Bizilore eskolak antolatuta, Odei Arregi ipuin kontalari azkoitiarrak Kamaleoiaren azala ipuina kontatu zuen atzo, asteartea, herriko plazako Portaleburu erakusketa aretoan. Dozenaka lagun elkartu zen Arregiren kontakizuna bertatik bertara jarraitzeko, tartean haurrak eta horien gurasoak nahiz aiton-amonak.
Kamaleoiaren azala ipuinak identitateari eta aldaketari buruzko galderak planteatzen ditu, modu poetiko eta jostarian. Kamaleoiaren irudiaren bidez, kolorea aldatzeak, itxura eraldatzeak edo kanpoko elementuak gehitzeak norbera izateari uzten ote dion galdetzen du azkoitiarraren kontakizunak. Kanpotik barrura begiratuz eta barrukoa kanpora ateraz egindako ibilbide baten bidez, ikus-entzuleak hausnarketara gonbidatu zituen atzo Arregik.
Altamira auzoko Bizilore eskolaren hamargarren urteurreneko ospakizunen barruan aritu zen Arregi Portaleburun. Bihar, osteguna, Xabier Iturralde ikertzaileak (Huhezi) Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia eskainiko du Portaleburuan, 18:00etan hasita. Igandean, berriz, urteurrena ospatzeko eguna dute Biziloren. Hona hemen egitaraua:
Igandera bitartean:
- Bizilore, 10 urte ametsak egi bihurtuz erakusketa, Portaleburu aretoan. Astelehenetik ostiralera, 17:00etik 20:00etara, eta asteburuan, 11:00etatik 14:00etara nahiz 17:00etatik 20:00etara.
Bihar, osteguna:
- 18:00. Xabier Iturralde ikertzailearen eskutik (Huhezi), Adimen artifizial sortzailea eta hezkuntza hitzaldia, Portaleburu aretoan.
Urtarrilak 18, igandea:
- 11:00. Bizijolas deituriko jolasak, Berdura Plazan.
- 11:00. Bisita gidatua Bizilore eskolara; izena eman behar da aurrez.
- 13:30. Trikipoteoa, herriko kaleetan zehar.
- Ondoren. Eskolako kideen eta proiektuaren laguntzaileen arteko bazkaria.