Giroa berotu du Errege Magoen kabalkadak, eta herritarren ilusioa piztu

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 5a

Emozioz betetako kabalkadak hartu ditu iluntzean herriko txokoak, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek ehunka herritar erakarri baititu beste urte batez. Hotzari aurre eginez, haurrek zein helduek ongietorri beroa egin diete hiru lagunei, eta eztarria urratzeraino oihu eginez eskatu dizkiete opariak. Herrigunera ez ezik, Elosura ere joan dira Errege Magoak. 

Aurretik duten gau magiko bezain hotz eta luzeari aurre egiteko, herritar andanaren harrera beroa jaso dute gaur iluntzean Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek. Zaldi gainean iritsi dira hiru protagonistak Azkoitira, eta 19:30ean Santa Klarako komentutik hasi dute horiek ordubete baino gehiagoz luzatu den kabalkada. Dena den, behin Balda plazara iritsi direnean izan dute haiek aurrez aurre herritar multzo handia. Ordutik, goraino betetako kaleak zeharkatu dituzte, irudi bera errepikatu da segidako desfile osoan. Ohiko moduan, ez dira falta izan herritarrei banatutako gozokiak, ezta haiek gogoz egindako "ekarriko" oihuak ere. Askok eztarria urratzeraino eskatu dizkiete desiratutako opariak hiru Errege Magoei, bihar goizean jasotzeko esperoan. 

Errege Magoen pajeek arratsaldean herritarren eskutitzak jaso ostean, urteroko ibilbidea izan du erregeen kabalkadak iluntzean: Santa Klara komentutik aterata, Balda plazan egin dute lehen geldialdia, eta handik Plazaberri zeharkatu dute ehunka herritar lekuko zirela. Eliz ataritik barrena, plazara jo dute Errege Magoek, eta han Herodesen jauregiarekin topo egin dute. Hark udaletxera igotzeko baimena emanda, hango balkoira atera dira hirurak, eta herritarrak agurtzerako unea izan da bereziena, herritarren erantzunik beroena jaso baitute protagonistek plazan. 

Udaletxea utzi, eta ibilbidearen azken zatia egin dute gero: Kale Nagusian gora jo, eta San Martin zein Ibaiondo kaleak igaro dituzte, eta parrokia atarian egin dute amaierako geldialdia. Ohiko moduan, Jesus haurra gurtzeko tartea hartu dute han Errege Magoek, eta urrea, mirra eta intentsua eskaini dizkiote hari. "Ekarriko" azken oihu ozenekin amaitu dute aurtengo kabalkada.

Herrigunera ez ezik, eguzkia ezkutatzearekin batera iritsi dira Elosua auzora ere Errege Magoak. Haurrek zein helduek harrera beroa egin diete han ere, eta auzotarren eskutitzak jasotzeko tartea ere hartu dute. 

(Argazkiak: Ane Olaizola eta Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide