Urrategi auzoan ur hornidura hodiak instalatzen hasi dira

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 16a

Beharginak ur hornidura sareko lanak egiten.

Etxeberri baserriaren inguruko eremua sareko urez horni dadin, Etxeberri eta Txomingorri baserriak lotuko ditu 620 metroko polietilenozko eroanbide batek. Zazpi aste iraungo dute lanek. 

Urrategi auzoko ur hornidura hodiak instalatzen hasi da Gipuzkoako Urak aste honetan, Etxeberri baserriaren inguruko eremua sareko urez horni dadin. Hain zuzen, obra horien bidez Etxeberri eta Txomingorri baserriak lotuko ditu 620 metroko polietilenozko eroanbide batek. 

Udalak azaldu duenez, Oñartxoko depositutik Txomingorriraino hornitzen duen ur sarea orain dela gutxi berritu da, eta modu horretara, tratatutako urak hornituko du zonaldea. Horren helburua da ur sarea zabaltzea eta Urrategiko hornidura ur tratatuarekin osatzea. 

Hondatuta edo zaharkituta geratu diren ur instalazioak berritzea helburu duen Azkoitiko Udalaren eta Gipuzkoako Uraken hitzarmenaren barruan ari dira lanak gauzatzen. Erakundearen arabera, zazpi aste inguru iraungo dute aste honetan hasi dituzten lanek, eta 69.759 euroko aurrekontua dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide