Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek jarraipena eman diete beren boladei. Bolada onaren aparretan, lau garaipen kateatu ditu Espainiako LF Challenge ligan Domusa Teknik ISBk; azkena, joan den zapatuan, sailkapenaren azken tokian dagoen Santfeliuenc-en kantxan (54-58). Kontrara, 2026a hasi zenetik jokatu dituenhiru partidak galdu ditu Biele ISBk Espainiako Bigarren FEB ligan; azkena, atzo, Azpeitiko kiroldegian, Moronen kontra (72-74).
Sailkapenean atzetik datorkion taldea hartu zuen atzo Iraurgiren gizonen talde nagusiak Azpeitian eta azken unera arte emozioa mantendu zuen partida gorabeheratsua bizi izan zuten kiroldegira joandako zaleek. Etxekoak erdi lo harrapatu zituen Moronek hasieran (14-21 bukatu zen lehen laurdena), baina atsedenaldirako piztu, eta bigarren laurdenean markagailuari buelta eman zion Iñigo Nuñezen taldeak: 23-12 partzialarekin, lau puntuko abantailarekin joan zen aldageletara (37-33). Baina, lehen zatian bezala, bigarrengoaren hasieran ere lanak izan zituzten Iraurgikoek, eta Moronek aurrea hartu zuen berriro markagailuan (55-57, hirugarren laurdenean 18-24 gailenduta). Eta, hara non, hirugarre laurdenean berreskuratutako abantaila erabakiorra izan zen Moronentzat: azken laurdenean hamazazpina puntu egin zituzten bi taldeek eta, horrenbestez, bi puntugatik irabazi zuten bisitariek (72-74).
Urte hasiera kaskarraren ondorioz, Mendebaldeko multzoko sailkapenean bosgarren posturaino jaitsi da Biele ISB. Datorren asteburuan ez dute jardunaldirik jokatuko Bigarren LEB ligan. Urtarrilaren 31n itzuliko da lehiara Biele ISB, Gijonen.
Laugarrena jarraian
Domusa Teknik ISBk LF Challenge ligaren azken tokian eta orain arte garaipen bakarra lortu duen taldearen kantxan jokatu zuen zapatuan. Eta, erronka handirik gabe, baina mendean hartu zuten Luis Agirre Katxi-ren emakumeek Santfeliuenc (54-58). Kataluniako hori Iraurgikoek jarraian lortutako laugarren garaipena izan da; bolada onari esker, zortzi garaipen ditu guztira Domusa Teknik ISBk eta zortzigarrena da, halaber, sailkapenean.
Sant Feliu de Llobregaten, lehen zatian eskas aritu ziren Iraurgikoak, bereziki lehen laurdenan (21-15). Bigarrenean indarrak zertxobait parekatu arren (13-11), etxekoek abantaila handitzea lortu zuten. Zortzi puntu atzetik zirela (34-26) harrapatu zuten atsedenaldia Iraurgikoek, baina indarberrituta itzuli ziren kantxara. Hirugarren laurdena 8-17 irabazita, emaitza hankaz gora jartzea lortu zuten Azkoiti-Azpeitikoek azken laurdenaren aurretik (42-43). Azken laurdena askoz parekatuagoa izan zen baina, hala ere, bisitarien aldekoa (12-15).
Datorren zapatuan, aurkari zuzen bat hartuko du Domusa Teknik ISBk Azkoitian (16:00): Unibasket.