Urteko lehen Isilune Zirkulua egin dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 16a

Hainbat herritar atzo Kontzejupean.

Mundua guztiona da, ez gutxi batzuena lelopean elkartu ziren atzokoan Kontzejupean, eta ordu laurdenez egin zuten aldarrikapen ekintza. Hara joandakoek "oso arduratuta" daudela adierazi zuten, munduko agintari batzuek "justiziaren sena eta balioen oinarria" galdu dituztelako. 

Isilune Zirkulua egin zuten atzo hainbat lagunek Kontzejupean. Mundua guztiona da, ez gutxi batzuena lelopean elkartu ziren atzokoan, eta ordu laurdenez egin zuten aldarrikapen ekintza. Hain zuzen ere, hainbat gizarte arazo gaitzetsi eta horien aurrean elkartasuna adierazteko baliatzen dute hileko hirugarren ostiraleko hitzordua.

Atzoko elkarretaratzea Sahararen, Loiolako migratzaileen nahiz Palestinaren aldeko taldeek eta Parrokiako taldeak antolatu zuten, eta haiek salatu dutenez, "oso arduratuta" daude munduko agintari batzuek "justiziaren sena eta balioen oinarria" galdu dituztelako.

Haiek inperialismoaren aurrean geldirik ez geratzeko eta balioak aldarrikatzeko deia egin dute. "Gure presentziak adierazten du ezin dugula onartu indarkeria, zapalkuntza eta bidegabekeria normalizatzea. 
Giza eskubideak ez dira pribilegioak, unibertsalak baizik. Inor ez da pertsonen ez herrien jaun eta jabe. Ezin dira indarkeriaz imposatu ez ideologiak edo interes ekonomikoak".

Isilune Zirkuluak konpromisoa adierazten duela ere esan dute, "memoria ez galtzekoa, begirada ez alboratzekoa eta duintasuna ez galtzekoa". Halaber, balioak aldarrikatu dituzte: justizia, berdintasuna eta bakea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide