Udazken goiz batean
Euskal Herriko lurra emankorra da mikologiari dagokionez; izan ere, estimatzen da 3.000 perretxiko espezie baino gehiago daudela herrialde osoan, jangarriak eta pozoitsuak. Klimaren eraginez, leku batzuk besteak baino aberatsagoak dira perretxikoentzako, hezetasunak eta tenperaturak zuzenean eragiten baitute horiek sortzeko orduan. Perretxikorik nahi duenak Azkoitiko parajeetan ere izango du abagunerik; udazkeneko goiz arrunt batean, pago, orbel eta ote artean egindako mendi buelta baten emaitza da argazki erreportaje hau.

Aranbarri, anfitrioi
Fernando Aranbarrirekin egin du Gukak perretxikoetara joateko hitzordua. Beste asko bezala, perretxiko zalea da azkoitiarra, eta aspalditik du ohikoa mendian buelta bat eginez horien bila ibiltzea. Era berean, beste askok bezala, nahiago du isilpean gorde horretan aritzen den eremuaren kokapena, baina jakinarazi du herrira mugatzen dela bere jarduna. Azaldu duenez, umetan afizionatu zen mikologiara, zaletasun bera zuten anaia zaharrei segika. Gerora, liburuetan jasotakoarekin osatu du horien gainean duen informazioa.

Beharrezko materiala, aurrena
Perretxikoetara joateko ezinbestekoa da beharrezko materiala soinean eramatea. Leku malkartsuetan ibiltzeko oinetako aproposak eta makilak ez ezik, otarrea, lurra kentzeko eskuila eta labana oinarrizko tresnak dira perretxikoak biltzeko. Plastikozko poltsak alboratu eta saskiak lehenestea gomendatzen da, hainbat arrazoigatik: batetik, fruitu gorputz horiek erraz hondatzen dira, eta haizeztatuta eduki behar dira; bestetik, barreiatzen dituzten esporen bidez ugaltzen dira, eta aireztatuta egoteak lagundu egiten du horretan.

Arrunta, baina preziatua
Ziza horia oso arrunta da inguruotan; pagadietan eta hariztietan ateratzen da, batez ere. Hostozabalen basoetan eta koniferoetan hazten da udazkenean eta udaberrian, eta txapel horia duelako eta haren azpian tolesturak dituelako desberdintzen da. Jangarria da; are, preziatua da bere zapore afrutatuagatik.

Lanpernak, itsasertzean bakarrik ez
Herri hizkeran 'lanpernak' deitzen bazaie ere, galanperna da horien izen zuzena, eta ez dira nahastu behar berez lanperna diren onddoekin. Lanpernak toxikoak dira, eta galanperna –argazkikoa–, jangarria ez ezik, primerakoa da sukaldaritzan. Euri asko egin ondoren, larreetan hazten da arrautza formako txapel grisa duen perretxikoa.

Zuhaitzetatik ere bai
Lurzoruan ez ezik, zuhaitzen enborretan edo adarretan ere sor daitezke onddoak, besteak beste, argazkian agertzen den ardagaiak erakusten duen moduan. Ihartzen hasita dagoen pagotik ateratako ostra formako ale horrek sukaldaritzan baino tradizio handiagoa izan du gizartearen bizimoduan: izan ere, sua egiteko balio du, eta duela hamarkada batzuk sua pizteko zein sua leku batetik bestera eramateko erabiltzen zuten, batez ere baserrietara. Aranbarrik ere gogoan du gaztetan kaxetan sartuta eramaten zutela ardagaia, hura saldu eta bueltan sos batzuk jasotzeko. Aste Santuan, berriz, bedeinkatu egiten zuten elizan.

Uste baino jangarri gehiago
Aranbarriren hitzetan, espezie "gutxi batzuk" soilik jateko ohitura dago gizartean, baina uste baino gehiago dira jangarriak, eta bati baino gehiagori harrigarria iruditu dakiokeen arren, eta sukaldean baliorik ez baldin badu ere, usain higuingarria duen eta hauts beltza darion astaputza ere jan daiteke alea gaztea denean.

... baina ez guztiak
Mikologiaren magiak liluratzen duenak oinarrizkoa du espezie bakoitzaren informazioa izatea, batez ere sukaldaritzarako erabiltzen baldin badu. Guztiak ez dira jangarriak, batzuk pozoitsuak dira, eta hilgarriak ere izan daitezke. Kontsumitu behar ez den espezie ezagunena da irudikoa: amanita muscaria edo kuleto faltsua. Literatura klasikoak hamaika bider jasota, tanta zuridun txapel gorri itxurako perretxikoa nahastu ezinezkoa da, ez begietara soilik, janez gero, haluzinogenoa delako.


Errege-erreginak, 'in memoriam'
Ezbairik gabe, udazkeneko loreen artean onddo zuriak eta gibelurdinak dira errege-erreginak, bakarrak ez diren arren. Kolore adina gustu egonda ere, pareko gutxi dute horiek, usain atsegina eta zapore gozoa izanda, zaleek oso maiteak baitituzte. Hariztietan eta pagadietan aurki daitezke, baina ez beti, eta horregatik dira sekretu perretxiko zaleen altxor eremuak. Aranbarrik eta kazetariak ez dute zorterik izan mendira jotako saiakera horretan, baina erreportaje honetan bederen, ezin zuten hutsik egin.
Esku hutsik, baina aberats
Altxorrak ez dira begi bistan egoten, eta horregatik dira altxor. Saiakerak eginda ere, perretxikozalea ia beti itzuliko da nahi baino perretxiko gutxiagorekin etxera; eta maiz, esku hutsik ere bai. Aranbarrik azaldu duenez, aurtengoa sekulako urte txarra ari da izaten, "apenas" baitago ezer; "ez onik, ez txarrik". Perretxiko ale bakar bat jaso gabe ere, ordea, inoiz ez da alferrikako buelta izaten saiatu denarentzat. "Isiltasuna entzuten" eta naturak ematen duen aberastasunaz gozatzen probes dezake hark mendian igaro duen denbora, eta ez da gutxi.

Onena, platerekoa
Perretxikoak, zizak zein onddoak biltzeak satisfakzio handia eragiten du, saria paregabea delako. Basoan hasitako lanak etxean jarraitzen du, mendian hartu diren aleak ondo garbitu ondoren, kozinatzeko garaia iristen baita. Perretxiko espezie adina sukaldatzeko modu daudela jakitun, usain zein zapore festak hartzen du sukaldea, eta orduan dudarik ez da: perretxikorik onena, platera gainean dagoena.