiago ziren derioztarrak, eta merezitako gola lortu zuten.

Anaitasunari kostatu egin zitzaion zelaian bere espazioa aurkitzea, baita partidan sartzea ere. Era berean, ordea, bizkaitarren golak esnarazi zuen Anaitasuna. Pixkanaka-pixkanaka jokoaren ekimena bereganatzea lortu zuen Orueren taldeak, eta gol aukera dezente sortu ziten aurkariaren arean. 78. minutuan egin zuen Maria Juaristik bere arratsaldeko bigarren gola, taldeari garaipena ziurtatzeko balio izan zion gola. 

Goiko postuetan diren Zumaiako, Hernani eta Derio taldeei hurrenez hurren irabazita, Anaitasuna sailkapeneko seigarren postuan da orain, Basauriko Kimuak liderragatik zortzi puntura. Datorren igandean, 16:30ean, sei puntu goitik dagoen Antiguoko taldea izango dute aurkari gorritxoek, Txerloia zelaian. 

Berdinketa liderraren etxean

Eguraldi txarrak baldintzatutako partida jokatu zuten Anaitasunako gizonek Real Union liderraren aurka, Irungo (Gipuzkoa) Gal zelaian. Gainera, hutsune garrantzitsu askorekin egin zion Anaitasunak aurre partidari; izan ere, Aimar Guembe, Oihan Etxaniz, Marcus Osamwonyi, Ander Pastrian eta Julen Odriozola jokalarien bajak izan zituen Loren Barbado entrenatzaileak liderrari aurre egiteko. 

Lehen zatian, minutu onak osatu zituen Anaitasunak. Eguraldiaren baldintzak zein ziren ikusita, etxekoen atzeko lerroaren bizkarrera min egiten saiatu zen Barbadoren taldea. Aldiz, Irungoek abagune arriskutsu bat sortu zuten Josue Goenaga atezainaren bueltan; ordea, hark bikain erantzun zuen etxekoen saiakeraren aurrean. Gorritxoek, bestalde, geldikako jokaldietan lortu zuten liderrari min egitea, baita gola egitea ere. 30. minutuan egin zuen Unai Perez atzelariak Anaitasunaren gola, Carlos Juaristiren korner erdiraketa dotorea ezin hobeto errematatuz. Antzerako beste bi jokalditan ere arriskua sortu zuten gorritxoek Irungoen atepean, eta jokaldi batean penaltia ere eskatu zuten. 

Atsedenalditik bueltan, etxekoak erasokorrago zelairatu ziren. Dena den, Anaitasunak nahikoa ondo eutsi zion Irungoen oldarraldiari. Defentsako lanean txukun aritu ziren gorritxoak, baina erasoan Real Union zirikatzea falta izan zitzaien, kontraerasoan ez baitzuen lortu etxeko taldea estutasunetan jartzerik. Saiakera bat bestearen atzetik egin eta gero, liderrek 60. minutuan egin zuten berdinketaren gola; aurrelariak gol ederra lortu zuen buelta erdia hartuta. 

Banakoaren ondoren, Anaitasuna ez zen kikildu, eta garaipenagatik borrokatu zuen; liderrarekiko aldea mozten saiatu ziren gorritxoak Gal zelaian. Etxekoen zelaian amaitu zuten partida Barbadoren gizonek, atea behin eta berriz erasotzen. Bi edo hiru korner jokaldi izan zituzten gorritxoek gola egiteko; saiakeretako batean oso gertu ere bai. Ordea, azkenean puntu bana banatu zuten Real Unionek eta Anaitasunak.

Sailkapeneko bigarren postuan jarraituko du taldeak beste aste batez (34 puntu), Real Union liderra zazpi puntura duela (41 puntu). Ordea, datozen bi jardunaldiak Txerloian jokatuko dituzte gorritxoek; hilaren 31n, 16:30ean, Debako (Gipuzkoa) Amaikak Bat taldearen aurka arituko da Anaitasuna, eta otsailak 7-8 asteburuan, Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldearen aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide