Giro bikainean osatu dute xakelari gaztetxoek Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako jardunaldia

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 25a

Eskolarteko xakelari hainbat gaurko Azkoitiko hitzorduan.

Adinaren arabera, hiru mailatan aritu dira lehian gaztetxoak gaur goizean lehian Azkoitiko Kultur Etxean. Infantiletan Alex Franco azpeitiarra nagusitu da, Kimuetan Yeray Fernandez eibartarra eta benjaminetan Luken Pascual zestoarra.

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako jardunaldia egin dute gaur Azkoitian. Adinaren arabera, hiru mailatan aritu dira lehian gaztetxoak: infantiletan, kimuetan eta benjaminetan. Giro bikaina izan da Azkoitiko Kultur Etxean, Anaitasuna-Kakute elkarteak antolatutako hitzorduan.

Infantil mailan Alex Franco azpeitiarra izan da nagusi, 4,5 puntu batuta eta Mikel Saenz eibartarra gaindituta. Maila horretan, Mikel Arriola azkoitiarra izan da bigarren, hiru puntu eskuratuta. Kimuen mailan, berriz, Yeray Fernandez eibartarra izan da nagusi (4,5 punturekin), eta haren atzetik izan dira Erik Fernandez (4 punturekin) eta Ekain Aldalur (3,5 punturekin) azkoitiarrak. Benjaminetan, berriz, Luken Pascual zestoarrak irabazi du, eta haren ostean sailkatu dira Annei Padron zarauztarra eta Aiert Agirregabiria azpeitiarra.

Taldeka, hirugarren jardunaldia

Anaitasuna-Kakute taldeko xakelariek Gipuzkoako Taldekako Txapelketako jardunaldia izan dute, halaber, asteburuan. Errenteriako taldearen aurka aritu zen preferente  mailako Azkoitiko ordezkaritza atzo, baina ezin izan zuten sailkapeneko burua mendean hartu.

Jorge Domingok, Juan Carlos Valorrek eta Alejandro Alzasek ordezkatu zuten Anaitasuna-Kakute, eta gainera, Ioritz Gajatek lehen aldiz jokatu zuen Azkoitiko taldearekin. Horiek, baina, ezin izan zuten garaipena lortu. Datorren astean Donostian arituko dira Azkoitiko xake jolakariak; izan ere, Gros C taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Anaitasuna-Kakutek.

Taldekako Txapelketan, baina bigarren mailan Mutriku izan zuen aurrez aurre Azkoitiko taldeak, eta Ion Kuendek eta Alaitz Hidalgok galdu, Gaizka Alberdik berdindu eta Xuban Garatek irabazi egin zuen. Horiek sailkapeneko azken postuan den Goierri taldea izango dute aurrez aurre datorren asteburuan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide