Etxetik kanpo jokatu zuten asteburuan Anaitasuna futbol klubaren talde nagusiek, eta uzta politarekin osatu zuten jardunaldia, sei puntuetatik lau Azkoitira ekarrita.
Euskal Ligako taldeak bereganatu zuen saririk onena, Hernanin 0-1 irabazita. Urte berria hasi denetik Txerloitik urruti dabiltza Anaitasunako emakumeak, eta errenta ezinhobearekin: bi partida eta sei puntu, 2026ari ekiteko. Aurreko jardunaldian Zumaian irabazi zuten, hirugarren sailkatuaren zelaian; eta azken asteburu honetan ere sailkapenean goitik duen taldeari egin dio bisita. Eta, urrezko sei puntu horiekin 25 batuta, zazpigarren posturaino igo da Azkoitiko taldea.
Zubipen, hasi eta berehala egin zuen azkenean erabakiorra izan zen gola Iñigo Oruesagasti Orue-ren taldeak. Gogotsu eta borrokalari ekin zioten gorriek partidari, bere onenean ez zegoen zelaian. 4. minutuan, mugimendu on bati esker, atezainaren aurrean bakarrik gelditu eta ez zuen aukera alferrik galdu Kalarek, 0-1ekoa egiteko. Zelaian ondo kokatuta, ezusteko kolpeari erantzun nahi zioten etxekoei ondo eutsi zien Anaitasunak lehen zatiaren tarte zabalenean. Hernanik lortu zuen azkenean Azkoitikoei min egitea, eta bospasei korner izan zituen jarraian, arriskua sortzeko, baina emaitzarik gabe.
Bigarren zatian, erasora irten ziren etxekoak, eta kontraerasoan min egiten ahalegindu zen Anaitasuna. Zelai erdiko jokoa nagusi zela, defentsa lanean ondo moldatu ziren Orueren taldekoak. Markagailuan zuloa irekitzeko aukera ona ere izan zuten 80. minutuan, baina ez zuten asmatu eta, halakoetan gertatu ohi denez, neurketaren azken txanpa luzea egin zitzaien gorriei. Sufrimenduak, ordea, merezi izan zuen.
Datorren zapatuan jokatuko du 2026ko etxeko lehen partida Euskal Ligako taldeak: 16:30ean, Derio hartuko du Txerloian, puntu bat gehiagorekin postu bat gorago duen taldea.
Borrokatutako puntua
Ohorezko Erregional Mailan ere partida gogorra, parekatua eta borrokatua jokatzea egokitu zitzaion Anaitasunari, eta Mondragonen gola Azkoitikoak markagailuan abantailarekin ibili ondoren iritsi bazen ere, ontzat emateko moduko puntuarekin itzuli ziren etxera Loren Barbadoren gizonak.
Neurketa parekatuaren barruan, Anaitasuna hobeto aritu zen lehen zatian, eta nagusitasunaren saria jaso zuen, atsedenaldira 0-1 iritsi baitziren; partida hasi eta ordu erdira egin zuen gola Hichamek. Bigarren zatian, etxekoek pauso bat aurrera eman zuten, eta hasi eta berehala, berdinketaren gola egiteko aukera argi bat izan zuten. Sustoa gaindituta, Mondragonen oldarraldiari tinko eutsi zioten gorriek minutu luzez, nahi bai baina ezinean eta minik egin gabe jarraitzen zuen taldearen kontra. Partidaren azken ordu laurdenean sartu berritan, ordea, jokaldi ustez inozo batean, iritsi zen berdinketaren gola etxekoentzat. Hortik aurrera, eta bigarrena egiteko aukeraren bat sortu arren, ordura arte ez bezala estutu zuen Mondragonek Anaitasuna. Ez batzuk, ez besteak, ez ziren izan beste golik egiteko gai, eta berdinketarekin gustura bukatu zuten Barbadorenek.
33 punturekin, sailkapenaren bigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak; atzetik datorzkion taldeak gerturatu, eta berriro zazpi puntura ihes egin dio Real Union B liderrak. Hain zuzen ere, sailkapenaren lehen bi tokietan dauden taldeek elkarren kontra jokatuko dute datorren jardunaldian: Irunen jokatuko du Anaitasunak, igandean, 16:00etan. Ikusteko dago Arrasaten min hartu zuen Ander Pastriain Galen jokatzeko moduan izango den.